Teknologia albisteak
6

Tituluak, diruak eta gaitasunak: D eredutik, EGA homologaziora

Erabiltzailearen aurpegia
Benito Fiz, Karrajua
2010-11-18 : 10:11

Gaurko [atzo-herenegungo] albistea izan da, EAEn D ereduan ikasi dutenei EGA/3. maila/C1 homologatuko zaie berez, ez dute azterketarik egin beharko titulua akreditatzeko alegia. EAEko gobernuaren asmoa da hori behintzat, 2012tik aurrera indarrean jartzea. Harridura edo zalantza behintzat zabaldu da sarean. Onintza Iruretak ez du ulertzen ekimena, bere ikasle-esperientzian ikusitakoa gogoanz zalantza piztu zaio. Ugaitz Zabalak ere gaur egun Hezkuntza-sistemak ezagutza hori bermatzen ote duen ironiaz dihardu. Zuzeun eztabaida piztu da honen inguruan, I. Larrazabal opariez ari da artikuluan, ahalegina saritzea nahikoa ote den edo.

Twitter-en pilota alde bitara joan da pilota. Bistan da orain Unibertsitatearen gain geratzen dela neurri batean euskara maila bermatzearena. Ricardo Gomezek unibertsitarioen euskara mailaren arazoaren erruaren zati bat hartzen du bere gain, alegia, hezkuntza-sistemak eta Unibertsitateak euskara maila bermatzen ez dutelako hori bertako hutsunea ez ote den.

Baina gurera etorrita ere egon dira erreakzioak. Haserrea, sustoa, susmoak...

Albisteak zer esana eman du, bai. Alde batetik justua izan daiteke, pertsona batek ikasketa guztiak euskaraz egin badu, eta unibertsitate-maila batera heldu bada, suposatuko dugu hori guztia euskaraz egin badu, horretarako euskara-maila izango duela, alegia, hori egiteko hizkuntza-gaitasuna. Europako Erreferentzia Marko/Eredu batean C1 mailarekin deskribatu daitekeena, edo HABEren 3. maila, edo EGAk akreditatzen duen gaitasuna.

Hala da errealitatean? Bistan da era berean zalantzak ugari dabiltzala hezkuntza-sistemaren bidez lortzen den hizkuntza-gaitasunarekin: jarioa, erraztasuna, aberastasuna eta -bereziki- zuzentasunari dagokionez.

Baina une honetan susmoa ere pizten da. Krisia, murrizketak, HABEren "kolapsoa", eta orain hau. Ezaguna da euskaltegien "bezeroen" artean D ereduan jardundako gazteak izaten direla, euren euskara-mailari bedeinkapena emango dion agiriaren bila datozenak. Eta azterketa desberdinetan (denetan sarri) aurkeztu ohi dira.

Tituluak zuzenean homologatuta, euskaltegietan ikasle batzuk gutxiago, diru-laguntzetan gastu gutxiago beraz, azterketetan ere publiko gutxiago, pertsonal eta gastu gutxiago... Horrelako kalkulua egin ote du norbaitek?

Zalantza asko gai honen inguruan. Neure aldetik lehengo egunean etorri zitzaidan ideia berdina. Euskara-maila zelan-nori-noiz-nola ebaluatu-egiaztatu-akreditatu hainbat indar, berba eta buru-neke. Eta, denbora eta energia horren zati bat hizkuntza hobeto nola ikasi eta ikasi eragin pentsatzen eta probatzen emango bagenu, igual ez genuke hainbeste arduratu behar tituluak non eta nola ematen diren.

Tira, apur bat hippy paratu naiz igual, baina une honetan esango nuke EHko gizarteari egingo bagenio azterketa globala, C1 horretatik urrun-urrun dagoela ikusiko genuke duda barik. Hau da, maila horrek deskribatzen duen gaitasunarekin egin daitezkeen gauza gehienak egiteko orduan zailtasuna eta ezina izango lirateke nagusi.

Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu © cc-by: Benito Fiz / Karrajua

Erantzunak

Iker
2010-11-18 : 10:30

D ereduan ikasi duen norbaitek EGA ateratzeko euskaltegira joan behar badu, esan nahi du seguruenik EGAra aurkeztu dela eta ez duela gainditu. Beraz, pertsona horrek ez dauka C1 maila eta ezin zaio oparitu.

Ni ingelesa ikasten nabil hazken 15 urtetan, egia esan ez oso serio; Advance titulua oparituko al dit Cambrige Unibertsitateak?

Gari Araolaza
2010-11-18 : 10:48

Eta batxilergoa (edozein eredutan) bukatu eta EGA-ren pareko bat aprobatuko lukete denek gaztelaniaz? Ezetz uste dut.



Askotan iruditzen zait euskararekin titulitis sentsazio artifizialari jaten ematen ari garela, eta egoera ez da oso desberdina gaztelaniaz: administrazioan lan egiteko gaztelaniaz jakin beharra dago, beste gauza bat da ez dagoela titulu beharrik.



Horregatik, ni gaztelerazko GGA (Gaztelaniaren Gaitasun Agiria) jartzearen alde.

Jon Antxia
2010-11-18 : 12:14

Horrek gogorarazi dit Wazemanken ikusitako honako bideo hau:

http://www.youtube.com/watch?v=Em1Xzm9hEpA

Kepadi
2010-11-19 : 13:04

Gure lagun batek, Frantzian ikasketa guztiak frantsesez eginikoak, ez zuen lehenengo deialdian gainditu Hizkuntza-Eskolako orduko Gaitasun-maila. Atera kontuak!

Bestalde, demagun Ingalaterran egiten ditudala unibertsitateko ikasketa guztiak ingelesez. Emango ote lidakete "Profeciency" delako agiria? Ezetzean nago.

Funtsean,, aurrera eraman nahi duten neurri horren azpian euskaltegiei murrizketak egitea besterik ez dago. Geroak esango!

eider
2010-11-20 : 23:43

facebook sarean ere hamaika iritzi honen harira.egia esan,arrazoi ekonomikoa oso pisuzkoa da,eta aurreztuko dutenaz gain,aek bezalako erakundeek bizirauteko izango dituzten arazo larriak.patxiri ondo datorkio lizentziatu oro euskaldun edo euskara egiteko gai izatea,finean,postu publikoetan euskara eskakizunak kendu beharrean,edo bere alderdiko zenbait euskara titulua lortzeko izaten ari diren arazoak onartu beharrean,hobe denak euskaldun.ni ezkerraldean bizi naz,historikoki kanpotik etorri izan direnen bizitoki,patxi eta bere alderdi lagun ugariren jaioleku,gero ta inguru euskaldunagoa,baina euskara eguneroko bizitzan erabiltzen dutenen kopuru nahiko urria duen zonaldea.nik euskara titulua unibertsitatera joan aurretik lortu nuen,baina hamaika ezagutzen ditut ikasketak amaituta,ingeniari,erizain edo ekonomilari bikainak bai,baina ez direnak gai 5 lerro euskaraz idazteko akatsik egin barik.euskara bigarren maila baten utzi nahi dute cela ta koadrilak,nigatik,bejon deiela,ez dute eta lortuko euskaldunak bigarren maila baten uztea!

lilia
2010-11-21 : 00:27

Orduan, eta arrazoi handiagoz euskaldunzahar guztiei eman diezaietela.

Erantzun

Sartu