Teknologia albisteak

Donald Trumpek ez daki Uno jolasten

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 08:58

Lehengoan aipatu genuen Iranen slopaganda trebearen ondoan, sare sozialetan daramaten estrategia orokor baten kokatzen da kontua. Bereziki, Iranek munduan zehar dituen enbaxada eta kontsultatuetako sareetako kontuak memeekin arin-arin ari dira. Bereziki Estatu Batuetatik errazten badiete jokaldia. Halako kasu bat gertatu zen duela egun batzuk, Uno karta-jokoaren eskutik. Donald Trump-en izenean norbaitek meme-irudi azkarra egin zuela pentsatu zuen, Uno karta batzuk erakutsita... Baina ez zen izan hain jokaldi abila.

Horra Donald Trump-ek zein irudi zabaldu zuen bere Truth sare sozial propioan. Zalantzarik gera ez zedin, Etxe Zuriak Twitterren eta beste toki batzuetan zabaldu zuen.

"Neuk ditut karta guztiak", zioen Trumpen mezuak. Erakusten dituen 6 Uno kartak ez dirudite arauzkoak... Adimen artifizialak WILD (basati, edo karta komodina agian) gehitu duela dirudi... Nolanahi ere Uno jokatzen dakien edonork dakien bezala, Unon kontua ez da karta guztiak edo karta asko izatea... Kartak gainetik kentzea da koxka! Esku huts geratzen den lehenak irabazten du!

Hain zuzen ere Irango sareetako kontuak konturatu ziren detaileaz, eta batek bederen honela erantzun zion:

Hau ere adimen artifizialarekin edo fotoxoparekin egingo zuten, hedabideetan agertu izan den Irango eledun militar baten irudiarekin. Karta kopuruari dagokionez, Trumpek baino gutxiago ditu, lau. "Bai, karta gutxiago dugu guk", zioen irudiaren itsatsi zioten testuak.

Gainera irandarraren lau kartak, lau dira oso onak. +4 irakurtzen den 3 horiek, zera egiteko dira: lau karta hartzera behartzen duzu kontrarioa. Alegia, bestearen posizioa nabarmen txartzeko balio dute. Eta beste karta zuribeltza, lehen planoan daukana, ez da berez Unoko irudi ofizial bat... Zero moduko zeinudunak badaude, baina beste kolore batzuekin. Nolanahi ere, zero modukoaren esanahia da hurrengo jokalaria blokeatzea eta txandapasa egitea. Biren artean bazabiltza, bestea blokeatuz, norberaren txanda berriro.

Blokeoko karta irandar horrek, hain zuzen, erreferentzia azkarra dirudi Ormuzko itsasarteko egoerari egindakoa.

Mezua eta erantzuna, hemen.

Erantzun

Sartu