Inoizko espaziontzi handiena eta kohete indartsuena jaurtiko du bihar Spacex enpresak (Elon Musk-en enpresetako bat). Hau idazten dugun unean 31 ordu falta dira, eta dagoeneko zuzeneko irudietan ari dira probetan. Test erako hegaldia izango da, baina marka batzuk hautsiko dira, eta ondo irteten bada, lorpen handiagoetarako bidea emango du.
Starship V3 kohetea jaurtiko dute bihar. Bi zati nagusi ditu, koheteak azpian (sekula egin diren indartsuenak) eta eskifaiarentzako ontzia goian (bihar hutsik doan arren, pertsonarik gabe). Bata bestearen gainean, metro bat garaiago da aurreko kohete handienarekin alderatuta.
V3aren bi parteak banandu egingo dira, eta kohetearen azpikoa itsasora zuzenduko da. Etorkizunean zutik lehorreratuko dela espero da, berreskuratzeko bere gorputza, baina bihar itsasoko diana batean zutik bermatzea du helburu: ondo asmatzen badu ere, itsaso azpira joango da.
Goiko ontzi-partea atmosferatik irtengo da doi-doi, hau da, espaziora iritsiko da, baina berriz sartuko da beherantz, eta ondo bidean, parte hori ere itsasoko beste diana batera zuzenduko da, jomugan zutik asmatzeko itxaropenarekin (nahiz eta gero azpira joan hori ere). Hori baino lehenago, atmosfera eta espazioaren arteko tenperatura eta frikzio muturrekoak ondo jasaten dituen ikusi beharko da. Esan bezala, ez doa inor ontzian, baina gainean mini-satelite sorta bat darama, eta horiek han askatuko ditu espazioaren mugan, eta satelite horietako batzuen funtzioa prozesua filmatzea izango da.
V3 jaurtiketa ondo irteten bada, hurrengo fase batean probatuko dute ea espazioan erregaiz kargatzeko modua egiten den. Eta ondo bidean, ondo bidean, ilargirako bidaia tripulatuetan lagungarri izatea.
Hegaldiaren azalpen teknikoa eta eskema, hemen. Zuzeneko emanaldia, Youtuben.
Erantzun
Sartu