Teknologia albisteak
12

Euskara nora doan jakiteko nondik datorren jakin behar dugu

Erabiltzailearen aurpegia
Mikoleta Elkartea
2010-10-16 : 11:10

Euskal Herrira maiz etorri den Vahan Sarkisian hizkuntzalariak, egunkari batean egindako elkarrizketa batean esandakoa da artikulu honetarako aukeratutako izenburu hau. Armeniako Everan-eko Unibertsitateko irakasle honek harritu egin zen hemen euskararen jatorriarekin axolagabekeria ikusita. Kaukason hizkuntza arloan dihardutenek beste ikuspegia omen dute eta mintzairen sorreraren garrantzia beti izan ei dute kontuan.

Egia borobila dela ezin ukatu, euskararen etorkizuna xedatzeko, atzera begiratu behar da aurretik. Hori ez da gurean behar bezala garatu. Ezin da esan etimologiak euskararen ikasketetan leku nabarmenik duenik: euskara nola sortu ei zen, oinarrizko erroak zeintzuk diren, toponimiak eskaitzen digun historiaren lekukotasunaz noraino baliatzen garen, etab. Ez dira ikasgaietan ia agertzen.

Baina material asko dago, oso barreiatuta. Euskaltzale, ikerle, zale eta hainbatek eginda. Batzuk azken 3 mendetan egindako proposamen etimologikoak dira, beste batzuk berriagoak. Gutxi batzuk unibertsitate esparrutik datoz, beste asko hortik kanpoko eremutatik.

Gutxi aztertu eta alderatu denez, gaur egun gure hizkuntzaren oinarrizko erroez ez dago adostasunik. Hastapenetan gaudela esan genezake. Hori baino gutxiago, orain arte sortu diren teoria guzti-guztiak ez dira leku batean elkartu eztabaidari hasiera emateko, ez dira behar bezala ezagutzen, eta are gutxiago eztabaidatzen.

Horregatik, euskararen hitzen proposamen etimologikoei buruz informazioa zabaltzeko, herritarrei horiei buruz iritziak emateko eta baita horiei buruz balorazioa emateko www.euskararenjatorria.net sortu dugu. Horren bidez, jatorriaren gaia landu nahi dugu, batik bat, hitzen eta toponimoen etimologien zein antzineko idazkunen bidez.

Webgunean etimologiaz idatzi dutenen proposamenak jaso nahi ditugu. Ez diogu inori atea itxi nahi, zoritxarrez, hitz gehienen etimologian gaur egun adostasunik ez dagoelako eta beraz, ez da ezer baztertu behar. Ez dugu aurreritzirekin jokatuko egile batzuk goresten edo beste batzuk zokoratzen.

Baina laguntza ere behar dugu, atera den materiala erabat sakabanatuta dagoelako: jadanik salgai ez dauden liburuetan, argitaratuko gabe dauden lanetan… Zenbait ikerle prest azaldu dira haien proposamenak helarazteko eta zinez eskertzen diegu euren laguntza. Hala ere informazioa hobeto osatzeko elkarlana ezinbestekoa dugu. Horregatik, artikulu honetatik gai honetan interesa duten eta zerbait aportatzeko prest daudenei gonbitea egiten diegu proiektu honetan parte hartzeko: info[abildua]euskararenjatorria[puntu]net.

Urrian hasiera eman diogu eta astero hitz, toponimo edo idazkun bati buruz dauden proposamen etimologikoak jaso eta horiei buruz iruzkinak edota botoa emateko aukera dago. Adibidez, urritik hasita honakoak landuko dira: euskara, haitz, ama, erdara, hats, arbaso…

Bestetik toponimoen alorrean gure herrialde eta hiribuetako izenen etimologiaz hasiko gara: Iruñea, Bizkaia, Gasteiz, Zuberoa, Donostia… Azkenik, gure arbasoen lekukoak diren idazkunak ere aztertzeari ekingo diogu eta, horretarako, abiapuntu gisa, Arabako Iruñan agertutako zenbait idazkunen epigrafiez eta balizko esanahiez arituko gara: Miscart, Denos...

Etimologietan euskara hartu dugu abiapuntua gure hiztegiko elerik garrantzitsuena dugulako. Lau proposamen jaso dira orain arte: Irigoien-Aznar, Arana, Kapanaga, Naberan-Zubiaga. Denak ados daude bigarren osagaian: -era (modua). Hizkeran adibidez, argi eta garbi ikusten da hitz berbari era lotuta zer sortzen den. Hala ere baturako euskara hobetsi zen, euskera hartu beharrean, agian etimologiari behar bezainbeste garrantziarik eman gabe. Eta erabileraren maiztasuna eta familia bereko beste hitzak egotea agian behar bezala ez ziren baloratu (nafarrera, bizkaiera, gipuzkera, lapurtera...).

Lehenengo osagaiari dagokionez iritziak oso desberdinak dira. Alfontso Irigoienentzat hitz egin aditzaren sinonimoaren omen zen enautsi hitzetik datorke. Galdutako aditz honen arrastoak bizkaieraren dinost, diñaust, dinotsat… ditugu. Gainera, Garibaik 1571. urtean enusquera idatzi zuen. Beraz, Alfontso Irigoien eta Eduardo Aznarrentzat hizkeraren sinonimoa litzateke euskera hitza.

Sabino Aranarentzat eusko litzateke euskeraren lehenengo osagaia (eusko+era). Eta, hitz hori, aldi berean beste bi hitzetatik letorke: euts (eus) eta go, hau da, goiko jabegoko lurraldetako hizkera. Honen kontrakoa euts + pe litzateke, beheko lurraldeetako jabegokoak, espe eman duena eta hortik esperia (Hesperia), Espainiako antzinako izena izan litekeena, alegia, goiko aldekoak eta beheko aldekoak.

Bittor Kapanaga beste bidetik doa. Bere ustez egu+hizkera lirateke gure hizkuntzaren izenaren osagaiak. Egu argiaren sinonimoa izanik, euskera hitzak hizkuntza argia adieraziko luke.

Ondoren, Josu Naberan eta Felix Zubiagaren proposamena dator. Euren ustez auzko + era lirateke osagaiak. Hau da, goikotarren hizkera edo menditarren hizkera adieraziko luke.

Azkenik Antonio Arnaizek “osko” eta “usko” hitzekin zerikusirik ote duen planteatzen du, eta balitekeela euskara hitza “huts” hitzarekin zerikusia izatea.

Badira beste proposamen batzuk eta behar bezala jasotzea espero dugu. Bitartean, webgune hau euskararen ikerketarako lagungarria izango dela espero dugu.

Erantzunak

Luistxo Fernandez
2010-10-16 : 13:06

Hemen aipatzen diren ustezko jakintsuen inguruan, pare bat hitz. Sarreran azaltzen den Vahan Sarkisian armeniarrak uste du armeniera eta euskara ahaideak direla. Euskararen jatorriaz zer pentsa ere, hizkuntzalaritzak ondo finkatua du aspaldi armeniera hizkuntza indoeuroparra dela hala nola gaztelania, daniera edo kurduera.


Antonio Arnaizi dagokionez, Egiptoko faraoien hizkuntzarekin lotu du gizon horrek euskara, besteak beste. Armeniarrekin ere erlazio zuzena behar dute faraioek, ondorioz, suposatzen dut.


totelka
2010-10-16 : 14:44

Zergatik pentsatzen dugu beti "goiko aldea" eta "iparra" lotuta daudela?

Amonamantangorri
2010-10-17 : 04:00

Euskara literario batuak ez du zer ikustekorik etimologia kontuekin. Hizkuntzaren iragana eta etorkizuna, eta ipurdia eta tenporak, gauza berdintsua.



Ni
2010-10-17 : 21:22

Luistxok, Eliza Katolikoak egiten duen antzera, ongiaren eta gaizkiaren artean banatzen du mundua, eta baita jakintsuen eta sasijakintsuen artean. Filologia ofizialak gai ez zen izan iberieraren alfabetoa deszifratzeko, ez Indiako hizkuntzak eta Europakoak lortzeko, ez Akitaniako harrietako hitzak euskara zirela esateko, ez latinetik hizkuntza erromaniko guztietara dauden diferentzia handiegiak azaltzeko (genero neutroa desagertzea, kasu markak aurrera pasatzea…). Horiek aurkikuntza gehienak amateurrek egin ziutuzten, hasieran inork gutxi kasu egin gabe, noski.



Jatorriaren web gunea ikusita, proposamenak baino ez direla ikusten da. Gainera Sarkisianek ez du proposamenik egin “euskera” hitzaren esanahiari buruz. Artikuluaren izenburua egiteko hartu genuen haien hitzak “euskara nora doan jakiteko nondik datorren jakin behar dugu” eta hori, hau da, hizkuntzarekin etorkizunean nola jokatu behar den jakiteko atzera begiratu behar dela tontakeria da? Luistxo, gogoratu esaldi famatu hau: izan zirelako gara, izan garelako izango dira. Hizkuntza kate luze bat da eta hasierako katebegiak zeintzuk diren asmatzen saiatzeak (lortzea jakintsuei utziko diegu ezta?) ze kalte dakar?



Antonio Arnaizek bere liburuetan dioena zaila da ulertzea. Euskara Mediterraneoko hizkuntzekin lotzen ditu. Etruskoan “kala” hitza topatu eta euskararen “kale” hitzaren esanahi bera izatea bitxia da. Ez hori bakarrik, “kala” kalea da ere bereber, hitita, sumerio, eblaiko, elamita eta iberieraz. Beste hainbat hitz ere aurkitu ditu. Agian erromatarrek lehenengo merkatu batua egin baino lehen, Mediterraneoko herrialdeetan, bazegoen aurretik harreman bat, lotura bat, merkataritzarekin batera hainbat hitz banatu zituena. Seguru beste gauza askotan erratu daitekeena, nor ez?, baina esaten duenaren %5ean arrazoia badu, zelako aldaketa etorriko litzateke.



Euskara hitzari buruz 6 proposamen jaso ditugu orain arte. Iruñeari buruz ere beste 6. Beraz, seguru 5 gutxienez txarto daudela baina, erratzeko aukera dagoela jakinda ere, uko egingo diogu hitzen etimologia aztertzeari eta eztabaidatzeari? Uko egingo diogu gure arbasoekin lotzen gaituen gauza bakarrenetakoa lantzeari? Luistxo, benetan uste duzu “euskera” ala “euskara”ren artean erabaki behar izan zenean etimologiak ez zuela garrantzirik eduki behar izan?



Eskerrik asko Luistxo gure web guneari egin diozun harrera “onagagatik”.



Amonamantangorri
2010-10-17 : 22:53

Luistxoren ahoan jarri dituzun hitz batzuk nireak direla uste dut.



Begi bistan dago etimologia kontuek ez dutela inongo zer ikustekorik hizkuntza literario batu baten eraikuntzan. Ez dakit nik serbokroatan, katalanean, okzitanieran edo alemanieran nola izan zen, baina gurean ez behintzat; berrirakur itzazu bestela Mitxelenaren txostena eta Baionako Idazkaritzaren erabakiak. Euskara batuak bi zango eduki ditu:



1) Hizkuntzaren oinarri soziologikoa: Horrexegatik idazten dugu menestra giputz-nafar plastifikatu honetan.



