EiTBk nahiago erdaldunak, euskaldunak baino
Ostrazismo beldurgarrian galduta dabil EiTBko Zuzendaritza Nagusia. EiTBko Administrazio-kontseiluaren azken bileran onartu da Alberto Surio Zuzendari Nagusiaren proposamen bat, zeinaren bitartez bi katedratiko erdaldun izango baitira EiTBren ordezkari, Euskal Telebistak udaberri honetan egingo duen lan-enplegu publikorako eskaintzan. Katedratiko horiek, biak dira gizonezko eta biak EHUko irakasle. Bietako ezeinek ez du telebistaren gaineko ezagutza praktiko jarraitu eta frogagarririk. Horra ze hautu ederra egin duen EiTBren Administrazio-kontseiluak aste honetan.
Otsailaren 23an erabaki du EiTBko Administrazio-kontseiluak lan-deialdi publikoa egitea. Berrogei lagunetik gora kontratatuko ditu komunikazio-enpresak: kazetariak, kamarak, teknikariak, era guztietako laguntzaileak...
Kontratatuak izateko, azterketa teorikoak eta praktikoak gainditu beharko dituzte hautagaiek. Eta, azterketa horiek diseinatzeko, egikaritzeko eta kudeatzeko bi katedratiko izendatu berri ditu EiTBk. Bi katedratiko horiek izendatuta, lan-eskaintza publikoa abiarazi da dagoeneko.
Nortzuk dira katedratiko horiek? Jose Antonio Mingolarra eta Santos Zunzunegi.
Perfil desegokia dute biek. Zergatik?
Bada:
- Biak dira gizonezkoak.
- Biak dira unibertsitate-irakasle elebakar. Ez bata ez bestea ez dira testu akademiko bat euskaraz garatzeko gauza, eta ez dute ezelako produkzio akademikorik sortu euskaraz. Egunon esateko gauza litzateke bat; bestea, aldiz, ezta hori ere.
- Bietako inork ez du ezagutza praktiko jarraiturik telebistaren gainean, curriculum teorikoa garatu baitute biek beren karrera profesionalean.
- Ez bata ez bestea ez dira ez komunikazio- ezta informazio-zientzietan lizentziatu: bat ingeniaria da eta bestea ekonomilaria. Nahiz eta biek garatu duten beren irakasle-jarduera Gizarte- eta Komunikazio-zientzien fakultatean.
- Biak dira fakultate eta departamentu berekoak. Eta EHUn, hiru edo lau departamentuk dute telebistaren gaineko irakaskuntza.
Nola hartu da erabaki hori?
Bada, PSE eta PPren aldeko botuekin. Abstenitu egin zen EAJ botazioan. Kontrako boza eman zuen Aralarrek.
Erantzunak kargatzen...