Teknologia albisteak
1

Donostiako Udalarena bai diskriminazio positiboa: + enplegua bultzatzeko plana

Erabiltzailearen aurpegia
Goio Arana
2010-11-22 : 09:11

Nola irakurriko zenuke irudiaren publizitatearen mezu nagusia, “Gehi enplegua bultzatzeko plana”?


Argazkiak.org | Gehi enplegua © cc-by-sa: goioarana

Horrela ematen du, ezta? Gay komunitateari zuzenduta mezua dirudi. Ez, txantxa da. Iragarkiak ez dauka langabe homosexualen aldeko diskriminazio positiborik iragartzeko asmo berezi berezirik: beste hizkuntza batean sortu eta xelebre samar itzulitako beste iragarki baten adibidea besterik ez da. Gogoratzen ES3 AREN kasua? Ba, antzeko zer edo zer.

Begi-bistakoa da goikoa ez dela euskaraz sortutako leloa, itzulpena baizik. Izan ere, zein da hurrenkera egokia "+" hori irakurtzeko, eta zer esan nahi du, "gehi", "gehiago"? Froga egin dezagun:

  1. Gehi Enplegua Bultzatzeko Plana. (Bitxia. Esan bezala, horrelako asmorik ez izateko, gay samarra geratu zaielako mezua).
  2. Enplegu(a) Gehiago Bultzatzeko Plana. (Zertara dator Enpleguaren azken "a" hori?).

Gehienetan bezala, halakoetan, oinarrizko testura joatea da aproposena:


Argazkiak.org | Más empleo - Gehi enplegua © cc-by-sa: goioarana

Horrela irakurriko lirateke gaztelerazko bertsio originala:

  • + (Más) EMPLEO / Plan de Impulso del EMPLEO / Más para más /

Ondorioz, eta hurrenkera horri jarraituta, euskarazkoak horrela beharko luke:

  • + (Gehi) ENPLEGUA / ENPLEGUA Bultzatzeko Plana / Gehiago, gehiagorentzat /.

Bitxikeria hau atera dugu Donostia Sustapenak azaroaren 24an eta 25ean egingo den Enpleguaren IX. Azoka iragartzen duen esku-orritik.

Euskarazko komunikazioan "+"-a erabiltzearen kontu hori beste batzuk hobeto gauzatu izan dute, adibidez, Gehitu Euskal Herriko Gay, Lesbiana, Transexual eta Bisexualen Elkarteak. Eta horiek bai, bereziki "+" komunitateri zuzentzeko asmoarekin. Horra Gehituren logoa:


Argazkiak.org | Gehitu © cc-by-sa: goioarana

Beste alde batetik, Mondragon Unibertsitateak ere jarri du "+"-a sortu duen marka berrian, hain zuzen ere, MU (+) etengabeko ikasketa gunean. Kasu horretan, euskaraz zein gazteleraz "MU Plus" ahoskatzen da, baina nago "MU Gehiago" esanda ere, "+" horrek ez liokeela trabarik egingo zabaldu nahi den mezuari.


Argazkiak.org | MU Plus © cc-by-sa: goioarana

Esatera nentorrena da, ematen duela nolabaiteko madarikazioa dugula euskaldunok publizitatearekin, izan ere, kostata jasotzen dugu %100 zuzen dauden kanpainak. Batzuk borondate ona jarri bai, baina, emaitzetan, gehiegitan, aurkitzen dira hanka-sartzeak.

Oker horietako adibide bi: lehena da akats ugari duen propaganda orri bat. Ford kontzesionarioek Debagoieneko etxeetako postontzietan banatutako orria da (neurri handiagoan, hemen; gaztelerazko oinarrizko iragarkia, hemen)


Argazkiak.org | Ford Debagoiena © cc-by-sa: goioarana

Bigarrenean, akats bakarra antzeman daiteke. Irudian ikus daiteke Jaime Cantizano Espainiako telebista aurkezlea koltxoi bat saltzen ahalegintzen Arrasateko denda bateko erakusleiho batetik.


Argazkiak.org | Beds. Teknologia. Cantizano © cc-by-sa: goioarana

Behar dudan "teknologia" duen koltxoia barik, Cantizanok puntako "teknolojia" ("j"-rekin) duen lastaira saldu nahi du.

Erantzunak

leire narbaiza
2010-11-22 : 23:05

Egunotan nabil ikusten tratu txarrak jasandako emakumeei laguntzeko publizitatea. Goiburua: "Tratu txarretatik...irten daitekeelako EXIT" eta larrialdietako irteeraren ikurra.



Argazkiak.org | Ohi ez da ex © cc-by-sa: txargain


Argazkietan "menperatu OHIA", "Umiliatu OHIA", "Erasotu OHIA". Euskaraz ez dauka zentzu handirik negritak. Gaztelaniaz, ordea, bai: "EX humillada"....
Atzera ere, kanpaina bat gaztelaniaz eta ingelesez funtzionatzen duena, baina euskaraz ez. Euskara beti EXIT gelditzen da halakoetan, OUT.
Eta bazterketa honetatik euskara atera liteke?


Erantzun

Sartu