Espainiako telebistako lehiaketa arrakastatsuena Antena 3 katetik desagertzear egon daiteke. Pasapalabra lehiaketa Atresmedia eta Mediaset taldeen, eta beren telebista nagusi diren Antena 3 eta Telecincoren, borroka baten muinean egon da urte luzez. Aste honetako Espainiako Auzitegi Gorenaren epai batek ebatzu du Atresmediak ez duela egile-eskubiderik lehiaketaren azken fase erakargarriaren proba emateko, El Rosco esaten zaio lehia, eta ondorioz emisioa eten beharko da. Era berean jakin da Mediaset / Telecinco jabetu dela Roscoaren eskubideez (ez lehiaketa osoaz), eta laster horretan oinarritutako lehiaketa bat antolatuko dutela uste da.
Borroka eta auzi honen kronologia Vertele blogean irakurri dugu nagusiki.
Jatorrian 1996ko BBCren lehiaketa bat dago, The Alphabet Game (oker dago Verteleko artikulua horretan, 1991eko lehiaketa dela esaten baitu). Lehiaketara bertaratuek letra jakin batzuekin hasten ziren hitzekin jokatu behar zuten. Ez zuen asko iraun, ezta urtebete ere ez: 1997an eten zen. Formatu haren eskubideak, ordudanik, ez dira BBCrenak baizik eta ITV Studios ekoiztetxe / telebista britainiarrenak.
Garai bertsuan, 1998an, beste lehiaketa formatu bat asmatu zuten Luigi Pianta eta Rene Mauricio Loeb ikus-entzunekoetako profesionalek. 21x100 zeritzon gauza horri, eta eskubideak MC&F ekoiztetxe holandarraren esku geratu ziren. Formatu honetan biribil batean agertzen ziren 21 hizki, eta txandaka eta definizioen arabera, bi jokalarik asmatu behar zituzten hitzak. El Rosco delako probaren formatua hori da, funtsean.
1999an, bi gauzen bateratze bat gertatu zen Italian, Mediaset Italia telebista-kateak The Alphabet Game egokitu zuen, baina azken txanparako 21x100 egokitu bat gehitu zioten, Ruota delle lettere izenarekin. Lehiaketa italiar hibrido berriak Passaparola izena hartu zuen.
Espainian, Italikoaren kopia bat hasi zuen Antena 3 kateak 2000. urtean, BocaBoca ekoiztetxe espainiarrarekin elkarlanean. Amaierako Roscoak 25 hizkiko gurpila erakusten zuen, eta formatu horrek iraun egin du Espainian. Lehiaketa haren kredituetan, The Alphabet Game-ren eskubideen eta haren bertsio frantsesaren aitortza egiten zen, baina Roscoaren jabe omen ziren MC&Frena ez. Lehiaketa hark izan zituen aurkezletzat Silvia Jato, Constantino Romero eta Jaime Cantizano, eta nahiko arrakastatsua izan zen, baina 2006an eten egin zuten.
2007an eskubideez jabetu zen Telecinco / Mediaset, eta Telecincon berrekin zitzaion lehiaketari. Hasieran BocaBocarekin batera egiten zen, baina 2009an ekoiztetxe horrekin hautsi zuten, eta kontratu zuzena egin zuten ITV Studios-ekin. Hala ere, ITV eta Mediaseten arteko harremana berehala okertu zen, eta auzibideetan hasi ziren elkarren kontra. Telecincoren kontrako epaiak poliki etorri ziren, baina jarraian, merkataritzako auzitegi batean 2014an lehena, gero Madrilgo Entzutegi Probintzialean 2016an, eta azkenean Espainiako Gorenaren azken epai derrigorrezkoa 2019an. Telecincok emisioa eten egin behar izan zuen. Tarte horretan, Cristian Gálvez izan zen aurkezlea, 2007tik 2019ra.
2020an ITV eta Atresmedia eskubideetab ados jarrita, lehiaketa Antena 3ra itzuli zen, eta harrezkero Roberto Leal izan da aurkezlea. Pasapalabrako fase honetan, aurrekoetan bezala, irismen arrakastatsua du lehiaketak, eta bere parterik gozoena amaierako proba da, Roscoa. Baina 2020tik aurrera berriro hasi ziren auzibideak, kasu honetan MC&F-k aurkeztuak parte zehatz horren inguruan: El Rosco zen kontua orain, ez Pasapalabra lehiaketa osoa. Auzibide horrek Espainian eta Europan izan ditu gorabeherak, eta aste honetan iritsi da azken epaia, Espainiako Auziegi Gorenarena: agindu dio Atresmediari Roscoa kentzeko Antena 3tik. Erabakia jakin eta lehen egunean, atzo aurretik grabatutako lehiaketa osorik eman zuten, baina ez dakigu gaur zer egingo dute. Jarraitzea zaila izango da.
Aldi berean jakin da MC&F-ren zati espezifikoaren eskubideak, Roscoarenak, erosi zituela Mediasetek Espainiarako duela urtebete. Epai honekin lehiaketa berria antolatuko dutela pentsa liteke. Nekez deituko da Pasapalabra, baina Roscoa barruan izango duela pronostikatu daiteke, eta Telecincon izango dela.
Irudian, Sofia Alvarez de Eulate bilbotarra erroskoaren barruan. Alvarez de Eulatek 2021ean irabazi zituen 446.000 euro Roscoa asmatuta Antena 3ko Pasapalabran.
Erantzun
Sartu