2) Hizkuntzaren literatura-tradizioa: Horrexegatik, motel, idazten dugu "euskara", "etor naiteke" eta "Iruñea", nahiz eta etxeko hizkeran oso jende gutxik esan. Berdin zaigu "kale" hitzak jatorri erromantzea baldin badu; "kale" hitzak sustrai sakon askoak ditu euskararen tradizioan, eta alor honetan hori baizik ez zaigu inporta behar. "Kale" euskara da, euskara batua, eta ez etimologia kontuengatik. "Karrika" hitza ere batua da, baina ez da "estandarra", eta etimologiak ez du horrekin zer ikustekorik.



Eta barkatuko didazu, NI JAUNA, baina hizkuntzalaritzak gauza batean baizik ez digu laguntzen, alegia: Hizkuntzaz (Hizkuntza, letra larriz) eta hau ikertzeko baliabideez gero eta gauza gehiago jakitea.



"Izan zirelako gara, izan garelako izango dira" eta horrelakoak oso ongi daude graffitietarako eta Ken7ren letretarako, baina hemen HIZKUNTZALARITZAZ ari gara.

K
2010-10-18 : 00:42

Arraioa! Otsoa baino doilorragoa amonatxoa!

Dena den, harira:

Gutxienez bitxia da entzutea "euskararen etorkizuna xedatzeko, atzera begiratu behar dela aurretik". Egia borobila behintzat ez da.

Eta ez da egia, ez borobila ez karratua, euskararen etorkizunak bestelako baldintzak dituelako inguruan. Baldintzak eta mehatxuak, hain zuzen.

Hemen, ez etimologiak, ez dialektologiak, ez hizkuntzalaritzak konpon dezakete haien esparrukoa ez dena. Eta egun, itsuak ez bagara behintzat, agerian da hizkuntzaren etorkizuna hizkuntz plangintzetan eta beroiek bideratzen dituztenen eskuetan datzala. Besterik esatea petralkeria baino ez da.

Euskararen etorkizuna politikaren eta gizartearen hedeak manejatzen dituztenengan dago. Haiek erabakitzen ari dira euskararen etorkizuna.

Eta hiztunok, zergaduru oro bezala, haiek esaten dutena besterik ez dugu egingo. Ahaztu ditzagun, beraz, "hitz egiten ez duena da erruduna" eta horrelakoak, hiztuna (euskalduna, kasurako) agintarien eta haien indar armatuen morroi obedientea baino ez baita.

"Ordaindu behar da", "gehiago ordaindu behar da", "bankuei lagundu behar diegu", "beranduago jubilatu behar da", "argazki horiek, fuera!" aginduak txintxo-txintxo betetzen ditugun bezala betetzen ditugu hiztunok hizkuntzari dagozkionak ere.

Politikan eta gizartean haiek duten lekuaz jabetu ezik (eta orduan ere...), euskaldunaren hizkuntzak eta haren etorkizunak oso kolore iluna dute. Oso.



ados
2010-10-18 : 19:43

Euskararen jatorria ezezaguna izaten jarraitzen badu, berau ikertzeko erabil daitezkeen iturriak eskasak direlako da. Gauzak horrela, beharrezkoa da kontuz ibiltzea esaten duguna laguntzeko izan dadin, bestela nahastea handituko bait dugu. Ikerkuntza serioa, amateur edo profesionala, behar da, horregatik behar ditugu hizkuntzalariak, etnografoak etabar. Besteok, tamalez, laguntzeko beste bide bat aurkitu beharko dugu. Euskara gehiago erabiltzea ez da bide txarra ;)

Amonamantangorri
2010-10-19 : 17:22

William Jones izan zen familia indoeuroparraren hipotesia hizpidera ekarri zuen lehena XVIII. mendean, eta Franz Bopp gramatika konparatuaren aitak arrazoia eman zion.



Manuel Gomez-Morenok signario iberikoa deszifratu zuen 1922an, horrela hipotesi euskal-iberista hezurretan utzita.



Koldo Mitxelenak Akitaniako "Akitaniako harrietako hitzak" (kar kar) azertu zituen 1954an, eta Joakin Gorrotxategik bere irakaslearen lana jarraitu du.



Begiratu Wikipedian haien biografiak, eta esazu faborez zer dela eta ikusten dituzun jaun horiek "filologia ofizialetik" kanpo.



Ikerlari horiek metodo zientifikoa zorrotz bete zuten. Hau da, metodologikoki erabat ortodoxoak ziren. Horregatik dira haien ekarpenak hain sendoak eta errefusatzen zailak. Ez Euskararen Jatorritik goresten dituzuen eskribilari horiek bezala.

Xabier Armentia (aurrekoan Ni jarri nuena)
2010-10-24 : 11:08

Azken erantzunak ikusita erantzun beharrean gaudela uste dugu. Amonamantangorrik gauza eztabaidatsu asko esaten ditu. Has gaitezen:



a) “Euskara batuak bi zango eduki ditu: 1) Hizkuntzaren oinarri soziologikoa…eta 2) Hizkuntzaren literatura-tradizioa”. Hau da, euskara batua egiteko, lehenengo irizpidea hizkuntzaren oinarri soziologiokoa izan zela baieztatzen digu berak. Beraz, horren arabera, hiztunen %90ak “euskera” erabiltzen badu hitz hori erabaki behar izan zen baturako ezta? Ala, hitz horretan bigarren irizpidea lehenengoari gailendu zitzaion?. Ala hitz bakoitzari nahi dugun irizpidea aplikatzen diogu? Batzuetan lehenengoa eta beste batzuetan bigarrena?



b) Gero hauxe dio: “-Izan zirelako gara, izan garelako izango dira- eta horrelakoak oso ongi daude graffitietarako eta Ken7ren letretarako, baina hemen HIZKUNTZALARITZAZ ari gara.” Gure webgunea eta artikulua etimologiaz ari zen, eta hori ez al da hizkuntzalaritza? Edo, agian, zuretzat, etimologia Geologiaren atala la? ala Historiarena?



c) Jarraitzen du gure amonatxoak: “William Jones izan zen familia indoeuroparraren hipotesia hizpidera ekarri zuen lehena XVIII. mendean, eta Franz Bopp gramatika konparatuaren aitak arrazoia eman zion. Manuel Gomez-Morenok signario iberikoa deszifratu zuen 1922an…” Hau da, guk esandakoa ez du ukatzen, alegia, Filologoak ez ziren pertsonak egin dituztela aurkikunta filolologiko garrantzitsuenetakoak pasa den mendean.



Gero jarraitzen du: “horrela hipotesi euskal-iberista hezurretan ikusita…”. Ez dut piperrik ulertzen, Manuel Gomez-Morenok aurkitutako iberierazko idazkerari esker hipotesi euskal-iberista zabaldu dute hainbatek baina hori beste baterako utziko dugu.



d) Eta amaitzeko hauxe diosku: “Ez Euskararen Jatorritik goresten dituzuen eskribilari horiek bezala.” Zur eta lur geratu gara, Amonamantangorrik ez dirudi egin dugun webgunea begiratu duenik ere. Izan ere, hor Mitxelena agertzen da (Iruñeari buruzko bere proposamena da orain arte atxikimendu gehien jaso duena) edo Irigoien (Euskera hitzari buruz berak jaso du ere atxikimendu gehien). Guk “goretsi”?, guk egiten dugun gauza bakarra hauxe da: dagoen guztia jaso eta nabigatzaileen esku jarri bozka dezaten. Inor baztertu gabe.



Baina beste bi ekarpen interesgarri ere egon dira eta horiei buruz hitz gutxi batzuk:



e) K delakoak dioena, benetan interesgarria da: “Eta ez da egia, ez borobila ez karratua, euskararen etorkizunak bestelako baldintzak dituelako inguruan. Baldintzak eta mehatxuak, hain zuzen.” Ikuspuntu soziolinguistikoa erantsi dio hizkuntzaren biziraupenari eta hori erabat egiazkoa da nahiz eta beste alderdi asko ere sar genitzakeen: jaiotza politika. Euskaldunena ez euskal herritarrena. Ez dugu inoiz ezer honi buruz ezer entzun baina etnia batek, irauteko, besteak beste, ezinbestekoa du jaiotza tasa egokia izatea. Etorkinak euskaldundu, bertakotu eta guzti hori lortu daiteke neurri batean baina neurri txiki batean. Estatu handiek ere (Merkelek orain gutxi egindako adierazpenek horixe baieztatzen digute) zailtasun handiak dituzte etorkinak bertakotzeko.



Eta, hizkuntza batek bizirauteko estatu bat ia ezinbestekoa duela jakinda ere, hor ditugu Katalunia eta Irlandaren kasuak. Batek estatuta du eta besteak ez, eta begiratu zelan dituzten euren hizkuntzak. Beraz, arlo politikoaz gain, badira beste faktore batzuk lagun dezaketenak. Eta, ez dakit zeu nongoa zaren baina euskera batua zelan egin zen ikusita, mendebaldeko euskera neurri handi batean baztertuz, horrek zerikusia du horko hiztunek gaur egun hizkuntzarekiko duten atxikimenduarekin. Bizkaian gaztelerak zuen prestigioak euskera batuak hartu zuen zuzenean eta bizkaierak jarraitu zuen bigarren mailakoa izaten. Ez telebistan egunero saioren bat, ez idatzizkoan… erabak ikustezina. Euskara batuak bizkaieradunak ahaztu baditu, zelan ez dute ahaztuko ba bizkaieradunek euskera batua?



f) Ados delakoak hauxe dio: “Euskararen jatorria ezezaguna izaten jarraitzen badu, berau ikertzeko erabil daitezkeen iturriak eskasak direlako da.” Ez gaude oso ados Adosekin. hiru iturri ditugu, guztiz emankorrenak izan litezkeenak: 1-toponimia da garrantzitsuena, milioika izen ditugu hor, hizkuntzalaritza eta etimologiaren ikuspuntutik behar bezala aztertzearen zain. 2-Euskeraren beraren ikerketa: hitzak alderatu, aztertu, erroak atera (gure webgunearekin saiatzen ari garena, gure baliabide apalekin). 3-Genetika. Azken urteotan lan interesgarriak atera dira eta herri bakoitzaren jatorria (genetikoki ikusita) zein den jakiteko informazio izugarri interesgarriak atera dira. Ikerketa horietan kantabriar-euskal-akitaniar substratoaren garrantzia eztabaidaezina da. Eta, iturria ez den baina ezinbesteko osagaia: 4-Ardura eta ikumira zabalak izatea. Gaur egun Euskal Filologiako fakultatetan ikusten ez dena (Iruña Veleian gertatutakoa lekuko).

K
2010-10-24 : 20:39

Arrazoi genetikoak edo direla medio, euskaldunok bateraezinak gara gure bizitzaren arlo inportanteenetan. Politika izango da ikusgarriena, baina hizkuntzarena da latzena, harekin egiten baita Herria, eta Komunitatea, eta Kultura, eta Literatura… eta Komunikazioa.

Mendebaldeko herri handienek ez bezala, guk historia zahar eta moderno guztia pasatu dugu hizkuntza komun eta bateratu bat izan gabe. Eta txarragoa dena, bakoitzak bere txokotxoko azpi-azpidialektoa gurtzen eta laudatzen. Aberastasun dialektaltzat hartuz, hiruzpalau hizkuntza hegemoniko besterik ez duen gizarte moderno honetan, de fakto, benetako gaixotasun hilgarria baino ez dena.

Baina ikusi nahi ez duenak ez du ikusten.

Hizkuntza-batasunaren oinarria izan zitekeen kode idatzi bat kontsentsuatu zenean ere, eragozpenak agertu ziren nonahi.

Eta horrela, batasun prozedura guztien ezinbesteko akatsak eta desorekak (mendebaldekotik gutxiago, erdialdetik gehiago, ekialdekoetatik deus ere ez, eta abar) oraingoan ere aitzakitzat hartuta, “euskara batuak bizkaieradunak ahaztu dituela” esan eta, ondorioz, “bizkaieradunak euskara batua” ahazteko eskubidea duela aldarrikatzen hasten gara lasai-lasai.

Itxuraz, gure nortasun anarkikoa trankil asko geratzen da horrelakoak esaten, aldarrikatzen eta entzuten.

Bizkaiera bat, bateratua eta bakarra balego bezala (Ondarrukoa Aretxabaletakoa bezalakoa al da?).

Delako “batua” hori ustezko bizkaiera bakar horri espresuki kalte egiteko sortua balitz bezala.

Lasai-lasai geratzen da, bai, gure sen anarkoa horrelakoekin! Eta bide batez, hain akratak izanik, konklusio-arrosarioa ateratzen dugu jarraian: “batua hori ez da ulertzen”, “urrunekoa dut”, “ahaztu egingo dut”, “gaztelania dut benetako herri-hizkuntza komuna”. Eta noski, argumentazioa muturreraino eramanda, azken konklusio praktiko bat ere etortzen zaigu gogora(estatistikak ikustea besterik ez dago): “euskara batuan idatzita dagoen prentsa ulertezina erosi beharrean, orri mordoa duen eta oso ulergarria den “correoa” erosi eta irakurriko dut” .

Oharkabean akaso, gure bizitza-plangintzan gazteleratik baino urrunago dibujatzen dugu bizkaiera delakoa “batua”-tik.

Eta praktikan, gaztelera erabiltzea edozein (bai! edozein! “batua” barne!) euskara-mota erabiltzea baino egokiagoa balitz bezala egiten dugu azken marrazki soziolinguistikoa.

Euskaldunon Nortasun Handi eta Menderaezinaren erakusgarria da hori: nahi beste auto-argudio erabili (orain arteko bizkaiera vs batua, horietako bat) gurea baztertzeko eta gure gainetik daudenena, gurea izan gabe ere, erabiltzeko. Tipical basquise”



Akatsak akats (eta izan dira eta badira akatsak, eta asko gainera, zalantzarik gabe, bateratze-prozesu honetan ere), etorkizunerantz Herri bezala abiatuko bagara, kode batu bat dugu une honetan eskura.

Eta ezaina, motela eta konkorduna bada ere, kode bateratu horrekin hasi beharko genuke dantzatzen, bizkaieradunak, gipuzkeradunak, lapurteradunak, nafarreradunak zein zubereradunak.

Hari eman beharko genioke gure hizkerak omen duen edertasuna ( edertasun serioa eta aberastuko gaituena: lexikoa, sintaxia… ; eta ez, mesedez, besteengatik bereiziko gaituzten laburkeriak, txokokeriak eta fonetismoak).

Eta zerbait ikasi behar bada, ba, ikasi egiten da eta kitto! Irakurtzen eta idazten, esaterako, ez da, momentuz behintzat, espiritu santuaren infusioaren bidez ikasten, ez bizkaieran, ez batuan, ez (ahaztuta, ala?) gazteleran ere.

Horrek guztiak bakar-bakarrik balio du baldin euskaraz bizi eta iraun nahi duen Herri bat baldin bagara, jakina!









