Sustatu logoa Teknologia albisteak

Tangak eta gangak: lagun faltsuak

Maite Goñi
2010-02-17 11:02

Izenburuko lehen hitz horiek irakurrita, zein hizkuntzatan ari garela esango zenukete? Ziur nago guztiok gaztelaniaren aldeko apustua egingo genukeela lehenik. Bigarren aukera emanda, euskaraz ere badirela pentsatuko al genuke? Bada...

  • TANGA: iz. 1. Bereziki metalezkoa izan ohi den ontzi txikia, hainbat zereginetarako erabiltzen dena. 2. Tanta. Euri-tanga. 3. Unea, bereziki laburra. (4) iz. Slip txiki baten itxurako bainujantzia, ipur-masailak agerian uzten dituena. (Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa)

 

Eta beste hitza ere, ganga...

  • GANGA: ARKIT. Bi horma edo zutabe batzuen arteko espazioa estaltzen duen egitura, hainbat forma izan ditzakeena, baina betiere ebakidura bertikalean lerro kurbatuak dituena. (Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa)

 

Txikitatik deigarriak gertatu zaizkit hizkuntza ezberdinetan formaz berdinak baina esanahi oso ezberdinekoak diren hitzak, hau da, ingeleseko eskola partikularretan gure irakasleak false friends deitzen zien horiek: red, embarrassed, carpet, library...

Euskara eta gaztelaniarekin, ordea, ez dut inoiz lagun faltsu horien kontzientzia izan. Gerta liteke bai ni eta baita nire ikasleak ere elebidunak garelako izatea hori, eta, beraz, ondo baino hobeto bereiztea euskarazko baso (euskaraz, zuhaitzez edota zuhaixkaz jantzitako lur-eremua, bereziki gizakiak landu ez duena) eta gaztelaniazko baso edo edalontziaren artean, esaterako.

Azkenaldian, baina, zoriak behin baino gehiagotan ekarri dizkit horrelako adibideak Gaurko hitzara: arestian aipatutako tanga eta ganga, malo, total...

Gauzak horrela, ikasleei ea bakarren bat bururatzen zitzaien galdetu nien aurrekoan, eta hainbat bildu genuen denon artean: galera, uso, alta, isla, lelo, beso, oro, arte… Hitz kontuetan ere, antza, gauzak ez dira diruditena edo, hobeto esanda, zuri guztiak ez dira irinak. Zuei gertatu al zaizue inoiz horrelako nahasteren bat, edo ezagutzen al duzue adibide gehiago?

Irudien lizentziak:
Slip tanga ©cc-by-nd: Manel
Euri tanga © cc-by-nd: Kailash Naik
Sofak ganga edo thrift dendan © cc-by: Chris Dlugosz
Ganga arkitektonikoa, baimenarekin, © Pernan Goñi

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu