Sustatu logoa Teknologia albisteak

Amarauna hilda dago. Gora Internet!

Joxe Aranzabal
2010-08-19 09:08

Bi hamarkada baino ez dira igaro jaio zenetik, baina dagoeneko Amarauna (World Wide Web) gainbeheran dago. Bitartean zerbitzu arinagoak, aplikazioak, ari dira indartzen, ez baitaude hain lotuta bilatzearekin eta bai jasotzearekin. Horixe azaldu du Wired aldizkarian Chris Anderson adituak artikulu entzutetsu batean.

Esnatu bezain laster, iPad hartu eta posta elektronikoa begiratu duzu —horra aplikazio bat. Gosaldu bitartean, nabigatu egin duzu Facebook, Twitter eta Sustatun —hiru aplikazio gehiago. Bulegora bidean, podcast bat entzun duzu zeure telefono adimendunean. Beste aplikazio bat. Lanean, gainbegiratu egin dituzu RSS feedak informazio batzaile batean, eta zenbait elkarrizketa izan dituzu Skype eta bat-bateko mezularitza erabilita. Aplikazio gehiago. Etxeratu zarenean, afaria prestatu duzu Pandora entzun bitartean, Xbox Live erabili duzu partida pare bat jokatzeko eta film bat ikusi duzu streaming zerbitzu bat erabilita.

Ia egun osoa Interneten igaro duzu, baina ez Amaraunean. Eta ez zara bakarra.

Ez pentsa bereizketa hutsala denik. Izan ere, azken urteotan mundu digitalean gertatu den aldaketarik garrantzizkoenetako bat izan da poliki-poliki mugitzen ari garela web irekitik plataforma erdi itxietara, zeinek Internet baitarabilte garraiorako, baina ez nabigatzailea ezer erakusteko. iPhonen arrakastak ekarri du konputazio mobilaren eredu hau, eta hor Googlek ezin du arakatu, eta HTMLk ez du balio.

Kontsumitzaileok eredu hori aukeratzen ari gara, ez Amarauna ukatzen dugulako, baizik eta plataforma horiek hobeto moldatzen direlako gure bizimodura. Enpresei ere errazagoa zaie dirua egitea eredu horretan, eta horrek sendotu baino ez du egiten joera berria.

*****

Wired-eko artikulu nagusiaren hasieraren itzulpen/egokitzapena duzu hau. Ingelesez badakizu, jarraitu erreportaia osoarekin.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu