Teknologia albisteak
2

Google Buzz, mezuak edo egoerak trukatzeko beste plataforma bat

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-02-10 : 13:02

Googleren azken produktua, Google Buzz, Twitter edo Facebook-eko status eta mezu laburren trukeari aurre egingo dion plataforma bezala garatu dutela ematen du. Badirudi euskaraz dagoela hasieratik, eta Gmail-ekin integratuta dago.

Eguneraketa, 12.00: Irudiak lortu ditugu, eta erabilpenari buruzko argipen batzuk ere bai.

Ematen du erabiltzaile guztiek ezin dutela beren Gmail kontuan ikusi oraingoz: berez, sarrera-ontziaren azpian ikusi beharko zenuke Buzz, ezkerreko menuan.

Hori ez bada zure kasua, beste norbaitek bidaliko dizkizun buzz-mezuei erantzun ahal izango diezu, baina ez zure buzz-mezuak sortu.

Mezuak bidaltzeko orduan, interfaze hau dauka erabiltzaile euskaldunak. Esteka edo argazkia, hori ageri zaigu, baina uste dugu Youtubeko bideo baten esteka jarriz gero, bideoa automatikoki agertzen dela.


Argazkiak.org | Google Buzz euskaraz © cc-by-sa: sustatu

Erantzuteko aukera ere badago.


Argazkiak.org | Google Buzz euskaraz © cc-by-sa: sustatu

Twitter eta beste elementu batzuen integrazioari dagokionez, norabide batekoa dela ematen du. Twitterreko zure kontua eta pasahitza ematen badiozu zure tuit-ak azalduko dira Buzz-en, baina ez zure buzz-mezuak Twitterren.

Saiatu gara Buzz-eko kontu bat sortzen Sustaturentzat eta hor gure jarraitzaile bihur zaitezke, baina egia esan, oraindik ez dakigu zertarako, gure Gmail kontuan ez baitago momentuz Buzz aukerarik.

Erantzunak

aitortxin
2010-02-10 : 10:49

Euskarazko bertsioan agertzen zaizue? Non?

Sustatu
2010-02-10 : 12:23

aupa Aitortxin, ba, goizean goiz www.google.com/buzz orrian agertzen zena euskaraz ikusi dugu, baina orain ingelesez agertzen zaigu guri. Ez dakigu ze faktoreren arabera agertzen den horrela, ez dirudi nabigatzailearen hizkuntza konfigurazioa denik, ezta ere Gmail zein hizkuntzatan daukazun.


Hala ere, Buzz-erako sarbidea dutenek badute aukera, bai, euskaraz erabiltzeko tresna. Pantaila-irudi batzuk prestatzen ari gara.


Goizean ez diogu pantaila irudirik atera aurkezpen orriari, baina testuak kopiatu ditugu. Hemen itsasten ditugu azalpen horietako batzuk (diseinurik gabe, kopipega eginda):


  • Buzz zerbitzua hedatzen ari gara oraindik; beraz, hura ez baduzu zure Gmail kontuan ikusten, egiaztatu zenbait denbora barru.

  • Egoera-mezuak baino askoz ere gehiago: Partekatu eguneratzeak, argazkiak, bideoak eta askoz ere gauza gehiago.
    Hasi interesgarriak iruditzen zaizkizun gaiei buruzko hizketaldiak.

  • Ez da konfiguratu behar. Jarraitu automatikoki Gmail-en mezu elektroniko eta txat-mezu gehien bidaltzen dizkiezun pertsonak.

  • Partekatu publikoki edo pribatuki.
    Argitaratu zure ideiak denek edo zure lagun minek soilik irakur ditzaten.

  • Sarrera-ontzian bateratuta. Iruzkinak zure sarrera-ontzira bidaliko dira zuzenean, hizketaldiak aurrera jarrai dezan.

  • Argazkiak partekatzea inoiz baino errazagoa izango da. Ikusi miniaturak mezu bakoitzarekin batera, eta arakatu zure leku ezagunetako argazkiak pantaila osoan.

  • Konektatu jada erabiltzen dituzun guneak. Inportatu zure gauzak Twitter, Picasa, Flickr eta Google Reader zerbitzuetatik.

  • Ikusi eguneratzeak denbora errealean. Mezu eta iruzkin berriak agertuko dira gertatu ahala. Ez duzu zertan freskatu beharko.

  • Gauzarik hoberenak soilik aurkituko dituzu. Buzz zerbitzuak mezu interesgarriak gomendatzen ditu eta batzuk saltatzea litekeena dela badakienez, horiek ezabatzen ditu.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu