Sustatu logoa Teknologia albisteak

ebizi: euskarazko webguneen rankina

Euskaraz interneten zer ikusten dugun hobeto ezagutzeko asmoz ebizi proiektua sortu da. Bertan, nabigatzaileek euskaraz gehien ikusten diren webguneak zeintzuk diren jakin dezakete.

Orain arte ez da gure hizkuntzan dauden webguneen rankinik egon. Cybereuskadi izan zen horrelako rankin bat egin zuen lehena baina hor gaztelera hutsezkoak ere agertzen dira eta ebizin ez.

Rankina egiteko ez da irizpide bakar bat erabili, hiru baizik: Alexa, Page-Rank eta nabigatzaileen bozketak. Alexan gaur egun interneteko webguneen rankin nagusiaren informazioa hartu dugu. Horri Googlek bilaketak ordenatzeko daukan beste irizpide bat gehitu zaio: Page-Rank.

Azkenik, Web 2.0 garai honetan, nola ez, jendearen parte hartzea ere bideratu da, eta bozketen bidez euren iritzia jaso da. Indarrean egon den epe honetan, guztira, 1.200 bozketa inguru jaso dira.

Hiru sistema hauek uztartuz, ebizik rankina osatu du. Berau ikusteko bi era daude: rankin nagusia ala arlokako rankina. Arlokakoan 12 mota bereizi dira eta bataz beste 35 webgune ikus daiteke bakoitzean: Kultura, Kirolak, Instituzioak, Enpresak, Hezkuntza, Aisia-Bidaiak, Hedabideak, Zerbitzuak, Euskara, Politika, Gizartea eta Teknologia.

Zerrenda hau eguneratu egiten da eta, bestetik, erabiltzaileek hemen ez dagoen beste webguneren bat ezagutuz gero horri buruzko informazioa bidal dezakete.

Zerrenda osatzeko hartu den irizpidea euskaraz egotea izan da. Beraz, badaude Euskal Herriko webguneak ez diren batzuk, kanpokoak edo nazioartekoak, baina horiek euskaraz ere badaude, Wikipedia eta Indymedia esaterako.

Bestetik, esan behar da beste rankinetan ez bezala Alexaren rankinerako domeinu bereko webgune guztiek balore berdina dutela, beraz, euskarazko wikipediarako azaltzen den balorea, Wikipediaren balore orokorra da eta gauza bera gertatzen da Indymediarekin edo domeinu beraren azpian ostatzen diren webgune ezberdinekin.

ebizi rankina Mikoleta Euskara Elkartearen eta Bitarlan enpresaren artean garatutako proiektua da.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu