Sakoneta (10): "Leku batetik bestera azkarrago joango garela saltzen digute"
2010-12-29 10:12
Segun gauzak nola neurtzen dituzun. Geltoki batetik bestera iristeko denbora bai, laburragoa izango da. Ez orain baino askoz gehiago ere. Ordu laurden inguru, gutxi gorabehera. Baina geltoki bakarra dago probintzia bakoitzean, eta tarteko herrietan bizi direnek zer egin behar dute? Aurrena bere kotxea hartu eta hiriburuko geltokira joan, han aparkatu eta trena hartzeko? Horretarako hobe zuzenean kotxez joatea, eta horixe egingo du jendeak. Kontuan hartu behar da hiriburutik hiribururako bidaietarako bakarrik balio duela tren azkar horrek, eta horiek, gure herrian egiten diren ibilbide guztietatik zati txiki-txiki bat bakarrik osatzen dutela. Horien artean ere, ikusteko dago zenbateraino izango den trena autoaren alternatiba erreala, ze, aurrena, geltoki horretaraino iritsi egin behar da, eta horretarako beste ibilgailuren bat beharko dute gehien-gehienek. Eta irislekura heldutakoan ere, auskalo geltokia guk joan nahi dugun lekutik hurbil ala urruti dagoen.
Hortaz, zer irabazten da AHT eginda?
Gehienok ezer ez. Dirua jarri beharko du jendeak, beste lehentasun batzuk alde batera utziko dira, dela hezkuntzan dela osasunean, tren azkarrak eskatzen duen aurrekontu itzela dela eta. Eta ingurunearen egundoko kaltea jasango dugu, hori dirutan baloratzeko ohiturarik ez daukagun arren. Hala ere, badira horrekin guztiarekin irabazten ateratzen direnak ere.
Pi-pi-pi-pi. Mugikor bat joka hasi da. Berea dela ohartu da gizon betaurrekoduna, eta barkatzeko keinua egin dio eskuekin aurrean duen kazetari emakumezko gazteari.
Bai, esan... Bai... Zer?... Ostras... Bai, bai, bai, bai.... Eta zer...? Ya, ya... Ba, zerbait egin behar da, ez?... Ya, ya... Ba nik ere horixe egingo nuke... Bai, bai... Ba, oraintxe bertan... Jendeari deitzen hasi eta... Bai, bai... Bale, ados... Ba, bertan ikusiko gara hortaz... Gero arte, bai.
Elkarrizketaren segidaren zain dirudi kazetari gazteak, baina telefonoa sakelan sartzeaz batera desenkusatu da gizona.
Barkatu baina kristoren mobida gertatu da. Joan beharra daukat.
Erantzunak kargatzen...