Teknologia albisteak

Bi oinarri: "Euskararen ezagutza unibertsalizatzea" eta "erabilerako baldintzak sortzea"

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
atzo : 17:21

Kontseiluak eta Batuz Aldatu adostasun sozialerako ekimenak euskararen biziberritzearen aldeko Itun Soziopolitiko berriaren oinarriak aurkeztu dituzte gaur Donostian eginiko prentsaurrekoan. Zera azpimarratu dute bereziki: gaurdanik hasita hizkuntza-politika berriak bi oinarriren gainean egin beharko direla: euskararen ezagutza unibertsalizatzea eta erabilerako baldintzak sortzea.

Bi partetan definitutako "oinarri soziopolitiko" bat beraz, "jauzi bat" egiteko eta "paradigma aldatzeko", Kontseiluak aukeratutako terminoetan esateko:

  • euskararen ezagutza unibertsalizatzea.
  • eta erabilerako baldintzak sortzea.

Kontseiluaren iritziz, "bi oinarri horiek gainditu egiten dute orain arteko hizkuntza-politiken eredua, bereziki euskararen aldeko hizkuntza-politika aurreratuenak egiteko aukera izan den Euskal Autonomi Erkidegoan erabili dena. Izan ere, indarrean dagoen ereduak bi hiztun komunitate –erdaldunak eta euskaldunak– bereizten ditu, zeinetan euskaldunen komunitateari eskubide batzuk aitortzen zaizkion. Hau da, “minorientzat” eginiko politikak. Arauari salbuespen bakarra hezkuntza sisteman aplikatu den politika izan da, zeinetan, hutsuneak hutsune, belaunaldi berriak progresiboki euskalduntzeko anbizioz jokatu den."

Euskararen erabilerarako baldintza errealak sortzeko, “minorien” hizkuntza-politika hau gainditu eta euskal gizartea euskalduntzeko norabidean jarriko den hizkuntza-politika berria beharrezkotzat jo du Kontseiluak. Hau da, herritar denei euskara bermatzea, elebidun euskaldunak izan daitezen eta euskaraz ulertu eta hitz egiteko baldintza eta oztoporik izan ez dezaten.

Gehiago ere esan dute: "Bi oinarri hauen gainean eraikitzen ez diren politikek gizarte segregazioa betikotzeko eta areagotzeko arriskua ekar dezakete, gizatalde ugariren garapen pertsonal, sozial eta profesionala mugatuz."

Oinarri hauen gainean Kontseiluak dokumentu bat osatuko du orain, eta irailean aurkeztuko zaio Batuz Aldatu prozesuko sinatzaileen batzarrari. Dokumentu horren oinarrietan Batuz Aldatu dinamikako talde eragileko kideak lanean aritu dira baita ere azken urtebetean, isilean aritu ere, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari ekarpena egiteko borondatez. Talde eragile horretako kide izan dira

AEK, Agirre Lehendakaria Center, Athletic Club Fundazioa, Bizipoza Bilgunea, Euskal Kontsumitzaileen Alkartea, Taupa Mugimendua, Eusko Ikaskuntza, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, Mondragon Korporazioa eta Nafar Ateneoa.

Kontseiluaren prentsa-oharra hemen (argazkia ere bertakoa).

Erantzun

Sartu