Teknologia albisteak
4

Hezeguneen nazioarteko eguna eta asteburuetarako irteerak

Erabiltzailearen aurpegia
Cristina Enea Fundazioa
2010-01-29 : 11:01

1971ko otsailaren 2an sinatu zen Irango Ramsar hirian Gune Hezeen Nazioarteko Hitzarmena eta orduz gertoztik egun horretan ospatzen dugu Munduko Hezeguneen Eguna. Gertu dugu data hori, asteartean hain zuzen ere, San Blas egun bezperan, eta ospatzeko Cristina Enea Fundazioak, Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxeak, hainbat jarduera antolatu ditu naturzale guztientzat.

Alde batetik, hezeguneen papera ezagutarazteko eta euren funtzioa jendeari gerturatzeko, asteartean bertan, otsailaren 2an, mahai-ingurua antolatu dugu Donostiako udal liburutegi zaharreko sotoan (San Jeronimo kalean). Luis Lobo Urrutia (Gasteizko udaleko Ingurugiro Ikasketen Zentroko teknikaria), Xabi Rubio Pilarte (Aranzadi Elkarteko biologoa) eta Iñaki Galarraga (EHUko hirigintza irakaslea eta arkitektoa) izango dira solasaldia bideratuko dutenak. Hezeguneek hiri barneetan izan duten garapena eta hezeguneen okupazioa aztertuko dute, baita hezeguneen babesa eta gestioa, eta ekosistema ezberdinen barnean hezeguneek duten betebeharra ere. Mahai-ingurua irekia da, eta esan bezala asteartean izango da, otsailaren bian, arratsaldeko 19:00etan Donostiako udal liburutegi zaharreko sotoan.

Hezeguneen nazioarteko egunarekin bat eginez baita ere, Cristina Enea Fundazioak irteerak antolatu ditu Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako hezegune interesgarrienetara. Otsailaren 6an esaterako, Plaiaundiko parke ekologikora joango gara, Txingudin. Astebete geroago berriz, otsailaren 13an, Urdaibaiko biosfera bisitatuko dugu, eta otsailaren 20an azkenik, Arabara egingo dugu txangoa, Salburuako hezeguneetara. Hiruetan bisita gidatuak izango ditugu eta interpretazio-zentroetara ere bisita egingo dugu. Informazio gehiago jasotzeko eta irteeretan izena emateko, Cristina Enea Fundaziora deitu beharra dago (943 453526).

Jarraian, hiru irteeratako informazioa: hiruetara joanez gero, %10-eko deskontua, guztira 65 euro.

Plaiandiko parke ekologikora bisita

Otsailak 6, larunbata
IRTEERA LEKUA ETA ORDUA: Pio XII enparantza 10:00tan (Donostia)
ITZULERA LEKUA ETA ORDUA: Pio XII enparantza 13:00tan (gutxi gorabehera)
BISITAREN IRAUPENA: 1h 45min
PREZIOA: 17 euro
IZENA EMATEKO EPEA: Urtarrilak 28ra arte.

Txingudiko badia Gipuzkoan dagoen padura ingurunearen eredurik onena da. Hezegune berezi eta baliotsu hau, balio ekologiko aintzatetsia duen espazio naturala da. Plaiaundi parke ekologikoa babes berezi gisa sailkatutako 23,4 hektareako eremua da.

Plaiaundin, habitat dibertsitate handiko eremua osatzen duten padurak, aintzirak, haltzadiak, zelaiak eta irlak ikus daitezke, guztiak Bidasoako itsasadarraren adierazgarri. Hegazti migratzaileen babesleku garrantzitsua da.

Parkearen sarreran Txingudi Ekoetxea dago, Txingudiko paduren interpretazioko zentroa. Bertan, bisitarientzako informazioa emateaz gain, gune natural honetan egiten diren ikerketa eta ingurumen hezkuntzako lanak zuzentzen dira. Adin guztientzako jarduerak ere eramaten dira aurrera: ikus-entzunezkoen emanaldiak, txingudiko paduretan zehar bisita gidatuak, hegaztiak behatzeko ikastaroak eta abar.

Urdaibai eta Madariaga Dorretxea

Urdaibaiko Biosferaren Erreserbara eta Euskadiko Biodibertsitate Zentroa: Madariaga Dorretxera bisita.

