Kaiku (esne berbak)
Pruden Gartziak auziaren koska batzuk agertzen zituen Sustatun:
Kontua da batzuetan (...) purrustadaka tratatzen ditugula ondo edo gaizki euskaraz zerbait egiten saiatzen direnak, eta isil-isil onartzen ditugula ezer ere ez egiten ez dutenak. Horrela, euskararen aldeko giroa sortu beharrean, kontrakoa sortzen dugula iruditzen zait. Ni ere bekatari naiz horretan, nahi nukeena baino sarriago.
Jakina, garbi dago ere edozer gauza ezin dela onartu eta euskaldunok errespetua merezi dugula.(...)
Zelan asmatu, hortaz? Ez dakit. Ez da erraza euskalduna izatea.
Horraino Pruden Gartziarena.
Zer egin, non daude oreka eta neurria, nola saihestu hainbat jenderen burutik pasatuko dena: Te esfuerzas en hacerlo en euskara, y mira ¡Que les den!?
Baina, bestalde, sentiberatasun pixka bat exijitzen ez badugu Gaztelaniarekin egingo ez luketena euskararekin ez dezatela egin eskatzeko eskubiderik ez badugu
Zeren, borondate kontua izateaz gainera, sentiberatasun kontua da nagusiki. Eta arazoa ez dago, sarritan behintzat, enpresaburuetan borondatea erakusten dute kanpaina bat euskaraz egiteko agintzen dutenean sentiberatasuna erakutsi beharko lukeen gunean baizik: publizitate etxeetan. Harrotzen dira gaztelaniaz bururatu zaien jenialtasunen batekin, eta iruditzen zaie horrek berdin funtziona lezakeela beste hizkuntzetan ere. Eta euskaraz funtzionatzen ez badu, harritu egiten dira, eta beren baitan pentsatzen dute euskarak ez duela balio, ez dagoela gaztelaniaren pare, bigarren mailako hizkuntza dela
Hizkuntzak elkarren ondoan bizi diren tokietan, ez da erraza leial izatea hizkuntzekiko. Pruden Garziak dioen moduan, ez, ez da erraza euskalduna izatea. Baina ez da erraza erdalduna izatea ere (erdaldun justua, erdaldun zuzena, esan nahi dut). Kontua da, bigarren kasuan ez direla konturatzen, ez dutela arazorik ikusten, ez behintzat lehen mailako hizkuntzen ligan daudela eta ontasun linguistiko guztien paradisuan bizi direla uste dutenek. Eta gehienak dira.
Sarelarien artean jende dezente mintzatu da esanez Ni Kaiku naiz ez dagoela hain gaizki ere. Hori uste dutenentzat: arazoa espresio hori baino lehenagotik dator, enpresari Kaiku izena jarri zitzaionetik. Eta momentu hartan izenak erreparorik eragin ez bazigun, arazoa bada euskaldunon sentiberatasun linguistikoarena ere. Majaderoak ere saltzen dituen sukalde-tresnen denda bati Majadero deitzeak harritu egingo gintuzke erdaldunak eta baita euskaldunak ere. Ala ez? Baina enpresa bati Kaiku deitzeak ez gaitu, kanpaina hau sortu den arte, harritu?
Horrek harritzen nau ni...
Esne berbak
Aurreko guztia sarean pausatu eta gero, Amatiñoren azkeneko artikulu interesgarria irakurtzen ari nintzela, esne-berbak espresioa irakurri diot. Ez nuen ezagutzen. Ez da Orotarikoan ageri (nik ez dut, behintzat, topatu). Jo dut Eibarko lexikora, eta han bai, hain aurkitu dut:
Dicho sin sentido, necedad, tontería, parida.
Adibideak · Esne-berbia ugari ezebez esateko.
Hori ikusirik, izenburua aldatu diot neureari, eta lehen Kaiku zena (Berrian halaxe gelditu da), Kaiku (Esne berbak) bihurtu dut hemen eta neure blogean.
Batzuetan, txiripak halako pitxi bitxien pagotxa ematen du.
Erantzunak kargatzen...