Sustatu logoa Teknologia albisteak

Ez egin kasurik erakunde publikoen webguneetako ohar legal debekuzaleei

Sustatu
2011-02-14 10:02

Zenbait erakunde publikok Copyright lizentzia itxiak eta ohar legal zurrunak jartzen dizkiote bere webguneei. Obamaren Gobernua, Eusko Jaurlaritza edo Gipuzkoako Foru Aldundia Creative Commons lizentziaren aldeko apustua egiten ari diren garaiotan, desobedientzia praktikatu behar dugu guztiona dena libre eta doan erabiliz.

Azken urteotan webgune publikoetako edukiak eta informazioa askatzeko joera dago. Adibide argiak dira, adibidez:

Hiru horiek Creative Commons lizentzia desberdinekin argitaratzen dira (aitortu, aitortu-partekatu berdin). Baina beste erakunde publiko askok kontrakoa egiten dute.

Bilboko Udalak edo Eibarko udalaren Egoibarra.com webguneak, esate baterako, Copyright baldintza absurduak dituzte. Zera dio bigarren horren ohar legalak:

Webgune honetan dagoen informazioa ezin da inon erregistratu eta bertan agertzen diren argazkiak zein idatziak ezin dira informazioa batzeko sistema batean jaso; inongo modutan eta inongo formatan.

Hain da itxia ohar hori, Googlen irudiak edo testuak agertze hutsa ulertu daitekeela ohar lege horren urraketa gisa.

Erabili ditzagun dokumentu publikoak

Erakunde publikoek argitaratzen dituzten dokumentuak guztion diruarekin egindakoak dira. Ulertzen da, gainera, dibulgazio asmoarekin argitaratzen direla. Hortaz, ez dirudi zentzu handirik duenik denok ordaindutako eta zabaltzeko asmoarekin argitaratutako zerbaiti halako hesiak ezartzea.

Sustaturen lizentzia eta eskubideen gaineko politikak zera dio, dokumentazio publikoaren egile-eskubideei buruz:

Dokumentazio publikoa egile-eskubide eta lizentzia desberdinen menpean egon daiteke. Hala ere, uste dugu zilegia dela eta ez dela legerik hausten horrelako lanak argitaratzen, eta sinesten dugu gainera zerbitzu publikoa eskaintzen dela hori egitean. Herri-administrazioen lanak, bereziki Euskal Herriko herri-administrazioenak, honela tratatzeko borondatea daukagu. Adibidez, albiste honetan zenbait dokumentu publikotatik kopiatu dira testuak.

Paragrafo horretatik bi puntu azpimarratuko genituzke, laburbiltzeko:

  • Uste dugu zilegia dela
  • Sinesten dugu gainera zerbitzu publikoa eskaintzen dela

Beraz, erakunde publikoen ohar legal itxi horien aurrean desobedientzia praktikatzea zilegia izateaz gain, erakundeari bere helburua betetzen laguntzen zaio.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu