Hobariak ovárica bihurtu dira Donosita efektuaren eraginez
Donosita efektua esaten diogu Sustatun Word prozesatzaileak auto-zuzenketa automatikoki gaztelaniaz eragitean sortzen dituen arazoei. Jaurlaritzak argitaratutako lege baten testuan agertu da gaur hona dakarkigun adibidea: hobariak > ovárica.
Gaurko adibidea, Mikel Iturbek aurkitu du eta Flickr-eko Euzkal Errian Euzkaras taldera igo du. 2006ko Uraren Legearen testua errepasatzera joan zen Iturbe EHAA buletinera, eta hantxe dago, hobarien ordez, ovárica bitxia. Iturbek kontatu digunez, ez da gainera testuan topa daitekeen bakarra, pixkat beherago, badago larica dago ipinita "larriak" beharrean. Lege osoa omen dago perlaz beteta.
Donosita efektua esaten diogu honi, ze Word-en gaiztakerietan gertatzen den adibiderik tipikoena horixe da, Donostia zein erraz bihurtzen duen Donosita, eta oker horiek, nahigabean, nola hedatzen diren testuetan. Ikusi Googlen bilaketa.
Kasu antologikoa izan zen, halaber, Onintza Enbeita bertsolaria Ninotas Hembrita bihurtu zenekoa.
EHAA buletinean ez da efektu hau normalean gertatzen. Kalitate kontrol txukuna egon ohi da. Hala ere, OpenOffice ezarri arren Microsoft Word-ekin jarraituko duenez Jaurlaritzak, arriskuak bizirik jarraituko du etorkizunean.
Erantzunak kargatzen...