Teknologia albisteak
8

TomTom-ek bere produktu eskaintza ofizialean sartu du Eibar.org-ek egindako euskarazko bertsioa

Erabiltzailearen aurpegia
Eibar.org
2010-06-04 : 12:06

TomTom markako GPS edo gidatzeko-laguntza sistemekin, TomTom Home 2 izeneko aplikazio bat dator orain, zeinarekin zure aparailua konfiguratu dezakezun. Hego Euskal Herrian Espainiako TomTom Home 2 bertsioa erabiliz, euskarazko ahotsak ere jar daitezke, bere biltegi ofizialean kargatu baititu TomTom-ek Eibar.org elkartean boluntarioek euskaratutakoak.


Argazkiak.org | TomTom 4 © cc-by-sa: sustatu

Windows eta Mac inguruneetan funtzionatzen du TomTom Home 2 aplikazioak. GPS aparailua ordenagailura USB bidez lotzean pizten da.

Honako pantaila irudien sortak erakusten du euskarazko ahotsen instalazio prozesua. Lehen urratsa da bigarren aukerakoa, ahotsak eta abarrak gehitzekoan sakatzea.


Argazkiak.org | TomTom 1 © cc-by-sa: sustatu


Argazkiak.org | TomTom 2 © cc-by-sa: sustatu

Ahotsen aukeretan, grabatutakoak aukeratu behar dira.


Argazkiak.org | TomTom 3 © cc-by-sa: sustatu


Argazkiak.org | TomTom 4 © cc-by-sa: sustatu

Alfabetikoki ageri dira zenbait aukera, eta euskarazko hiru hiztunenak hor daude, Iban Arantzabal, Luis Aranberri Amatiño eta Mikel Iturriarenak. Eibar.org-en izenean emakumezko batek ere grabatu zuen berea, Leire Narbaizak, baina hori ez dute aukeratu.


Argazkiak.org | Tomtom: Eibar.orgen aipua © cc-by-sa: sustatu

Pantaila honetan ikusten da jatorria aipatzen dutela, Eibar.org elkartearena. Ez zuten idatzi baimenik eskatzen, baina ez dio ardura, gu pozik lana berrerabiltzen delako. Hala ere, idatzi behar diegu, eskerrak ematearekin batera, emakumezko baten ahotsa gehitzea ondo egon daitekeela gogorarazteko.

TomTom Home 2 bertsio hau Espainiakoa dela dirudi, eta ez dakigu Ipar Euskal Herrian erabilgarri agertuko zaien erosleei. Nolanahi ere, haiek eta beste edozeinek dute aukera euskarazko ahotsak instalatzeko, fitxategiak Eibar.org-etik jaitsita eta instrukzioak jarraituz, TomTom Home erabili barik.

TomTom Home 2 honekin Eibar.org-eko bazkide batek TomTom One batean instalatu zituen euskarazko ahotsak erraz erraz. Gaztelerazko zenbait bertsio eskaintzen ditu, eta katalanezkoak ere bai, baina galegozkorik ez. Gainera, berezko TomTom One konfigurazioan katalanezko ahots bat aldez aurretik kargatua zegoen aukera gisa: euskarazkorik ez; horiek hemen deskribatutako prozesu honen bidez gehitu behar izan zituen erabiltzaileak.

GPS markaren webgunean TomTom Home-k badu bere txokoa, eta ahots aukera bat ere badago hor, baina katalana agertu arren, euskara ez.

TomTom euskaratuaren erabilpen adibide bat, bideo honetan. Kataluniako egindako TB erreportaia bat da, euskal elizaren gorabeherez, eta Koldo Rodriguez apaizaren autoan goazela, TomTom bat euskaraz mintzo da, Mikel Iturriaren ahotsarekin. Hasieran da, 15. segunduan edo.

Erantzunak

H. Etxeberria
2010-06-04 : 14:19

Leire Narbaizarena ere jar liteke, nik, behintzat, jarrita daukat.

Eskerrik asko lan hau hartu duzuen guztioi.

Josu Mendicute
2010-06-04 : 15:11

Leire Narbaizaren ahotsa, Etxeberria, ez dago TomTomen eskeintza honen barruan. Jartzeko, deskargatu daiteke Eibar.ORGetik (beste hiru ahotsekin batera, nahi bada).


Nik Ibanen ahotsa erabiltzen dut gehienetan, eta ondorioak ditu horrek Iban Arantzabalen reputazioan... nire lagun batzuentzat Elgetako Tomtoma da Iban. :-)


H. Etxeberria
2010-06-04 : 18:14

Josu, nahi duzuna esan, baina nik jaitsi dut Leirerena ere. Probakoan Iturrik dio, "300 metrora, heldu zara" eta Leirek dio "300 metrora, allegau zara". Segur zaude Tom-tom aktualizatuta duzula?

Josu Mendicute
2010-06-04 : 19:32

Nik badaukat Leireren ahotsa, GPSa oparitu zidatenetik, Eibar.org-etik jeitsita. Nondik jeitsi duzu zuk? Tomtomen webgunetik edo Eibarorgetik????

H. Etxeberria
2010-06-05 : 03:18

Normala al da zurea, Josu? Ez baduzu sinetsi nahi, ez sinetsi. Niri bost. (Zure galderaren erantzuna, lehen iruzkinetik emana dizut. Argazkia: http://www.argazkiak.org/photo/narbaizarena-ere/)


iturri
2010-06-05 : 18:32

Aupa.



Izorratu egin zait GPSa eta, orain bai, TomToma erosiko dut. Halere, Amatiño, Iban edo Leireren ahotsak jarriko ditut, norbere buruarekin ez haserretzeko.



@hasier: Josuk ez zuen parte hartu iniziatiba honetan. Eta nik ere, berak bezala, ulertua nuen TomTomaren webgunean ez zegoela Leireren ahotsa. Ez dakit berriki konpondu duten edo gure arteko gaizki ulerturen bat izan den.

Josu Mendicute
2010-06-05 : 20:01

Barkatu insistentzia. Iturrik dion bezala, hasieran ez zegoen Leireren ahotsik Tomtom-en eskeintzan, hori aipatu genuen Eibartarrak posta zerrendan eta hori aipatzen du artikulu honek ere bai. Ez zait batere atsegina egin erabili duzun tonu hau:


Mendicute tematu egin da, berak jakingo du zergatik. Publizitate merke bila ez ote dabilen datorkit burura, berak (ere) Tomtoma euskaratu duela erakusteko edo. Ez baita normala hiru-lau bider gauza bera esaten ibili beharra. Lehen iruzkinetik dago esanda dena.

Leireren ahotsa berriki jarri dute, bistan denez. Lehen ez zegoen. Horregatik uste nuen Eibar.ORGetik deskargatuko zenuela eta ez genuela zuk eta biok elkar ulertzea lortzen, besterik ez.


H. Etxeberria
2010-06-06 : 00:47

Arrazoi duzu tonuarenean. Barkatu. Baina niri ere ez zait batere gustatu erakutsi duzun nirekiko mesfidantza. Soilik nahi nuen aitortu eta eskertu lan hau hartu dutenen lana eta hara non eta zertan gabiltzan. Domaia.

Erantzun

Sartu