Teknologia albisteak
3

Euskadiko Idazleen Elkartea sortu dute, EAEko idazle erdaldunentzat edo

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-08-18 : 14:08

Gaur arratsaldean Donostian aurkeztuko da Euskadiko Idazleen Elkartea. Ez nahastu Euskal Idazleen Elkartearekin (EIE), euskarazko idazleen elkartea baita, eta bestea, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako idazleena, nonbait hizkuntza guztietan idazten dutenena. Aurkezpena 18.30etan izango da Aieteko Jauregian, Donostian, eta Donostiako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren ordezkaritzak izango dira.

Asociación de Escritores de Euskadi-Euskadiko Idazleen Elkartea da elkartearen izena, eta siglak, AEE-EIE erabili beharko ditugu, ze EIE dira beste elkarte euskaldunaren siglak, izatez.

Donostiako udalaren ordezkari Denis Itxaso zinegotzia izango da, eta Eusko Jaurlaritzakoa, Mikel Toral, Kultura sustapenerako zuzendaria Kultura Sailean. Jaurlaritzaren Kultura informazio atariak, Kulturklik-ek duela egun batzuk argitaratu zuen berria, gaztelaniaz. Euskarazko bertsioa ere badago, baina izenburua bakarrik du itzulia. Oharraren arabera, gaurko ekitaldian zera izango dugu:

  • Elkartearen helburuen aurkezpena.
  • Zazpi mikro-hitzaldi, bost minutukoak, gai honen inguruan: Literatura eta gozamena. Bakoitza bazkide baten eskutik.
  • Zazpi irakurketa labur, euskaraz edo gaztelaniaz, gai beraren inguruan, aktore hauek irakurriak: Miranda eta Carmen Pardo.

Elkarteak ia 40 bazkide dituela adierazi dute (treintena larga), eta izen hauek zabaldu dira: Luisa Etxenike, Alex Oviedo, Pedro Ugarte, Julia Otxoa, Antonio Altarriba, Mila Beldarrain, Fernando Marías, Maria Eugenia Salaberri, Javier Maura, Eli Tolaretxipi, Javier Otaola eta Kepa Murua.

Luisa Etxenike elkartekideak esan duenez Noticias de Gipuzkoa egunkarian, "Elkartea hizkuntza guztietara dago irekia". Eta Euskal Idazleen Elkartearekin harreman ona izateko asmoa dute.

Elkarte berriaren izena presidentea da Luisa Etxenike, eta osatu duten batzordearen idazkaria Alex Oviedo. Azken honek parte hartu zuen iaz Euskadi Sarietarako antolatutako emanaldian. Euskaldunentzako lotsatzekoa izan zela hura sentitu zuten bertan egondako zenbait idazle eta editore euskaldunek, eta Zuzeun agertu zen kronika bat. Ondoren, Alex Oviedok, haserre, sekulako purrustada bota zuen berak editatzen duen Escritores Vascos blogean. Baina damutu egin zen nonbait, eta ezabatu egin zuen saretik egun pare baten buruan. Hala ere, Zuzeuk testu hura berreskuratu egin zuen eta gaiari jarraipena eman zion.

Oraindik ez dute webgunerik, baina irekiko omen dute bat. Irailean, jardunaldi bat antolatuko dute Artium museoan, Gasteizen, eta datorren urterako ba omen dituzte ekimen batzuk buruan, adibidez nazioarteko azoketara joatea.

Erantzunak

Aitor
2010-08-18 : 15:08

Euskadiko Idazleen Elkartea vs Euskal Idazleen Elkartea? Brianen bizitzatik aterata dirudi: Frente Popular de Judea


Luistxo
2010-08-18 : 16:11

Ez, Aitor. Oker zaude. AEE-IEIko hauek ez dira judaikoak. Hauek erromatarrak dira. Baina judaikoen arteko disidentziarik ere ez da falta, noski.


xabier
2010-08-18 : 18:54

Beste hark esango zukeen bezala: "Divide et Impera". Beste ahalegin bat gure kultura ustez "internazionalizatzeko, globalizatzeko..." orain arteko "obsesio identitarioak" alde batera utziz. Euskararen erabilera murriztu eta moderno agertzeko "Habla la lengua del Imperio".

Erantzun

Sartu