Amonamantangorri
2010-10-25 : 03:27

Hamasei aldaeren artean, orotara "euskara" da euskalki guzti-guztietako tradizioetan dokumentatzen dena, Hegoaldean nahiz Iparraldean. "Euskera", aldiz, Hegoaldean baizik ez da erabili, eta ez Hegoalde osoan eta ez garai guztietan.



http://www.euskaltzaindia.net/index.php?option=com_oeh&view=frontpage&Itemid=340&lang=eu



Batasuna bilatzen zen, dialektoek eta euren tradizioek komunean zuten horretan.



Ez zen irizpide egokia izan? Beharbada bai, edo ez, auskalo. Baina horrek, aixkiria, ez du ezer ikustekorik etimologiarekin. Endemas, batean irizpide etimologikoaren aldekoa zara, eta bestean, berriz, %90ek dioenari ez ote zitzaion amore eman behar galdetzen duzu.



Azken hitzak, Xabier:



- "Beraz, horren arabera, hiztunen %90ak “euskera” erabiltzen badu hitz hori erabaki behar izan zen baturako ezta? Ala, hitz horretan bigarren irizpidea lehenengoari gailendu zitzaion?. Ala hitz bakoitzari nahi dugun irizpidea aplikatzen diogu? Batzuetan lehenengoa eta beste batzuetan bigarrena?"



Edo galdera erretorikoak dira, edo ez dakizu euskara batua zein irizpideren gainean eraiki den.



- "Filologoak ez ziren pertsonak egin dituztela aurkikunta filolologiko garrantzitsuenetakoak pasa den mendean".



Alegia, ez dakizu filologia zer den. Bestela, ezin dut konprenitu William Jones, Franz Bopp eta Manuel Gomez-Moreno "filologoak" ez zirela esatea, edo igual hori bezain okerra dena, "amateurrak" zirela.



- "Manuel Gomez-Morenok aurkitutako iberierazko idazkerari esker...".



Gomez-Moreno irakasleak ez zuen aurkitu, dezifratu egin zuen.

Xabier Armentia
2010-10-26 : 01:30

Kaixo berriro,

K-ri. Ez dakit txarto azaldu naizen. Euskera batua ez du inork zalantzan jartzen. Berari esker euskarak 40 urteetan eman duen aurrerapausua itzela izan da. Baina normala da euskaltegi batean jendea 3 urte egon eta gero, hortik atera eta ez izan gauza asteko egunak tokian tokiko euskaran ulertzeko? Normala da Euskal Telebistan egunero ez egotea ordubeteko saio informatibo bat euskalkietan? Normala da bizkaierazko arauak Labairuk egitea eta ez Euskaltzaindiak? (eskerrik asko Labairuri egiteagatik, bide batez).



Amonatxoari. Eskerrik asko zure hitz berriengatik: “Ez zen irizpide egokia izan? Beharbada bai, edo ez, auskalo. Baina horrek, aixkiria, ez du ezer ikustekorik etimologiarekin.” Adibide hori jarri genuen, etimologian sartu gabe, gure ustez, tradizio literarioaren erabilera herritarren erabilera zabal eta handi baten gainetik jarri zelako, oso berba garrantzitsu batean, beste hitzetan sartu barik. Literatura oso garrantzitsua, nor uka dezake hori baina, ez Kruwing-ek planteatzen zuen bezainbeste.



Baturako etimologia ezin zen kontuan hartu landu gabe zegoelako, zoritxarrez. Ze, zerbait landuta eta adostuta egon izan balitz, beste irizpide garrantzitsu bezala kontuan hartu behar izan hitzak erabakitzean. Mitxelenak berak 500 proposamen etimologiko baino ez zituen egin. Oso zaila eta labankorra da. Bai. Badakigu.



Baina, orain arte ezezaguna den arlo hau landu nahi dugu, dagoen guztia jasoz eta alderatuz eta nahi dutenei bozkatzeko aukera eskainiz, jendeak zer uste duen ikusteko. Bestelako pretentziorik gabe. Behintzat orain arte egindako lanak ezagutzera eman.

Erantzun

Sartu