Teknologia korrika doa Aliziaren untxiaren moduan, noraezean baina, eta tresna teknologiko bat jaio orduko, zenbaitetan jaio aurretik ere, tresna berri horien inguruko aplikazio didaktikoak hizpide dituzten artikuluak topatzen ditugu (cool hunterrek y halakoek idatziak). Tresna bat jaiotzeak beste tresna batzuen heriotza ekarri behar duela dirudi.
(Artikulutxo hau @eraser-rekin izandako elkarrizketetatik eratorritako inspirazioaren emaitza da, baina, hori bai, neu naiz adierazpen-erroreen, terminologia-akatsen eta hemen azaltzen dudan posizioaren arduradun eta erantzule. Beste izenburu posible bat: Objektu, plataforma eta bestelakoen heriotza iragarria baina ez amaitua / Hausnarketak eta ideiak)
Ez dut uste hala funtzionatzen dugunik. Gizarteak etengabe aldatzen doaz, baina pertsonak ez dira hain azkar aldatzen; era berean, ingurune birtualetan, tresnak ziztu bizian aldatzen dira baina pertsonen pentsaera ñabardura bakan batzuetan baino ez da aldatzen. Ezin da paradigmaz aldatu tresna bat sortzen den bakoitzean.
Horri ikusten diodan zailtasun bat da zenbat eta gehiago aurreratu teknologia, hainbat eskuraezinago dirudiela eta ondorioz, jende gehiago geratzen da atzean. Teknologia berrietara azkar egokitzen diren erabiltzaileen elitea sortzen ari da (early adapters deiturikoak hiri-tribuen modukoa da ingurune birtualetan) eta arraila gero eta handiagoa da. Arraila hori ez da konponduko portatilak han-hemenka barreiatzearekin, Eskola 2.0ko eromenaren markoan.
Ikuspegi horretatik, lau tresnari buruz hitz egin nahi nuke, akabatu bai baina hil egin ez direnak:
Ikaskuntza-objektuetatik has gaitezen, bada.
David Willey-k berak esan zuen, ikaskuntza-objektuen ustezko aiten artekoak: teknikoak metadatu eta estandarren formatu perfektuei buruz eztabaidatzen ari diren bitartean, erabiltzaile errealek (irakasle eta ikasleek) dagoeneko sortuak dituzte euren objektuak, web nabigazioan eta etiketetan oinarriturik besterik gabe.
Nolanahi ere, ikaskuntza-objektuen oinarrizko errorea da elementu estatikoak direla, estrukturalak, eta sarea egitate dinamikoa da, norabide eta formatu ezberdinetan isuritzen dena. Jariatzen diren sareek talka egiten dute aurrez definituriko objektuekin. Horren adibide gisa, zenbat eta konplexuagoak izan objektuak, orduan eta azkarrago iraungitzen dute eta erabilgaitzagoak dira, nahiz eta guztiz estandarrak izan eta metadatu asko ezarrita eduki. Bide horretan horrenbeste diru inbertitu denez, beldurra ematen dit pentsatzeak zenbaterainoko interesak egongo diren objektu hauen errentagarritasuna zuritzeari begira.
Bestalde, biltegiak kategorizatzeko erabiltzen diren metadatuak eta ontologiak normalean terminologia teknikoa da eta ondorioz, ez da oso eskuragarria ikaslearentzat, ez baitaki oraindik jakintza-arlo horretan bilaketa esanguratsuak egiteko gakoak. Hala, irakasleek erabiltzeko objektu bihurtzen dira, ikasle autonomoentzat oso eskuragarriak ez direnak.
Ba LMSak ikaskuntza-objektuen lehengusu handiak dira, ikaskuntza-objektuak LMSetan erabiltzeko diseinatzen baitira. Biak ala biak dira objektu, egitura, irakasleen terminologian oinarritzen dira eta nahiko espazio itxiak dira (egituratuak izanik). Zenbat eta gehiago egituratu zerbait, hainbat eta talka handiagoa eragiten dute sareetako informazio eta ideien jarioaren aurka. Kasu honetan ere, inbertsio handiak egin dira, hardwarean batik bat baina baita neurrira egindako garapenetan, beraz, nolabait amortizatu beharko dira.
Halan ikusita, oraintxe bertan akabatu genitzake objektuak eta plataformak. Hala ere, balioa ikusten diet, benetan. Beharbada balio hori ikusten diet niretzat neuretzat, irakaslearen ikuspegitik, aurrerapen handia izan direlako, baina era berean, ulertzen dut ikaskuntza-prozesuetan pribatutasuna behar dela, praktika, saiakera, prozesu gardena izan badaiteke ere, "praktikarako gunea"ren antza izan behar duen espazio batek lagun dezake.
