Teknologia albisteak
1

Desobedientzia Zibila euskaraz, paperean eta sarean

Erabiltzailearen aurpegia
Potxo
2010-02-15 : 09:02

Asko hitz egiten da gaur desobedientzia zibilaz Euskal Herrian. Batzuk sasian bidea urratzeko tresna magiko gisa aipatzen dute. Beste batzuk kartzelan sartu ere egin dituzte, bide horretan abiatzeko asmo hutsa agertzeagatik. Baina ba al dakigu benetan zertaz ari garen desobedientzia zibilaz ari garenean?

Ideia ulertzeko ezinbesteko tresna plazaratu du Potxo Edizioak argitaletxeak: Henry David Thoreau (1817-1862) Ameriketako Estatu Batuetako klasikoaren Desobedientzia Zibila testuaren euskarazko itzulpena, hainbat formatutan; besteak beste paperezko liburu, liburu digital eta audioliburu gisa.

Thoreauk ez zuen inoiz kargu politikorik izan, ez zen ezkondu eta ez zuen haurrik sortu. Eta, halere, historia aldatu zuen. Haren bizitzako gertaerarik garrantzitsuenak bi izan ziren: ekintza xume bat —Basoan etxola batera bizitzera joan zen bi urtez— eta ez-ekintza bat —zergak ordaintzeari uko egin zion (kartzelan sartu zuten, egun batez)–. Baina etxolan idatzitako Walden liburuarekin gaurko ekologismoaren aitzindaria bihurtu zen. Kartzelako esperientziatik abiatuta, Desobedientzia Zibila maisulana idatzi zuen. Testu horretatik atera zuen Gandhik Indiaren independentziarako bere mugimenduaren izena. Hemendik atera zuen Martin Luther Kingek indarkeriarik gabeko erresistentziaren ideia.

Gizabanakoaren eta estatuaren arteko harremanen inguruko hausnarketa sendoa da Desobedientzia Zibila. Estatua behi sakratu ukiezin gisa gurtzen dutenen aurrean, Thoreauk osasuntsu gogoratzen digu Estatua gizakiek asmatu duten gailu bat besterik ez dela. Eta tresna guztiak bezala, onerako bezala, txarrerako erabil daitekeela. Azken kasuan, gizabanakoaren erantzukizuna da Estatuari zer den gogoratzea, eta aurre egitea.

Edu Lartzangurenen itzulpenarekin batera, Markos Zapiain filosofoak Thoreau nor zen azaltzen digu, eta haren ideiak eta bizitzaren arteko lotura argitzen digu, aitzinsolas distiratsu batean. Aitor Bolinagaren ilustrazioek gogora ekartzen digute Thoreauren testua zein fresko eta bizirik dagoen gaur ere. D. B. Johnson marrazkilari eta ipuingile estatubatuarrak lagundu egin du edizio honetan, Thoreauren kartzelaldia haurrei kontatzeko egin zuen liburuko zirriborro originalen bidez.

Liburuaren osagarri gisa, Interneteko gune bat eratu dute. Han testua irakur daiteke, liburua PDF gisa jaitsi eta audioliburu gisa entzun, besteak beste: Desobedientzia Zibila


Argazkiak.org | Desobedientzia Zibila gunea © cc-by-sa: potxo edizioak

Lehen lerrotik, testuak harritu egiten du irakurlea, atzo idatzi zutela ematen baitu. XIX. mendean sorturiko hitzek, XX. mendea ulertzen laguntzen digute, eta, are ezinbestekoagoa izango da XXI. Mendean, gizabanakoa eta Estatuaren artean gaur eta hemen jokatzen ari den xake partida ulertzeko.


Argazkiak.org | Desobedientzia Zibila liburuaren azala © cc-by-sa: potxo edizioak

Erantzunak

Potxo
2010-02-15 : 12:45

Bihar, otsailak 16, aurkeztuko dute liburua Markos Zapiain aintzinsolasaren egileak, Patxi Hipolito editoreak eta Edu Lartzanguren itzultzaile eta web-gunearen sortzaileak. Donostian, 11:30ean, Elkar Megadendan (parte Zaharrean).

Erantzun

Sartu