Sustatu logoa Teknologia albisteak

Baietz vuvuzelak zientoka saldu aurtengo Sanferminetan

Sustatu
2010-06-16 10:06

Munduko Futbol Txapelketako lehen faseko lehen partidu txanda gaur ixten da Espainiaren partidarekin. Ondoren, iluntzean, bigarren txandakoak hasiko dira. Lehen partida hauen artetik, Mundialeko hiztegi txikia osatu dugu.

  • Vuvuzela. Zarata egiteko turuta hori...


Vuvuzela jotzen Lurmutur Hirian: Creative Commons Aitortu © cc-by: Flowcomm

Vuvuzela. Zarata egiteko turuta hori. Telebistatik ere sekulako burrundara entzuten da, zer izango da han partidetan, edo Mundialaren ingurukoetan. Injineru batek azaldu du hemen zergatik den haren zarata hain desatsegina. Beste batek, ordenagailu bidez telebistako soinua nola manipulatu daitekeen kontatu du, atzeko soinua kentzeko (telebista modelo batzuekin ere egin omen daiteke; baina ez dakigu ziur ea guzti hori egia den ala ez). Gure pronostikoa: alferrik izango dira isilarazteko ahaleginak, eta fabrikatzaileak eta banatzaileak azkar badabiltza, zientoka salduko dira vuvuzelak aurtengo Sanferminetan.

Blunder. Huts edo kale egitea. Hutsegite eskandalagarria, bereziki. Batez ere, Green atezainak egin zuena Ingalaterrarekin, baina baita beste atezain batzuenak ere, Aljeriakoak eta Paraguaikoak kasu.

Garaipena. Hitzaren esangura berezia asmatu zuen The New York Post egunkariak AEB-k Ingalaterrarekin 1-1 egin ondoren. USA Wins. Estatu Batuek garaitu! Intentzio guztiarekin idatzi zutela ez dugu dudarik egiten.

Gol eskasia. Eskerrak berdinketak garaipentzat har daitezkeen eta atezainek blunderrak egin dituzten, ze gol eskasia benetan larria da Mundial honetan. Hamalau partidatan, 23 gol. Honenbestez, bi partidutan bakarrik gainditu dira 2 gol, 14 partidutan %14 da hori. Eta golen ertaina da 1.64 partiduko. Aurreko mundialetan askoz zifra txukunagoak izan dira. Bi goletik gora izan ziren partiden %41ean bai 2002ko zein 2006ko mundialetan. Eta gol average-a 2.3 golekoa izan zen partidako 2006an eta 2.9koa 2002an.

Iragarkiak. Espainian egin diren horietako bat ederto komentatu du Edorta Arana irakasleak. komentatu du bat Hipernazionalismoa zer den... Guri gehiago gustatu zaigu Ingalaterran egin dutena Little Britain edo Britainia Txikiko esketxa berreginez (mila esker Gilen Mejuto Londrestik hori iradokitzeagatik).

Legea. Zabaldua zegoen albistea Astore marka gipuzkoarra ote zen Ipar Koreako jantzi eta elastikoen egilea. Ez. Ipar Koreak izen euskalduna darama soinean, Legea, baina marka hori italiarra. Nahasmendua eta Ipar Koreako elastikoekin espero diren salmenta handiak Wall Street Journalek azaldu du.


Ipar Koreako bat atzo: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: 지호 | 志浩 / Ji-Ho Park

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu