Euskaltelekoa dut telefonoa. Ez galdetu niri zergatik, ez baitaukat oso argi: dagoeneko ez duelako kobertura txarra; merkeenen artean ez dagoen arren, hemengo jarduera ugari babesten dituelako; euskaraz egiten didalako... Blogean askotan autozentsuratzen dut neure burua. Lehiakideei zor zaien begiruneagatik, bezero izan nuenak haserre idazten dudala pentsa ez dezan, bezerogai izan daitezkeenak ez uxatzeko, euskalduntze bidean urratsen batzuk ematen ari direnak ez desmotibatzeko Baina pazientzia galarazi dit Euskaltelen azken iragarkiak.
Llámala din don, llámala din din don Nola eman daiteke euskaraz iragarki hori? Publizitatea euskaraz egitea al da, mezuaren zati bat gazteleraz eman ostean, iragarki amaieran euskarazko errotuluak eta lokuzioa jartzea?
SOS freaks kanpaina hura ere, iragarki osoan zehar gaztelera hutsean jardun ostean (hemen letra), amaieran euskarazko errotulu eta lokuzioa sartuta, euskarazko publizitatea al zen?
Erantzun dezagun argi eta garbi: ez, hori ez da euskarazko publizitatea. Publizitate diglosikoa da hori. Euskara erdararen menpe jartzen duelako, eta iragarkiaren euskarazko bertsioa ulertzeko gaztelera jakin behar delako derrigorrez.
Joera handia du Euskaltelek bere iragarkietan kanten letrekin jolasteko. Ez da hori hemen salatzen ari garena. Bai, ordea, hori beti gazteleraz, eta gazteleraz bakarrik egitea.
Las Grecas taldearen kanta bat oinarri hartuta egin zuten Ná de ná de ná, ná de ná de ná iragarki haren euskarazko bertsioak ez du funtzionatzen. Me estoy volviendo loco kanta oinarri zuen iragarkia ere batez ere gazteleraz eman ziguten euskaldunoi. Berdina egin zuten baita ere ¡Únete a la banda! iragarkiarekin. Ti llamo iragarkiko hitz-joko italiar-espainiarra ere ezin itzuli euskarara. Eta ¿Olentzero o Reyes? telebista saio itxura zuten iragarki haiek, aurkezle lanetan Carlos Sobera zutelako-edo, gazteleraz bakarrik egin eta eman zituen Euskaltelek.
Kanpaina horien atzean dauden erreferente kulturalei erreparatu gabe ere, zeharo salagarria da Euskaltelek bere publizitate kanpaina gehienetan euskarari eta euskaldunoi eskaintzen digun tratamendua.
Euskaltelentzat lan egiten duten kreatiboak, edo publizitate agentzia, izan daitezke euskal herritarrak, espainolak, suediarrak, marokoarrak edo beste edozein lekutakoak. Baina Euskaltelek jakin behar luke haiei irizpide argiagoak finkatzen. Multinazionalek beren publizitate agentziekin egiten duten bezalaxe, nazioartean egingo duten kanpaina batek hizkuntza bat baino gehiagotan inolako arazorik gabe funtziona dezan bermatuz.
Euskaltelen publizitate-kanpainek elebidunak izan behar dute, hala dio enpresak berak bere webgunean, hizkuntza-politika atalean. Baina hori ez da nahikoa, jarri ditugun adibideek argi erakusten dutenez. Euskaltelek jakin behar luke bi hizkuntzetan sinatu eta zabalduko dituen publizitate kanpainak, ele bietan egon ez ezik, ele bietan funtzionatu ere egin behar dutela.
Estoy on line behin eta berriz zioen iragarki hura, adibidez, on line nago entzun genuen euskaraz, eta bi hizkuntzatan ondo funtzionatu zuen iragarkiak. Baina salbuespena izan zen hura, erregela tristea berresten duen salbuespena. Atera ditugun adibide horiek berak bakarrik nahikoak baitira Euskaltelek publizitatean hizkuntza-politika onik ez duela agerian uzteko.
Euskara Plana du Euskaltelek, eta bertako langile asko ari da ahaleginak egiten euskara ikasi eta erabiltzeko. Nire txalorik zintzoenak haientzat guztientzat. Lan hori guztia ezertan geratzen da, ordea, publizitate kanpainetan, -kanpora begira enpresa batek egin ditzakeen komunikazio ekintzarik ikusgarrienetan-, horrela jokatzen badu Euskaltelek. Gazteleraz pentsatuz beti, gero kanpainak euskaraz ere funtzionatu behar duela kalkulatu gabe gainera, eta azkenean, euskara menpekotasun erabatekoan zabalduz gehiegitan.
Ez al da harrigarria publizitatea ele bietan egiten hamar urte baino gehiago daramatzan enpresa batean oraindik halakoak gertatzea? Euskara Planek ez al dute kontuan hartzen enpresak egiten duen publizitatea? Euskararen presentzia bermatzera mugatzen al dira Euskara Planak? Zilarrezko Bikain ziurtagiria atera daiteke publizitatean hala jokatuta? Hain zaila al da iragarleek beren publizitate agentziei hizkuntza-irizpide argiak finkatzea?
Jatorrizkoa: © Iñigo Fernandez Ostolaza; Euskara eta publizitatea. Sustaturako, cc-by-sa baimenarekin.
Enpresa batzuen erdipurdikotasunak, axolagabekeriak, utzikeriak edota sustraigabekeriak "Ardanza satia" merezi dute (egun, Lopez Sari Normal Nagusia). Badirudi lehian dihardutela Eroskik, Euskaltelek, Fagorrek eta EITBk (txantxangorriak ere klake egitea... Euskal Herrian dantzarik ez dagoenez...).
Bitxia bada ere, ez dute kontuan hartzen euskal publikoa ere erakarri behar dutela iragarki horiek: espainolez kutre xamar gertatuz gero, bikain!
Beharbada, horixe da enpresa horiek lortu nahi dutena: euskaldunok barregarri utzi, atzerritarrak deitora daitezen gutaz. Guri, sosak ateraz gero, aurrera.
Itzulpengintzan dihardut, eta artikuluak salatzen duena egunero ikusten dut egia dela. Nik lan egiten dudan erakundean ere gaztelaniaz pentsatzen dira komunikazio kanpaina guztiak. Egindakoan ekartzen dizkigute euskaratzeko; eta ezinezkoa dela esanez gero, gu geu, itzultzaileok, leloak bagina bezala begiratzen digute. Komunikazio kanpainak pentsatzeko orduan, erreferenteak euskararako eta erderetarako balio behar du, bestela, gaizki gabiltza. Baina hori ulertuko duen agintaririk ez dut uste Euskal Herrian, behintzat, aurkituko dugunik. Hau da desgrazia!!
Euskaltel-ek euskararen alde egiten duena ez du beste telekomunikazio konpainia bat bera ere egiten. Konparatu besterik ez da egin behar Movistar, Vodafone, Orange...-ekin. Euskara mesprezatzen dute! Euskaldunak, ordea, ez dira euskaltelen bezero euskararen alde egiten duenagatik. Hau da, euskaltelek diru pilo inbertitzen du euskararen alde (publizitatean, ibilaldia, kilometroak, euskaltzaindian...) eta oso gutxi lortzen du trukean. Egia esan ez dut ulertzen nola jarraitzen duten politika honekin, euskaldunek beraiek ez dutelako apreziatzen Euskaltel-en ahalegina. Gainera, euskaltzale erradikalenak -ni ere Euskaltzale erradikala naiz- iragarki hau aprobetxatzen dute kritikatzeko. (bai, gaztelaniazko hitz jokoan oinarritua dago eta euskarara literalki itzultzeak ez du zentzurik, baina lelokeria hutsa da!!) Pe-na-ga-rria!
Iragarkia kritikatzea onargarria da, baina noiz zorionduko dute Sustatu-n Euskaltelen ahalegina euskararen alde?
Ni, euskaltzale erradikal naizen honek, eta Ardanza eta enparauekiko sentitzen dudan higuina patrikan gorderik, Euskalteleko bezeroa naizela aldarrikatzen dut, eta behin ta berriz esaten diot entzun nahi duenari Euskaltelekoa izateak Euskaltelek babesten duen hori guztia babestea dela, beste konpainia guztiek euskaldunekiko mezprezu osoz jokatzen dute eta gure dirua beste leku batera eramaten dute.
Bilbotik kanpo Euskaltel TB da HamaikaTB eta euskarazko beste kanal batzuk ikusteko dugun aukera bakarra.
Dudarik gabe ikuspuntu ideologiko batetik aukerarik onena da Euskaltel, beste guztiengandik 10.000 kilometrotara. Hau da, ez zait arrazoi bat bera ere euskaldun edota euskaltzale izanda Euskaltel ez aukeratzeko, ez bada kubata batek balio duena aurrezteko hilean.
A, eta teknika aldetik ni oso pozik nago ematen duten zerbitzuarekin, eta bezeroen arreta telefonoa berehala hartzen dute, eta hemengo enpresa denez hemengo zirkuito ekonomikoa aktibatzen du kanpoko enpresek baino askoz gehiago....
"lagun, euskaraz jardun" pentsatu nahi dut euskaldun askok babesten dugula Euskaltelen euskararen aldeko politika, eta horregatik jarraitzen dute egiten.
Bat nator zurekin, uste dut Iñigo erratu dela kritikaren tonuan, akaso berotu egin dela...
Egiten den kritika zilegia da, ez zait horrela iruditzen tonua eta izenburua.
#5. komentarioko anonimo horri: artikulu hau ez du Sustatuk sinatzen, Iñigo Fernandez Ostolazak baizik, eta edozeinek ikusten duen bezala, zeuk baino ganora gehiagorekin, aurpegia emanda izen-deiturekin. Sustatun zerbait interesgarria argitaratu nahi baduzu, Euskaltelen alde edo espiritu santuaren kontra, zeuk idatzi.
Erabat nator zurekin. Euskaltel kalitate aldetik (Zuntz Optikoa batik bat) nahiko ona da eta segituan ematen dizute arreta 1717an (eta euskaraz!).
Zuzen zaude baita, hemengo ekonomiarako onuragarria dela esaten duzunean. Beste enpresek kapitala kanpokoa dute eta baita langileak eta egoitza nagusia ere (Call Center-ak hegoamerikan edo Madrilen). Euskaltelek arreta euskaraz bermatzean, langile euskaldunak kontratatzen ditu.
Ni Telefonica, Wanadoo eta Orange-eko bezero izan naiz eta objetiboki iritzia ematen saiatzen naiz. Egia da Euskaltel ez dela merkeena (ezta garestiena ere), baina pena merezi du.
Zuk esan bezala, HAMAIKA TB eskaintzen du (Betizu, ETB3, EuskaltelTB-z gain) eta bere sortzean parte hartu du. Uste dut, proiektu hau oso polita eta beharrezkoa dela (are gehiago orain, kate pilo eskura ditugula eta gutxi euskaraz). Euskaldunok sortua da (Deia, Gara, Elkar eta besteek bultzatu dute). Abertzaleek azkenean elkarrekin sortzen duten proiektu handi bat, alderdikeria alde batera utzita!!!
Bestalde, jakin badakit pertsona asko Euskaltel-en bezero garela Euskaltel-ek Euskararen alde egiten duenagatik. Baina ikuspuntu ekonomiko eta enpresarial batetik, ez dut uste logikoa dela eurentzat. Izan ere, euskaldun GEHIENEK ez dute apreziatzen Euskaltelen lana eta esfortzu ekonomikoa (ekonomikoki ez dielako konpentsatzen).
Espero dezagun Euskaltel-ek jarrai dezala egiten duena egiten. Euskararentzat ezinbesteko euskarria da.
Bale, ados.
