Teknologia albisteak
2

Anjel Lertxundi:"Gizalegezko hizkuntza bat garatzen lagundu nahi dut, gizalegezko herri batean"

Erabiltzailearen aurpegia
Elgoibarko Izarra Kultur Elkartea
2010-10-30 : 11:10

Elgoibarko Kultur Etxeko hitzaldi-gela bete egin zen Euskara ala ezkara hitzaldi-zikloko bigarren gonbidatua ikusi eta entzuteko. Luxuzko gonbidatua genuen, eta Elgoibartik ez ezik, inguruko herrietatik ere etorri zen jendea Anjel Lertxundi idazlearen hitzaldira.

BARREN astekariko kazetaria den Ainara Argotiak Anjel Lertxundiren gainean egindako aurkezpenarekin hasi zen dena:

“Hitz bat lotu beharko banio Anjel Lertxundiri, hitz horixe bera litzateke: hitza. Hitzak bizi du Anjel, eta hitza bizi du. Hitza du pasio, lanabes, gogoeta tresna, aterpe eta baita ogibide ere. Goizean goiz jaikitzen denetik, hitzaren arabera antolatzen du eguna. Paperezko egunkariak nahiz sarekoak irakurri, BERRIArako zutabea idatzi, esku artean dituen egitasmoak landu, bidaide ezinbesteko dituen literatur irakurketak egin... Hitza beti aldean. (...) Abila da hitzak josten, artista gutxirekin asko adierazten, eta maisua hizkuntzari, euskarari, ahalik eta etekin handiena ateratzen, gehiegi behartu gabe. Jakin badaki hizkuntzaren erabilera onak salbatzen duela obra denboraren lizunetik, eta badaki euskara, bere errepublika, zaintzen. (...) Ia-ia obsesio bihurtzeraino zaintzen du hitza. Hitzeko gizona ere bada, gainera”.

Aurkezpenaren ondoren, mikroa bereganatu eta Anjel Lertxundi hasi zen berbetan. Baina hitzaldiko gaian zentratu aurretik, esan zigun Franco hil aurretik bizpahiru aldiz egon zela Elgoibarren, orduko Ikastolako gurasoak animatzen. Aspaldiko oroitzapenek lotzen dute Anjel gure herriarekin.

“Aspaldi egin nuen euskararen errepublikan bizitzeko hautua”

Idazle poloniar baten pasarte bat irakurriz ekin zion Orioko idazleak hitzaldiari. Eta testua amaitzeaz bat, honako hau esan zigun: “Hizkuntza bat, berez, ez da ezer hiztunok erreparatzen ez diogun bitartean. Hizkuntza bat ez da ezer ere, hiztunok erabiltzen ez dugun bitartean. Hizkuntza bat erabiltzen ez badugu, edo beste aldera begiratzen badugu, hizkuntza horrek bere existentzia galtzen du”. Anjelen esanetan, hizkuntza bat, berez, ez da ezer ere, baina dena dezake: “Hizkuntza batek, euskarak gure kasuan, den-dena eman dezake; bai orain arte eman duena, eta baita ere aurrerantzean eman dezakeena. Zain dago dena emateko, dena eskaintzeko, eta gure borondatearen eta abildadearen baitan dago euskarari etekina atera edo ez”.

Anjelek aspaldi erabaki zuen bere errepublika hizkuntza izango zela; euskara izango zela bere errepublika: “Mundutarron gorabeherak ordenatzeko modurik justuena – zuzen eta gizalegezkoena- da errepublika, eta nik aspaldi erabaki nuen euskara izango zela nire errepublika, eta askatasuna, berdintasuna eta anaitasuna bilatu nahi ditut euskararen errepublikan. Utopia, alegia. Gizalegezko hizkuntza bat garatzen lagundu nahi dut, gizalegezko herri batean”.

Konfuzio filosofoaren eta haren ikasleen arteko elkarrizketa bat irakurri zigun segidan, ordura arte esandakoa janzteko. Ikasle batzuk zera galdetu zioten Konfuziori: “Nondik hasiko zinateke nazio bat gobernatzen?”. Eta Konfuziok zera erantzun zien: “Hizkera hobetuko nuke”. Eta hau arrazoitzeko argibide batzuk eman ondoren, honako ideia honekin errematatu zuen bere arrazoia: “Ez barkatu hitzen bidezko injustiziarik. Nazio bat gobernatzea bada auzia, hizkeraren zehaztasuna da garrantzitsuena.”

“Errota zahar maitea, uraren ertzean”

Konfuzio laga, eta Anjel aulkitik jaiki zen Juan Mari Lekuonaren honako poesia hau idazteko arbelean:

“Errota zahar maitea uraren ertzean, uraren ertzean ta basati beltzean. Negar egiten duzu alea txetzean, ni ere triste nabil zutaz oroitzean”.

Arbela poesiarekin zikindu ondoren, honela ekin zion:“Lehen irakurketan hain mezu sinplea dirudiena (errota zahar bat uraren ertzean dagoela), horren atzean beste zerbait egon behar duela konturatzen zara. Lekuonak ezin du poesia bat idatzi hori bakarrik esateko, eta bigarren irakurketa bat eginez gero, errota zaharra haurtzaroa izan daitekeela konturatzen zara; edo tradizioa; edo gure historia; edo euskara; edo … Interpretazio guztiak dira zilegi”. Anjelen hitzetan, poesia horretan hizkera literarioa sortu da, gauzak esateko beste modu bat dago atzean, eta une hau aprobetxatu zuen literatura definitzeko: “Literatura, eguneroko hizkeratik urrundu eta gauzen pertzepzio ezberdina ematen ahalegintzeko da. Batzuetan asmatzen da eta besteetan ez”.

Arbeletik mahaira bueltatu zenean, idazteko dauden hiru modu diferente aitatu zizkigun:

§ Kazetariarena: eguneroko jardunari estuki lotuta dagoena. § Idazle edo nobelagilearena: errealitatetik urruntzen hasten dena. § Poetarena: errealitatetik guztiz urrutiratzeko aukera ematen diguna.

Anjelen hiru ofizioak

Anjel Lertxundi idazlea da, batez ere, baina ez da idaztetik bakarrik bizi izan (“zorionez”, bere esanetan). Beste hiru lanbide ere probatu ditu, eta horietako bakoitzaren gazi-gozoak kontatu zizkigun.

Anjel, irakaslea

Zarauzko ikastolan hasi zen irakasle lanetan, eta gogoan du euskararekin disfrutatzea zela garai hartako helburu nagusia: “Ikasleak jario onekoak ziren gehienak, Andoni Egaña bera ere ikaslea izan nuen, eta erronka nagusia euskararekin disfrutatzea eta gozatzea zen”. Anjelen esanetan, ia ez zuten materialik (Xabiertxo liburua baino ez), baina izan daitekeen erremintarik onena zuten: hizkuntza bera. Gero, Donostiako Irakasle Eskolatik deitu zioten, eta zortzi urtez egon zen bertan. Literatura irakatsi behar zuen, eta lan handia egin zuen klaseak ondo prestatzeko. Ondorioz, literaturaz asko ikasi zuen, eta horrek mesede handia egin zion bere literaturgintza hobetzeko. Baina arrosa guztiek dute arantzatxoren bat:“Idazten nuenean gehiegi eragiten zidan ikasitako teoriak. Ikasi nuen guztia etsai bihurtu zen, neurri batean; polizia makilarekin bezala izaten nuen gainean,´hori ez egin horrela!´ esanez, freskotasuna galtzeraino”.

Irakasle Eskola itxi zenean, berak esan zigunez, unibertsitatera salto egitea izango zen normalena, baina ez zuen mundu horrek erakartzen: “Ez nuen giro onik topatu, eta gainera, unibertsitateak nik gehien nahi nuen hori egiteko astia kenduko zidan: idazteko denbora”.

Anjel, kazetaria

Ikastola laga eta EGIN egunkarira joan zen Anjel, Mariano Ferrer kazetari ezagunak eskatuta: “Kultura Saileko arduraduna izan nintzen, eta urtebetez bakarrik jardun banuen ere, oso-oso emankorra izan zen; karrera bat egitea bezala izan zen, eta asko ikasi nuen”. Eta ikasitakoaren artetik, bi ideia azpimarratu zizkigun:

§ “Martin Ugaldek zioen moduan, errealitatea kubo bat bezalakoa da. Kubo bat eskuetan daukagunean, eta hari begira jartzen garenean, alde bakarra ikusten diogu. Errealitatearekin gauza bera pasatzen da”.

§ “Segurua dirudiena, ez da hain segurua. Istripu bat gertatzen denean, adibidez, ikusten dudanaren testigantza emango dut, baina hori ez da egia osoa. Istripu hori ikusi duen bakoitzak bere testigantza izango du. Horrek umildade handiz jokatu behar dugula erakutsi dit. Inor ere ez gara egiaren jabe, eta errealitateari begiratzeko ikuspuntu asko daudela konturatzen naiz”. Hori bai, kazetariak ikusten duenaren berri eman behar badu ere, idazleak badu lizentziarik errealitatea berak nahi duen ikuspegitik hartu eta beste errealitate bat sortzeko.

Anjel, zinegilea:

Zinean eta gidoigintzan ere jardun du Anjelek, eta bere esanetan, “asko zor diot zineari. Zinean egindako lanek asko lagundu didate literaturarako”. Zinea eta literatura oso medio diferenteak direla esan zigun Lertxundik. Nobela bat idazten diharduenean, bera da dena: zuzendaria, kamara, makillatzailea ... Zinean, berriz, jende gehiagoren beharra dauka, eta oztopoak ere handiagoak dira. Adibide moduan, Hamaseigarrenean aidanez pelikula filmatzera joan zirenean gertatu zitzaiona kontatu zigun: “Zarauzko taberna bat aukeratuta nuen apustuko eszenak errodatzeko, baina grabazio eguna iritsi zenean, eta lantalde osoarekin tabernan sartu nintzenean, tabernaren erdian poste edo zutabe bat zegoela konturatu nintzen. Errodajea konplikatuko zidan poste bat, alegia. Liburua idatzi nuenean poste horrek ez zidan trabarik egiten, baina zinean bai”. Esan bezala, zineak asko erakutsi dio Anjeli, eta berak aitortu zigunez, orain kamerarekin idazten du: “Ikusi egiten dut idazten dudan guztia”.

“Arauen mende bizi gara”

Hitzaldiarekin amaitzeko, erremate modura, zera esan zigun: “Azken hogeita bost urteotan gure hizkuntzan aldi bereko eragina izan duten bi gertakari ekarri nahi ditut hona: euskararen batasuna da bata; euskal administrazioaren sorrera bestea”.

Administrazioko hizkeraren gainean zera esan zigun: “Administrazioko hizkerak berezkoak ditu hitzak luzatu beharra; naturaltasunari ez erreparatzea; diskurtsoa lausotzea; hizkera astuntzea”. Baina ez da hori Anjel gehien kezkatzen duena: “Kezkagarriagoa egiten zait administrazioaren hizkera-eredua beste alorretara ere hedatu izana: hedabideek eta erakunde eskolarrek hizkera hori imitatzeko joera dute ahoz ari direnean ere, naturaltasunaren kaltetan. Euskara erregistro bakarreko hizkuntza bihurtzen ari zaigu jardun formal askotan, eta, astiro-astiro, gurdi astun batena bezalako ibilera hori hizkuntzaren ia kale-kantoi, bazter eta zulo guztietara iritsi da. Kode hori, erregistro hori da, jende askoren ustetan, euskara estandarra, ona, imitagarria. Kaletarrak apenas ulertzen duen erregistro bat da, ordea. Bere eremutik kanpo deus gutxi komunikatzen duena”.

Euskara batuari dagokionez, euskara estandarraren alde egon da beti, eta harro egoteko motibo asko dauzkagula aitatu zigun, baina, aldi berean, idazle moduan tentsioa izan duela aitortu zigun: “Idazleoi diziplinatuak izatea tokatu zaigu, baina arauen mende bizi garela uste dut”.

“Kulturalki hipokresia batean bizi gara:esaten dugunaren eta egiten dugunaren artean alde handiegia dago”.

Ordubeteko jardunaren ondoren, amaiera eman zion hitzaldiari Anjel Lertxundik, eta jendearen galdera-erantzunen txanda zabaldu zuen aurkezpen-lanak egin zituen Ainara Argoitiak. Ordu erdi baino gehiago luzatu zen galdera-erantzunen tartea. Sakona izan zen oso, eta Lertxundik emandako erantzun batzuk bildu ditugu, motz-motz bada ere, kronika honi amaiera emateko:

§ “Euskaltzaindiak literatur ikuspegia behar zuela-eta, bertako kide izateko aukera izan nuen garai batean, baina Andres Urrutiak irabazi zuen gu bion arteko lehia. Hala ere, uste dut hobeto nagoela handik kanpo”.

§ “Euskara nire hizkuntza da, eta apasionatzen nauen tresna bat da. Ni idazlea naiz eta euskara, batez ere, sorkuntzarako tresna da niretzat. Baina Italian edo Salamancan jaio izan banintz, entusiasmo berarekin hitz egingo nukeen nire hizkuntzaz”.

§ “Ez zait batere gustatzen beste hizkuntzekiko mespretxua. Euskararentzat errespetua eskatzen dudan neurri berean eskatzen dut errespetua beste hizkuntzentzat. Nirea defendatuko dut, baina baita besteak ere”.

§ “Idazterakoan giro espirituala bilatzen saiatzen naiz, musikak lagunduta, adibidez; baina, aldi berean, telefonoa alboan dudala lan egiten dut. Ez naiz ermitaño baten moduan mundutik isolatzen. Eguneroko pultsu eta tentsio puntu hori ondo etortzen zait”.

§ “Idatzi etxean egiten dut, baina testuak Argiñanorenean zuzentzen ditut. Ordenagailuaren aurretik alde egin behar dut, bestela ez nuke zuzentzeko tarterik hartuko. Ordenagailua oso esklaboa da”.

§ “Gure belaunaldian, 1966 eta 1968 urteen bueltan, bazegoen erakargarria egiten zitzaigun humus politiko, sozial eta kulturala. Garai hartan humus hori egon izan ez balitz, ez nintzateke gaur naizena izango, seguruenez. Euskaldunok, multzo moduan, gaur egun zer eskaintzen dugu kulturalki erakargarria izango dena?”.

§ “Barkatuko didazue gogorra izatea, baina kulturalki hipokresia batean bizi garela uste dut:esaten dugunaren eta egiten dugunaren artean alde handiegia dago. Euskarazko pelikula bat ematen duten bakoitzean, adibidez, zineak hutsik daude. Okulistarengana joateko premia daukagu”.

§ “Euskaldunok sortu ditugun material estrategiko nagusienak duela 50 urtekoak dira. Orduko premiak bete dira, neurri handi batean, baina ez dugu ezer berririk sortu euskararen bilakabidean izan diren arazo berriei erantzuteko. Nire ustez, euskarak jende prestatua behar du euskararen estrategiak pentsatzeko”.

Gaueko bederatziak gainera jausi aurretik Kultur Etxetik irten behar genuela erabaki genuen. Hasiera guztiek dute amaiera bat, eta Euskara ala ezkara hitzaldi-zikloko bigarren eguneko atea ere itxi egin zen. Datorren asteazkenean, baina, hirugarren eta azken atea zabalduko dugu, eta ate horretatik Anari kantaria sartuko da gurera. Hitza eta musika lagun hartuta etorriko da kantari azkoitiarra.

Kronika honekin nahikoa ez baduzu, Aitor Lauzirikak grabatu eta prestatutako bideoa ikustera gonbidatzen zaitugu.

Erantzunak

Riki
2010-10-30 : 13:46

Non aurki dezakegu Aitor Lauzirikaren grabazioa?

Benito
2010-10-30 : 15:06

Erantzun

Sartu