Teknologia albisteak
3

2009ko CAF-Elhuyar sarien irabazleak

Erabiltzailearen aurpegia
Elhuyar Fundazioa
2010-03-22 : 14:03

Dibulgazio-artikulu orokorren alorrean, Leyre Echeazarra izan da irabazle, ispilu-neuronei buruzko lan batekin. Xabier Artaetxebarriak Aipamen Berezia jaso du. Itziar Tuerosek doktore-tesi batean oinarritutako dibulgazio-artikuluen saria jaso du, Bizkaiko Labe Garaien arrastoei buruzko lanagatik. Zientzia-kazetaritza arloko lanen irabazlea Argia aldizkariko Unai Brea kazetariak jaso du, adimen artifizialari buruzko lanarengatik.

zientzia eta teknologiaren –dibulgazioa sustatzeko 2009 CAF-Elhuyar Sariak banatu dira berriki. Aurtengo sari-banaketak (16.a dagoeneko)muntaia multimediarik ere izan du; besteak beste, zuzeneko bideo-emanaldiak eta DJ-ak.

Ikuskizunaren formatua ez da, haatik, aurtengo ekitaldiaren berrikuntza bakarra izan. Izan ere, dibulgazio-artikulu orokorren sariari beste hauek gehitu zaizkio: egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluen saria, zientzia-kazetaritzaren arloko lanen saria eta gazteei zuzendutako zientzia-narrazioen saria. Kategoria guztiak kontuan hartuta, 34 izan dira aurkeztutako lanak, eta hauek erabaki ditu epaimahaiak garaile:

Dibulgazio Artikulu Orokorren Saria: Leyre Echeazarra Escudero Neurozientziaren arloko ikertzaile honek “Ispilu-neuronek besteen larruan jartzen gaituzte” lanarengatik jaso du saria: 2.000 euro, diploma eta Imanol Andonegiren eskultura. Hasiera-hasieratik erakarri ditu epaimahaikide guztiak lan honek, ispilu-neuronena, gai berritzaile eta originala izateaz gain, oso “gurea” baita: irabazleak bere lanean dioenez, “ispilu bizidunak” gara gizakiok. Bestalde, epaimahaiaren hitzetan, “burmuinaren enpatia-prozesua tratatzean, gizakion ikasketa-prozesuaren ikuspegi berri bat ematen du lan honek”.

Lehengo urteko irabazleak ere izan du lekurik aurtengo ekitaldian. Saririk gabe geratu bada ere, Xabier Artaetxebarria Artiedak aurkeztutako “Bizitza pizteko tximista” lanak bikain bete ditu dibulgazioren eta komunikazioaren ezaugarriak, eta izenburutik bertatik harrapatu ditu epaimahaikideak bizitza piztuko duen tximista non erokiko den jakiteko gogoak. Horregatik, Aipamen Berezia ematea erabaki dute, aho batez.

Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluen saria: Itziar Tueros Gutiérrez Azti-Tecnalian itsas ikerketan diharduen Itziar Tuerosek “Bizkaiko Labe Garaien lorratzak Sopelako hondartzetan” lanagatik jaso du saria (2.000 euro, diploma eta Andonegiren eskultura). Bizkaiko Labe Garaien ondarea aztertu du egileak bere doktore-tesian, eta Sopelako hondartzetan labe-garaiek isuritako hondakinen arrastorik geratzen den ikertu du, baita oso era ulergarrian laburbildu ere bere lana sariketara aurkeztutako artikuluan. Epaimahaiaren hitzetan, lan honek “ipuin bat balitz bezala” eramaten du irakurlea tesiaren emaitzetara.

Zientzia-kazetaritza arloko lanen saria: Unai Brea González Kategoria berri honetan, Argia aldizkariko kazetaria izan da garaile, urrian argitaratutako “Adimen artifiziala. Iritsiko dira gure parera?” lanarengatik. Epaimahaikideek hiru ezaugarri hauek nabarmendu dituzte aurkeztutako lanean: artikuluaren erakargarritasuna, publiko orokorrari irakurterraza eta atsegina atsegina egitea, eta edukiak maila zientifiko egokia edukitzea.

Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioen saria: ebatzi gabe Kategoria berri honetan aurkeztutako lanen maila ez da nahikotzat eman, ez estilo, ez eduki aldetik. Garbi dago, beraz, badagoela zer eginik gazteei zientziari buruzko gaiak erakargarri egiteko ekinean. Horretan jarraituko du aurrerantzean ere, buru-belarri, Elhuyar Fundazioak.

Lan irabazle guztiak maiatzeko Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian argitaratuko dira, sariketari buruzko gehigarri berezi batean.

Luis Mari Bandres zenari, bestalde, Merezimenduzko Aipamena eman zaio aurtengo CAF-Elhuyar sarietan. Ohorezko kategoria berri honi hasiera emateko, ingeniaritzan doktore, irakaskuntzan gidari eta euskara zientifikoaren aitzindari ez ezik Elhuyarren sortzaile eta lehen lehendakari izandako Bandres baino pertsona egokiagorik aurkitzea zaila zen. Egungo Elhuyarreko lehendakari den Jose Mari Rodriguez Ibabek eman dizkio Bandresen familiari bertsoa eta eskultura oroigarria, eta biziki goraipatu du Bandresen bizitza eta lana.

2007ko CAF-Elhuyar sarietan zientzia dibulgazio lanetan irabazle izan zen Javier Navarro Los Arcosek, berriz, Fisika eta metafisika liburua aurkeztu du. Ekitaldian izan direnei liburuaren ale bana eman zaie.

Epaimahaia Lan sarituak bi epaimahaik ebatzi dituzte. Dibulgazio-artikuluak eta kazetaritza lanen balorazio eta hautaketaz euskararen eta zientziaren arloan eskarmentu handiko profesional hauek arduratu dira: Itziar Alkorta, Zuzenbide Zibileko irakaslea eta bioetikaria; Jose Maria Pitarke, fisikaria eta CIC-Nanoguneren zuzendaria; Juan Ignacio Pérez Iglesias, biologoa eta EHUko errektoreordea; Rosa Díez Urrestarazu, kazetaria eta Euskadi Irratiko zuzendaria; Jose Mari Rodríguez Ibabe, ingeniaria eta Elhuyar Fundazioko lehendakaria

Gazteentzako narrazio lanen epaimahaia, berriz, gazteentzako idazle-lanetan eskarmentu handia duten lagun hauek osatu dute: Teresa Irastortza, idazle-eskolako zuzendaria; Jesus Mari Olaizola “Txiliku”, idazlea, biologia-irakaslea eta euskara-zuzentzailea; eta Josu Waliño, Elhuyar Fundazioko Berrikuntza eta Proiektu zuzendaria eta gazteentzako ipuin-idazlea.

Informazio gehiago: Zientzia.net-en

Erantzunak

Gorri
2010-03-22 : 18:31

Atentzioa eman dit gazteen saria "ebatzi gabe" geratu dela irakurtzeak. Elhuyar hiztegian "ebatzi" sarreraren ordain hauek ikusi ditut: decidir, solucionar, resolver; dirimir, fallar, determinar. Beraz, ez al da egokiagoa saria "eman gabe" geratu zela esatea? "Saririk ez ematea ebatzi zuen epaimahaiak". Lagun batek zioen bezala, "basamortu" geratu dela, alegia. ;-)

Aitor
2010-03-22 : 20:20

Niri neuri egoki-egokia iruditzen zait "ebatzi gabe" delako esamoldea lehiaketetan sariren bat eman gabe geratzen denerako. Besterik da "ebatzi", "ebazpen" eta halako berbak ezagutzea edo ez... Hiztegira jo duzunez...

Gorri
2010-03-23 : 07:57

Joño Aitor! Elhuyar hiztegiak berak baino gehiago dakizu, itxura denez. "Ebazpen" ezaguna zait, baina ez testuan ageri den adierarekin, eta horregatik jo nuen badaezpada hiztegira. Berrian "ebatzi gabe" geratu zela irakurrita, nik interpretatzen dudana da ez zela erabaki, zehaztu, adierazi; eta ondoren irakurritakoaren arabera, badirudi epaimahaiak erabakia hartu, hartu zuela: saria "ez ematea", alegia. Beraz, hiztegiari adiera berririk gehitu ez bazaio behintzat, iruditzen zait berria ez dagoela ondo idatzita; saria ez zen "ebatzi gabe" geratu, "eman gabe", bai. Edo bestela eskertuko nizuke azalpenak ematea, Aitor.

Erantzun

Sartu