Teknologia albisteak
1

Amesgaiztoa; Egunkaria auziko epaiketaren kronika

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez
2010-06-23 : 10:06

Pello Urzelai Berria kazetariak Amesgaiztoa liburua aurkeztu zuen atzo, Martin Ugalde Foroan. Egunkaria auziko epaiketaren kronika da. Paperean idatzi zituenak baino osatuago, Madrildik idatzitako kronika haietan gauza asko kontatu gabe geratu zitzaizkiela onartu baitzuen atzo Urzelaik. Pasadizo bat edo beste kontatu zuen atzo Urzelaik, eta orain arte ikusi gabeko epaiketako bi bideo ere erakutsi zituen, kontakizuna ilustratzeko.

Pello Urzelaik azaldu zuen Egunkaria kasuko lehen epaiketako 5 auzipetuei zor zitzaien liburua zela hori, baina ez bakarrik haiei, beste jende askok ere sufritu baitu kasu honekin. Euskalgintza osoa ere, nolabait, akusatuen aulki hartan egon zen. Akusatuez gain, abokatuak aipatu zituen bereziki Urzelaik, sekulako lana egin zutela. Iñigo Iruin eta Jose Mari Elosua Porte abokatuak bertan zeuden, aurkezpenean.


Argazkiak.org | Pello Urzelai © cc-by-sa: sustatu

Anekdota batzuk ere kontatu zituen Urzelaik.

  • Gomez Bermudezek euskararekiko atxikimendua zuela esan zien Torrealdairi eta Joxe Azurmendi lekukoari.
  • Torturen kontakizunak bereziki hunkigarriak izan ziren. Egun horretan, Txema Auzmendik epaiketan torturak kontatu ondoren, eguneko saioa amaitu zen: epaileetako bat altxatu, hurbildu eta bostekoa eman zion, berari eta baita berak baino lehenago hitz egin zuen Joan Mari Torrealdairi.
  • Azken egunean, AVTko abokatuak audientzia utzi eta taxia hartzeko unean, Martxelo Otamendirekin egin zuen topo kanpoaldean. Zera esan zion lasai, irabazi duzue eta

Bideo pasarte esanguratsuak

Detaileak daude beraz, liburuan, baina kontestuko kronika oso bat ere bai. Aurkezpena hornitzeko, bi bideo pasarte ere erakutsi zizkigun Pello Urzelaik. Telebistan ikusi genituen irudiak ez bezalakoak ziren bi pasarteak, ez zeuden gelako atzealdetik grabatuak (telebistan, beti, ikusi genituen akusatuak bizkarra ematen, eta epaimahaia aurrez aurre), epaimahaiaren gainean egon behar zuen kamera batetik baizik. Bideo horietako batean, Joxe Azurmendi lekuko eta filosofoak adierazpen hunkigarriak egiten entzun genuen galdeketan.

Beste pasartea esanguratsuagoa izan zen: Goardia Zibileko komandante bat lehenik, eta teniente bat ondoren, erridikulua egiten galdeketan. Batak esan zuen oso zaila izan zitzaiela, "logistikaren aldetik", Egunkariaren ildoa aztertzea euskaratik itzuli beharra zegoelako eta ez zutelako ulertzen. Besteak, aurrekoaren hankasartzea estaltzeko edo, hartu zuen hitza eta argudio katramilatsu batzuen ondoren azaldu zuen Egunkaria prestatzen ari zela, itxi zuten egunean, telebista eta irratiaren alorrean ekimen berriak hasteko, zertarako eta euskararen hedapenerako! Krimenaren froga argiak...

Bideo pasarte hauek ez daude oraindik Berria.info-n. Agian gaur jarriko dituzte: zalantzak zituzten atzo ea zabaldu zitezkeen ala ez. Epaiketa, dena den, publikoa izan zen, eta han esandako eta ikusitakoak besterik ez ziren izan bideoetakoak.

Hemendik aurrera

Lehen epaiketa joan da, beraz. Eta irabazi da. Baina bigarren auzia, auzi ekonomikoarena, irekita dagoela gogoratu zuen atzo Pello Urzelaik. Horrek, aurrera jarraitzen du, eta azken berria da Dignidad y Justiciaren helegitea atzera bota dutela eta, hortaz, Audientzia Nazionaletik kanpo dagoela kasu hori definitiboki, Donostiako epaitegietan. Gauzak horrela, optismorako arrazoiak daudela esan ziguten atzo.

Laster egongo da dendetan Pello Urzelairen liburua, Amesgaiztoa; Egunkaria auziko epaiketaren kronika. Liburudendetan 12 eurotan salduko da. Berriako harpidedunentzat, eskaintza egongo da 6 euroan erosteko.

Atzoko agerpena, bideoan dago grabatua. Hemen ikus dezakezue.

Erantzunak

Sustatu
2010-06-23 : 17:13

Liburuko pasarte batzuk, Egunkaria.info webgunean jaso dituzte. Baita ere Pello Urzelairekin egindako elkarrizketa hau.


Berriaren webgunea, liburua eskuratzeko aukera.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago