Teknologia albisteak
1

O'Donnell kaleko hondamendiko zuloa

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez
2009-12-31 : 09:12

Duela gutxi ezagutu nuen aldameneko zulo horren argazkia. Gipuzkoako Foru Aldundiak askatutako Guregipuzkoako argazki fondoan sekulako piezak daude, eta Eibarren, Oier Gorosabel blogaria ari da horietako batzuk komentatzen (espeleologiari buruzkoak, adibidez, edo argazki historikoak). Zuloarena bereziki gogoratzekoa iruditzen zait: ez da herrilanetako istripu bat, baizik eta 60 lagun hil zituen bonba faxista baten hondarra. Gainera, argazkiari buruzko datu berriak jakin ditudalako aurtengo Gabonetan.

Eibarko O'Donnell kalean zegoen Presagain labaderoko babeslekuan gertatuko sarraskiaren ondorengoa erakusten du argazkiak.

1937ko apirilaren 24aren eta 26aren artean, Elgeta-Eibar aldeko gerrako frontea hausten ari zen bitartean, eibar bonbakatu zuten faxista espainolen zerbitzuko hegazkin italiarrek. Zulo honetakoa, Jesus Gutierrez historialariak kontatzen du La guerra civil en Eibar y Elgeta liburuan (2007), 134. orrialdean. Apirilaren 24ko arratsaldeko 6etan izan zen, Astaburuaga izeneko tailar baten ondoan bonba jausi, babeslekuari zuzenean eman, eta 60 lagun inguru hil ziren bertan. Asko milizianoak ziren, UGTk antolatuako Jean Jaures batailoikoak, baina zibilak ere baziren tartean.


Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: Indalezio Ojanguren, Gipuzkoako Artxibo Orokorra

Argazkiak erakusten duenaren inguruan, beste zerbait ere jakin dut orain, Gabon egun hauetan. Beste herri batzuetan bezala, Eibarren ere argitaratu zen trivial lokala, Kalamuako Parlamentua, eta horrekin ibili gara etxean jokatzen, Gabonetako otordu hauetako baten ondoren. Galderetako bat tokatu zen ea non jausi zen Eibarren gerran lehenengo bonba (1936an izan zen hori, argazkikoak baino askoz lehenago); eta horren harira komentatu nuen, Interneten azaldu dela bat, orduko argazki ikaragarri bat, nik ikusia ez nuena, Indalezio Ojanguren argazkilariak egina. Gure aitak esan zuen orduan, "Ikusia daukat nik hori; mutiko bat ageri da zuloaren ondoan, ezta?". Bai, hala da. "Ba, mutiko hori, Indalezioaren semea da, Eli Ojanguren zena."

Hara, Guregipuzkoa.net-eko dokumentazioan agertzen ez zen datu bat. Argazkilariak baliabide bat behar izan zuen, zuloaren benetako tamaina adierazteko, eta semeari esango zion, "txikito, jarri hadi hor." Pozik gehitu ahal izan dut datua Guregipuzkoan dagokion orrian.

O'Donnell kalea Ego ibaia estaltzetik sortu zen Eibarren 20. mendeko lehen laurdenean. Leopoldo O'Donnell jeneral espainiarraren izena eman zitzaion orduan. Duela 30 urte, izena aldatu zioten, eta Ego-Gain jarri. Aurten, Ego-Gainek luzapen handi bat izan du, erreka estaltzen zuen beste zati bat, Alfa enpresak okupatu zuena 20. mendean zehar, argitu baita eta tarte batean erreka dago bistan berriro, kalea duelarik bi aldetara, eta aurrerago, Corte Ingles handi bat, plaza publiko bat aurrean duela.

Ez kale horretan ez Eibarko beste leku publikoetan ez dago sarraski hau edo gerrako hondamendia agerrarazten duen panel publikorik.

Erantzunak

Sustatu
2009-12-31 : 12:35

Wikipedista batek hemen ikusi ondoren, Wikipediako artikulu bat ilustratzeko erabili du: Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian.


Erantzun

Sartu