Teknologia albisteak
1

Who killed the electric car?

Erabiltzailearen aurpegia
GAZTEZULO aldizkaria
2011-01-16 : 09:01

Frantzian ez da giro auto elektrikoarekin lotutako ustezko espiotza kasua dela eta. Renaultek enpresako hiru goi kargu zigortu ditu, auto etxea garatzen ari den auto elektrikoari buruzko informazioa zabaldu dutelakoan. Auto elektrikoaren gaiak soka luzea izango du ziurraski.

Pixka bat arakatuz gero, ikus dezakegu beste garai eta herrialde batzuetan izan dela zurrunbiloan auto elektrikoa.

Lehendabiziko auto elektrikoak XIX. mendean sortu zituzten, eta 1840 urtearen bueltan Robert Anderson eskoziarrak lehenengoa egin zuen. XX. mendearen hasieran, AEBetan Anthony Electricek, Bakerrek, Detroitek, Studebakerrek eta beste zenbait autoegilek zabaldu zituzten kotxe elektrikoak. XX. mendearen 30ko hamarkadan, ordea, gasolinaren eraginez mugitzen ziren motorrak nagusitu ziren, besteak beste Henry Fordek indarrean jarritako kate ekoizpenak asko merkatu zituelako. Horren ondorioz, auto elektrikoak bazterrean geratu ziren.

Who killed the electric car? (Zeinek hil zuen auto elektrikoa?) dokumentalak AEBetan azken bi hamarkadetan auto elektrikoa ostera ere bultzatzeko ahaleginek zergatik egin zuten porrot azaltzen du. Petrolio konpainia handien, George Bush buru zuen Gobernuaren eta auto etxeen beraien azpijokoengatik. Petrolio konpainiek, esaterako, ez zuten euren nagusitasuna galdu nahi. Eta auto etxe batzuk kotxe elektrikoa garatzen ari baziren ere, konturatu ziren lan hori euren mozkinak handitzeko traba izan zitekeela, motor elektrikoek gehiago irauten dutelako. 

Auto elektrikoari buruzko artikulua dago irakurgai urtarrileko GAZTEZULOn

Erantzunak

lugaritz
2011-01-17 : 00:42

Nire ustez, garrantzi gutxikoa da kotxeak elektrikoak izan daitezkeen, edo hidrogenoarekin ibil daitezkeen, edo gaur egun bezala jarraitu dezaketen (azken aukera honek etorkizun eskasa du, petrolioak etengabe egingo du gora datozen urteetan "peak oil"-en eraginez eta gasolina eta gasolioa oso garestiak izango dira). Kontua da autoekiko menpekotasuna dugula, eta ez da batere ona. Garraio publikoa da bultzatu behar dena, eta ezin dugu kotxeak gurtzen jarraitu.

Erantzun

Sartu