Teknologia albisteak
2

Suzedido batzuk 21. mende honetakoak

Erabiltzailearen aurpegia
garaigoikoa
2010-03-04 : 10:03

EHUk hilero Campusa aldizkaria argitara ematen du. Eta hilero Kike Amonarrizek artikulua idazten du bertan. 2009ko urrikoan honako artikulu hau eman zuen argitara: Suzedidos Baskos.

Suzedidos Baskos

Suzedidos Baskos

Euskal Herrian oso errealitate soziolinguistiko desberdinak bizi ditugu. Historian aspaldikoa den aniztasun hori, gainera, areagotu egin da azken urteotan. Pentsa dezagun une batez, zein modu diferentetan bizi diren euskaraz Balmaseda, Lekeitio, Gasteiz, Tolosa, Arantza, Baiona edo Altzürüküko euskaldunak edo nola bizi duten euskara bertako erdaldunek.

Egoera desberdin horiek, hizkuntzen inguruko oso bizipen desberdinak eragiten dituzte herritarrengan. Oso ikuspegi desberdinak dituzte euskaldun zaharrek edo berriek; oso inguru euskaldunetan bizi direnek edo euskara apenas hitz egiten den hiri eta zonaldeetan bizi direnek. Horien erakusgarri XXI. mendeko suzedido hauek.

Euskara = eskola

Bilboko Etxebarria Parkean gaude. Igande goiza da eta hamar urteko mutikoa jolasean ari da beste mutiko batzuekin. Halako batean, batek honela galdetu dio:
- ¡Oye! ¿Tu padre es maisu?
- No. ¿Qué pues?
- ¡Hombre! ¡Es domingo y te está hablando en euskera!

Euskararen zuzentzaile automatikoa

Muskizko Kultur Etxean gaude. Guraso erdaldunei emandako hitzaldia amaitu da eta ama bat inguratu zait:
- Mira, Kike. Es que hasta ahora no me había atrevido a preguntárselo a nadie, pero...
- Tranquila... ¿Qué te preocupa?
- Es que con el castellano esto no pasa.
- ¿Pero pasar, qué?
- Mira, es que cuando empiezas a hablar en euskera, nada más empezar a hablar… ¡Todo el mundo te corrige!... ¡Y todos diferente!

Gure herrian arrotz I

Baionan gaude. Euskal Museoaren atarian. Garazi aldean euskara ikasi duen japoniar honi Euskal Museoa bisitatzea otu zaio gaur. Sarrerako leihatilara hurbildu da eta:
- Egun on! Nahi nuke museoa ikusteko sartze bat erosi.
Eta sarrerak saltzen dituenak:
- Pardon! Mais je ne parle pas le japonais!

Kalitatean irabazi ala galdu?

Tolosara egingo dugu jauzi. Euskararen kalitateari buruzko hitzaldi guztiak adibide honekin hasten nituen:

Guk hamalau urte genituenean, Tolosako kaleetan eta gazteon artean ez genuen sekula akatsik egiten euskaraz hitz egiterakoan. Inoiz ez genuen okerrik egiten gure artean euskaraz ari ginenean... Beti eta denok erdaraz egiten genuelako!

Gezurra badirudi ere, urte haietan eta Tolosan, ez zegoen kalean euskaraz egiten zuen bertako gazteez osaturiko koadrilarik. Euskararen kalitateari dagokionez, beraz, zer egin dugu, irabazi ala galdu?

Gure herrian arrotz II

Tolosan jarraitzen dugu. Mende hasiera da eta Iurre auzoan gaude. Alaba txikiarekin paseatzen ari naizela, beste haur bat gurutzatu dugu. Alabak hizketan entzun dio bere amarekin, eta burua jiratuz, honelaxe esan dit zeharo harrituta: Aita! Ume hori sitano ari da! Harrigarria egin zaio Tolosan adin txikiko ume bat erdaraz entzutea.

Guraso anormalak

Donostiara joko dugu azken suzedidoaren bila. Zazpi urteko alaba afaltzen ari da gurasoekin. Kezkaren bat dabilki buruan eta azkenean kanporatu egin du: Ama, zuek zergatik ez zarete normalak? Zergatik egiten duzue beti euskaraz?

Erantzunak

Ander Goñi
2010-03-04 : 10:52

Suzedido hauek irakurtzean, nik bizitako bat etorri zait gogora. Hemen nire euskaldunak atzemateko makinaren berri

Sustatu
2010-03-05 : 14:14

Serio Demonio atalean aterako dute datorren igandean, Suzedido hauetatik abiatuta, beste bat, Joxemiel Bidador protagonista duena.


Erantzun

Sartu