Legebiltzarkideen euskarazko jarduna estali egin zuen gaztelaniazko itzulpenak EITB.com-en
Hainbat modu egon ziren atzoko Legebiltzarreko plenoaren jarraipena egiteko.
Batzuek Twitter erabili zuten, telebistan edo streamingean ikusten zutena komentatzen #plenoa hashtaga erabilita, edo beste batzuk Legebiltzarretik euren iruzkinak egiten. Jon Abril (Aralar) euskaraz aritu zen, Andoni Ortuzar (EAJ) nagusiki gaztelaniaz, eta kazetari batzuk ere zuzenean aritu ziren, adibidez Berriako Pello Urzelai. Jarraipena Google Denbora Errealean erabilita ere egin zitekeen, azaldu genuen bezala.
Telebistan, goizekoa ETB2k eman zuen, eta arratsaldekoa ETB1ek. Internetetik, berriz, irudiak streaming bidez eman zituen EITB.com-ek. Jaurlaritzaren irekia.euskadi.net-ek ere eskeini zuen jario hori, baina konprobatu genuen eitb.com-ekoa zela eta Irekia-koek baieztatu zuten Twitterretik. Hortaz, EITBren streaminga jarri zuen Irekiak, baina EITBk ez zuen hori embed kode baten bidez beste webgune batzuetan (Sustatun edo edozein blogetan adibidez) jartzeko aukera irekirik eman, bideo askorekin eskaintzen duen bezala.
Hala ere, streaming jario hori bitxia suertatu zen. Legebiltzarkide batzuek euskaraz egin zuten. Ezker Batuako Mikel Aranak, Aralarreko Aintzane Ezenarrok, EAko Agirrezabalak eta EAJko Joseba Egibarrek, gehiago zein gutxiago, euskara erabili zuten euren hitzaldian edo hitzaldiaren zati batean. Baina streaming bidez jarraitu zutenek euskarazkoa gaztelaniazko itzulpenarekin nahastuta entzun zuten atzokoan.
Egon, bazegoen aukera bat streaminga euskaraz jarraitzeko: soinua estereoa zen. Alde batetik zetorren jatorrikzo soinua, eta bestetik itzulpena. Beraz, aurikularrekin jarraitzeko, bi aldeetako bat bakarrik erabilita entzun zitekeen soinu orijinala, itzulpenaren interferentziarik gabe.
Horren azalpenik ez genuen aurkitu ez eitb.com-en ezta Irekian, baina biek Twitterretik konfirmatu zuten, Irekiakoek Sustatuko editore Josu Mendicuteri retuit bat eginda eta eitb.com-ekoek "hori da ;-)" erantzuten.
Beste aukera batzuk ere bazituen EITBk, adibidez:
- Guztia soinu orijinalean eskaini, itzulpenik gabe
- Guztia itzulita eskaini (euskarazkoa gaztelaniaz ematen eta gaztelaniazkoa euskaraz)
- Euskararen aldeko diskriminazio positiboa egin, gaztelaniazko guztia euskaratuz eta euskaraz dagoena bere horretan utziz
Baina euskarazko pasarteak gaztelaniara itzultzea eta gaztelaniakoak euskarara ez itzultzea izan zen atzoko erretransmisiorako erabakia. Gaztelaniaz jarraipen osoa egoteko aukera egon zen, teorikoki, baina euskaraz horretarako aukerarik ez zen egon streaming horrekin. Praktikan, gaztelania bakarrik jakinda ere, euskaraz zer esaten zen jakin barik geratuko ziren entzuleak, streaming estereoaren aurikularren kontuari erreparatzen ez bazioten.
Erantzunak kargatzen...