Otsailak 13, larunbata
IRTEERA LEKUA ETA ORDUA: Pio XII enparantza 9:00tan (Donostia)
ITZULERA LEKUA ETA ORDUA: Pio XII enparantza 15:00tan (gutxi gorabehera)
BISITAREN IRAUPENA: 3h
PREZIOA: 30 Euro
IZENA EMATEKO EPEA: Otsailak 4 arte

Madariaga dorretxea paregabeko eraikina da, Urdaibaiko estuario osoa begiztatzeko aukera ematen duen puntu geoestrategiko batean kokatua. XV. mendean eraiki zuten, babes lanetarako dorretxe banderiza gisa.

Bi xede ditu Madariaga dorretxeak: batetik, gure ingurumenaren aniztasuna, funtzioak eta aberastasuna ezagutaraztea; eta, bestetik, bioaniztasunaren ezagutza zabaltzea eta balioztatzea eta sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoan. Euskadiko Biodibertsitate Zentroa - Madariaga Dorretxea parte-hartze publikoaren unitatearen helburu nagusia Bioaniztasuna zer den eta zein funtzio betetzen dituen erakustea da. Hori guztia, argazkien, ikus-entzunezkoen, muntaia interaktiboen eta in situ bisiten bidez.

Erakusketa guneak bisitatu ondoren, Madariaga Dorretxeko behatokira jo daiteke, ikuspegi ederrez gozatzera. Largabistak eta binokularrak erabiliz, Izaro uhartearen xehetasunak, Laidako hondartza eta padura begizta daitezke bertatik.

Salburua

Salburuako hezeguneetara eta Ataria interpretazio zentrora bisita.

Otsailak 20 larunbata
IRTEERA LEKUA ETA ORDUA: Pio XII enparantza 9:00tan (Donostia)
ITZULERA LEKUA ETA ORDUA: Pio XII enparantza 14:30tan (gutxi gorabehera)
BISITAREN IRAUPENA: 2h 30min
PREZIOA: 25 Euro
IZENA EMATEKO EPEA: Otsailak 11 arte

Gasteizko Eraztun Berdeko hezegune multzo baten gainean dago. Hezegune horiek 1980ko hamarkadaren bukaeran ia erabat lehortuta zeuden, drainatu egin baitzituzten nekazariei soroak eskaintzearren, lehendabizi, eta hirigintzarako erabiltzearren, geroago. Hala ere, 1990eko hamarkadako aurreneko urteetan ekologia suspertzeko burututako jardueren eraginez, hezeguneak eraberritzea eta ekosistema horretan bizi diren landare- eta fauna-komunitateak biziberritzea lortu zuten.

Salburuko hezeguneen interpretazio zentroa da Ataria. Atariak honako helburu hauek ditu: hezeguneei buruzko ezagutza erraztea eta haien balioak eta, hedaduraz, bioaniztasunaren eta natur ondarearen garrantzia erakustea. Publikoari irekitako gunea da eta, dituen baliabide eta zerbitzu ugarietan oinarrituta (erakustaretoak, gelak, behatokia...) bioaniztasunaren inguruko mota guztietako jarduerak barne hartzen ditu: aisialdia, interpretazioa, dibulgazioa, komunikazioa eta ikerketa.

Erantzunak

assar
2010-01-29 : 13:16

Testuaren azken atalean aipatzen diren Gasteizko Salburuari eta Atariari buruzko informazio gehiago, hemen:


http://www.vitoria-gasteiz.org/atariaeu
ibai
2010-01-29 : 13:44

Ezin ahaztu Euskal Herrian hezegune batzuk desagertzeko arriskuan daudela.


Hona Ondarroako kasua: www.blogak.com/aieri


eneko
2010-01-29 : 14:14

tira bisiten prezioak gehiegizkoak iruditznen zaizkit erakunde publikoek ia erabat sustatutako Fundazio batek antolatuak izateko. Adibidetzat Plaiaundikoa hartuta...17 euro Plaiaundiko bisita doan denean eta Donostiatik Irunera trenez joan etorria 3 eurogatik egiteko aukera egonda... askotxo iruditzen zait. Ingurumenarekiko sentiberatasuna bultzatzeko neurria baino ingurumenarengandik urruntzen du. Bi haur dituzten gurasoek 68 euro ordaindu behar al dituzte goiza pasatzeko?


Cristina Enea Fundazioa
2010-02-01 : 16:50

Garraio publikoan bezala, kasu honetan ere 5 urtetik beherako haurrek debalde daukate bidaia. Esan bezala, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako hezegune eta gune ekologiko garrantzitsuenetara irteerak antolatzen hasita, ezin alde batera utzi Txingudiko badia, Donostiatik oso gertu egon arren. Bere balio ekologikoagatik bisitetako bat berau izan behar zela argi genuen.

Erantzun

Sartu