Teknologia albisteak
4

Sakoneta (21): Bidezidor batetik doaz, Markel aurretik, motxila handia bizkarrean, eta Martina atzetik

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-09 : 10:01

uzt. 2 15:40

Bidezidor batetik doaz, Markel aurretik, motxila handia bizkarrean, eta Martina atzetik, begi parean ateratzen zaizkion sasiak eta hanka artean katigatzen zaizkion laharrak baztertzeko ahalegin etsian.

–Asko falta al da? –galdetu du arnasestuka.

–Beste pixka bat.

Atzera begiratu gabe erantzun du Markelek, bidea ixten duten adarrei eta abarrei jaramonik egin gabe ia; handik puska batera, ordea, bere martxa eten eta, bakarrik doala ohartuta, atzera egin du, neskaren bila.

–Barkatu, erori egin naiz –esan du Martinak

Motxila lurrean utzi eta kazetariarengana makurtu da Markel.

–Min hartu duzu? Laguntza behar duzu?
–Ez, estropezu bat izan da. Altxatzeko moduan nago.

Altxatzen hasi eta Markelek lagundu dio. Beren azalen lehen kontaktua izan da. Kontaktu laburra, jaiki bezain laster bereizi baitira beren eskuak.

–Eskerrik asko.
–Ez zaude mendian ibiltzen ohituta, ezta?
–Oihan tropikala ematen du honek. Hainbeste sasi eta...
–Mendiak ez du dirurik ematen, eta baserritarrek ezin eduki bazterrak lehen bezain garbi.

Motxila berriz ere bizkarrean kokatu eta aurrera doa Markel, hizpidea ere gustukoa topatuta.

–Baina ez pentsa hau txarra denik. Natura otzandua nahi izaten dugu guk, mendira 4x4 batean igo eta han merendero bat aurkitu, mahaiak prestatuta eta zaborrontziak ere bai, geure hondakinak kontzientzia garbiarekin utzi ahal izateko bertan. Baina izadia basatia da berez, horregatik du basoak bere izena, eta gure jarduera suntsitzailea atertzen denean, bere lurrak bereganatzen ditu azkar asko. Baserritar batzuk kexatu egiten dira, basurdeak ugaldu direla-eta, eta ehizaldiak antolatu nahi izaten dituzte, ahalik eta gehienak akabatzeko. Baina basurdeak ez du ia kalterik egiten, noizean behin baratze batean sartu, besterik ez. Ehiza beharrik ere ez litzateke izango otsoari libre bizitzen utziko bagenio, otsoa basurdearen harrapari naturala denez gero, baina noski, otsoa ikusi ere ez dute egin nahi artzainek, ardiei erasotzen diela eta. Baina ez al da hori dena ederragoa? Mila izaki, denak bizirik eta borrokan, elkar mugatzen eta baita elkar jaten ere. Guk, berriz, zer egiten dugu? Disneyren natura edulkoratu bat asmatu, non animalia guztiak adiskidetasun gozoan bizi diren, eta aldi berean natura erreala izorratu eta mila txiki egin. Ez al da amorragarria?

Markelek gibelera begiratu du, bere diskurtsoaren feedback faltaz kezkaturik-edo, eta puska bat atzera egin behar izan du Martina ikusteko, ilean katigaturiko sasiak nola askatu ernegatuta, negarrez hasteko zorian eta hortz artean madarikazioka: kaka zaharra!


Erantzunak

Julen
2011-01-10 : 11:51

begi parean ateratzen zaizkion sasiak eta hanka artean katigatzen zaizkion laharrak

Uste nuen sasiren sinonimoa zela lahar; zein da diferentzia?

xme
2011-01-10 : 18:05

lahar guztiak omen dira sasi, baina ez sasi guztiak lahar.

xme
2011-01-10 : 18:09

Bide batez, atal honetako akats bat zuzentzeko aprobetxatu nahi nuke. Hala dio orain:



"Ehiza beharrik ere ez litzateke izango otsoari libre bizitzen utziko bagenio, otsoa basurdearen harrapari ardiei erasotzen diela eta"



Lerro bat dugu bidean. Hala beharko luke:



"Ehiza beharrik ere ez litzateke izango otsoari libre bizitzen utziko bagenio, otsoa basurdearen harrapari naturala denez gero, baina noski, otsoa ikusi ere ez dute egin nahi artzainek, ardiei erasotzen diela eta"

Sustatu
2011-01-10 : 18:51

Egin dugu zuzenketa, Xabier.

Erantzun

Sartu