Nire ikuspegitik, LMSek bi zeregin hauek ondo betetzen dituzte:
Nolabait, LMSak ikaskuntza-objektu sekuentziatu edo antolatuekin eta jarduerekin batera, ikaskuntzaren bulego teknikoak izan daitezke edo, ikuspegi erradikalago batetik ikusita, oraindik sarean bizi ez diren pertsonentzat, sarea bizi ez dutenentzat, turismo-bulego moduko bat izan daitezke, sarean turisteatu ahal izateko gida moduko bat. Azken batean, denok ez gaude prestaturik sareak geure egiteko bere sakontasun intelektual eta pedagogikoan.
Zer esan, orduan, blogei buruz? Blogen heriotza presa handiz iragarri da, ez dut gaizki pentsatu nahi baina egia da blogek botere ideologikoa dutela, informazio-biltzaile direla eta, batez ere, jakintzak ernamuintzeko eta hazteko lur aberats izan daitezkeela. Jakintzaren ernamuintze hori kimatzen badugu, blogak akabatzen baditugu, edukien ekoizpenean oinarritutako ikaskuntza eta sakontasuna mozten ariko gara.
Ustez, blogak ez dira hain beharrezkoak sare sozialak ditugunetik, askoz horizontalagoak baitira hauek, eta itxuraz demokratikoagoak. Blogean, administratzaileak harreman asimetrikoa sortzen du bere iruzkin-egileekin, eta sareetan, aldiz, pertsona guztiek maila berean har dezakete parte. Horrek ikaskuntzari begira arazo bat eragiten du: sareetan, partehartzeen sakontasuna murritzagoa da, ze elkarrizketetan ezin du kide batek azalpen luzeegirik eman elkarrizketa orekatua izateko. Aurrez aurreko elkarrizketetan gertatzen den eran, ezin dugu nahi adina hitz egin elkarrizketa desorekatu gabe. Ondorioz, partehartze egokien idatzigabeko arauek berauek mugatzen dute partaideen autonomia eta ideia konplexuen idatzizko elaborazioa.
Hala, dagoeneko hainbat pertsonari entzun diot ning sareetako "kide" direla baina beren partaidetza pasiboa dela, Facebook-eko jarraitzaile izatearen antzeko zerbait, partaidetza txikiko atxikipena. Komunikazio-tresna gisa, itxiegia da Twitter eta antzekoen aldean, eta ideiak trukatzeko gune izateko, mugatua eta errepikakorra da, izan ere, debate berberak zabaltzen dira ning sare desberdinetan eta, ondorioz, gauza bera espazio desberdinetan argumentatzeaz nekatzen gara.
Blogak hasieran lehertu ziren eta gero murriztu, hori oso logikoa da, ez da arrazoi nahikoa beren heriotza argumentatzeko. Ikasleari hazten eta han-hemenka aurkitutakoa bersortzen laguntzen diote. Pentsa dezakegu blogak direla erabiltzailearen portfolio naturalak.
Ikuspegi horretatik lan egiten badugu, uste dut ez dela beharrezkoa izango inolako sistemari lepoa moztea, oraingoz behintzat. Egin beharko duguna da gure irakasle-zereginak berregin, norabidea doitu, ikasleek medioa mendean har dezaten gure bulegoetara apenas gerturatu gabe, noizean behin mapa bat hartzeko baino ez.
Oharra: segur aski post hau ere interesatuko zaizu: Online Learning: Tendencias, Modelos Y Dinámicas Del Futuro De La Educación - Parte 2 (vía @eraser)
Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Ez merkataritzarako Partekatu © cc-nc-by-sa, baimenarekin: Ainhoa Ezeiza
Mila esker azalpenengatik.Beharbada testuinguruz aldatuta ez da hain ondo ulertzen.
Hezkuntzarako IKT aplikazioen esparruan, etengabe ari dira halako artikuluak idazten: blogak hil direla, LMSak (moodle eta antzekoak) ere konektibismoaren testuinguruan hilda daudela, orain Personal Learning Environment (PLE) eta sare sozialak direla ikaskuntza informalaren iturri...
Azkenean irakasle arruntok halako sentsazioa dugu bakoitzak bere produktua saldu nahi digula, hori ez da modu ona IKTak curriculumean integratzeko. Hortik kritika-artikulutxo hau.
Pintxos&Blogs gaztelaniaz izango da, bai, euskarazko halako tertuliaren bat asmatu beharko dugu Donostiarentzat ;)
LMS edo Learning Management System-ak dira ikaskuntza kudeatzeko sistemak; adibidez Moodle plataforma litzateke halako bat.
Ning sare horien adibide gisa... horra Euskara Irakasleak plataforma Ning-en.
Bihar ostirala, apirilak 9, Ainhoa Ezeiza izango da Donostiako Pintxos & Blogs izeneko ekitaldian, Donostiako Via Fora jatetxean 20.30etan. Berarekin egongo dira Maite Goñi eta Tere Dorronsoro. Badirudi gaztelaniaz izango dela.