Jokin Zaitegi beka deitu du AEDk Vargas Llosa itzultzeko
Arrasateko AED elkarteak XXIV. Jokin Zaitegi itzulpen sariketa deitu du Elkar argitaletxearen laguntzarekin eta Kutxaren babesarekin. Lankidetza horri esker aurtengo Literaturako Nobel saridunaren, Mario Vargas Llosa peruarraren, Pantaleón y las visitadoras eleberria euskarara ekartzea izango du helburu bekak.
Arrasateko AED Elkarteak duela 24 urte sortu zuen Jokin Zaitegi itzulpen sariketa, Arrasaten jaio eta zendu zen kulturgile handiaren omenez. 2002 urtean sariketak jauzi kualitatibo garrantzitsua eman zuen, Elkar argitaletxearen laguntzarekin, Literaturako Nobel saridunen lanak euskarara ekartzeko beka bihurtuz.
Arestian esan bezala, aurtengo bekaren helburua Vargas Llosaren Pantaleón y las visitadoras eleberria itzularaztea da eta liburu hori euskaratzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonor izan daiteke hautagai. Horretarako, obraren lehenengo orriak euskaratu beharko ditu, eta egindako lan horrexen lau kopia bidali AED Elkartearen egoitzara (Pablo Uranga 4 behea, 20500 Arrasate).
Epaimahaia Fernando Reyk, Koro Navarrok eta Karlos Zabalak osatutako dute eta 2011ko urtarrilaren amaiera baino lehen jakinaraziko du zeinek eramango duen 6.000 euroko beka.
Oinarri guztiak eta itzuli beharreko lagina ikusteko, hemen.
AED, Elkar eta Kutxaren arteko lankidetza honen emaitza izan dira euskal irakurleek azkeneko urteotan gozatu ahal izango ditugun honako lan hauek ere:
- 2002 Imre Kertesz: Zoririk ez. Itzultzailea: Urtzi Urrutikoetxea
- 2003 J.M. Coetzee: Lotsaizuna. Itzultzailea: Oskar Arana
- 2004 Elfriede Jelinek. Itzulpen saria hutsik utzi zen
- 2005 Harold Pinter: Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk. Itzultzailea: Iñigo Errasti
- 2006 Orhan Pamuk: Elurra. Itzultzailea: Monika Etxebarria / Fernando Rey
- 2007 Doris Lessing: Belarra kantari. Itzultzailea: Koro Navarro
- 2008 J.M.G. Le Clézio: Basamortua. Itzultzailea: Luis Berrizbeitia
- 2009 Herta Müller: Arnasaren kulunka. Itzultzailea: Ibon Uribarri (datorren astean kaleratuko dena)
Harremanetarako:
aed@aedelkartea.com 943771228
Erantzunak kargatzen...