Sakoneta (13): "Ba ni hemengoa naiz"
2011-01-01 10:01
Zuri ez zaizu izena asko gustatzen.
Ez da gustatzea edo ez gustatzea. Nola esango nuke... pentsaera kolonizatzaile bat adierazten du kontzeptuak. Hegoamerikarra izanda, zuk ondo jakin behar zenuke zer den kolonizazioa.
Andrék isilik jarraitu du, adi dagoela erakutsiz.
Hiriburuko burgesak, metropoliko ohiturak eta bizimoduak bereganatu dituenez, goitik behera begiratzen dio indigenari, baserritarrari, indioari. Gutxiago iruditzen zaio, gizajo bat, koitadu bat. Lan egiteko besterik balio ez duena. Klase agintariaren ikuspegia da hasieran, erdi arrazista erdi klasista, baina gero gizarteko beste maila guztiek ere bereganatzen dutena, baita jatorriz indioak direnek ere.
Eta zu jatorrizko indio horietako bat zara.
Nolabait ere, bai. Indio desklasatua.
Anttonek, oraingoan, ezin izan dio irriari eutsi, irri mingotsa atera zaio baina, hotsik gabea. Gero, serio jarraitu du:
Gero, berriz, abertzaletasunarekin, bertakoak nolabaiteko balioa bereganatu zuen. Prestigio antzeko bat. Baina faltsua. Hemengo abertzaletasuna, Ameriketan bezala, kriolloen kontua izan baitzen, eta mestizo batzuena ere bai. Benetako indigena kezka horretatik kanpo bizi izan da, nahiko lan zuen bizimodua aurrera ateratzea. Eta indigena horri iritzirik eskatu gabe, haren jatortasuna goratzen da atzerritarraren aurrean, baina gero, benetan, barre egiten zaio. Hori da Euskadi sakona.
Ulertu dut. Baina nik uste nuen inguruotan inon baino abertzaleagoak zirela, ezta?
Orain edozer gauza. Astakilo hutsak direnez, beste inor baino jatorrago eta erradikalago izan nahi dute. Eta garaitik kanpoko kirten batzuk izatea besterik ez dute lortzen.
Orain zu ari zara metropoliko pentsaerarekin hitz egiten.
Esan dizut, deskastatu hutsa naiz.
Horregatik joan zinen hemendik?
Horregatik edo. Nork ez du alde egin nahi herri kaka hauetatik? Jakin-min pixka bat baldin baduzu, ikasteko, mundua ikusteko, jendea ezagutzeko, halako zulo batean ito egiten zara. Zuri ez zaizu berdin gertatzen?
Edozein lekutan berdin-berdin itotzen naiz ni.
Erantzunak kargatzen...