Baina kontua (eta agian zure amorrazioaren gakoa, Iñigo)zera da: iragarki horiek, EUSKARAZ funtzionatzen ez badute ere, EUSKALDUNOKIN ederki asko funtzionatzen dutela. Heuren betebeharra, beraz, ezin ukatu betetzen dutela. Iragarki ONAK dira, erradikal bakar batzuen asaldura aparte utzita (erradikalak zentzu onean, eh)
Alegia, BMWren leihotik ateratzen zen eskua ONA zen, berdin "¿te gusta conducir?" edo "atsegin duzu gidatzea?" esanda. Esan nahi da, iragarkia ez zen hobeagoa izango euskaraz, ezta txarragoa ere.
Euskaltelen kasuan, iragarkin kalitateak itsututa ("ti llamo", "estoy online" eta "llamala dindon ateraldi xelebreak dira) ez naiz konturatu ere egin erdaraz zirela. Hori ez al da, berez, kreatiboek irabazitako batailatxo bat?
(Beste aukera bat ere badago, noski: ni beha beain erradikala ez izatea...)
Enfin, pixkat diskutitzearren ai nauk, eh, ordugarai hontan, "abdomineitor" eta antzeko anuntziyokin ziaro aspertuta...
"lagun euskaraz jardun", sapi, zigor... Euskalteleko propagandistak sartu dira Sustatun hala? "Erradikal batzuk"??!! Espainiar erradikala Euskaltelen publizitate hori guztia da. Ezin da itzuli ez euskarara eta ez inglesera eta ez txinerara itzuli ezin diren kanpainak dira eta!! BMWkoa baino askoz espainolagoak denak, BMWrenak itzul daitezke!!
Mitoak apurtzearren: Euskaltelen webgunean irakurtzen dudanez, langileen %30ek dakite euskaraz (zenbatek dagiten ez dakigu). Artatu nauten guztietan, lehenengo telefonistak beti gaztelaniaz hasten diren arren, denek euskaraz dakite, baina departamentu tekniko batera pasatu eta beti erdaraz egiten amaitu behar duzu.
Duela hiru urte, dibortzioa egin zutenean agur esan nion Euskalteli eta Orangera pasa, "hemengo" bandera laranja eta ekipo ziklista (ezta ikurriña ere) astintzeaz haragoko abantailarik ez zidalako eskaintzen. Orduan behintzat hutsaren hurrengo ziren Ardanzaren enpresak euskarazko ekimenak laguntzeko gastatzen zituen sosak (ez daukat datu zehatzik egungoez, baina gustora irakurriko nituzke).
Llamala din-don horretan sartu barik, abantaila ekonomikoei erreparatu nahi nieke: eskaintza kutrea da, urria, eskasa. Askoz tarifa lau eta modulo gehiago daude beste konpainia gehienetan.
Telefonoa "oparituta" permanentziaren amarruan jausi nahi ez dutenentzat, terminal arrunt batekin konformatu eta soilik tarifetan fijatzen garenontzat, une honetan estatu osoan dagoen tarifarik onena Eroski Movil-en contigo dugu. Euskaraz dagien enpresa bat, kooperatiba gainera (ez daukat inolako harremanik Eroskirekin, ojo!). Orangerekin dudan permanentzia amaitu bezain laster pasatuko naiz bertara, ta gero aurreztutako dirua nahi dudan bezala gastatuko dut.
Ez nahastu kontuak. Nire amaren kuleroak laranjak dira eta horregatik ez naiz Euskaltelekoa. Txirrindularia naiz eta hemengo txirrindularien alde nago baina horregatik ez naiz Euskaltelekoa. Publizitatea kutrea da eta kitto. Hemen ez gaude aztertzen presidentea nor den edota euskarari egin dizkioten ekarpenak. Eta zer da euskalzale erradikala izatea? Nik ez dakit zer den baina hemengo iritzi batzuk ikusita prakak erraz eransten dituzte horiek kantzontzilo laranjak erakusteko.
Aurreneko gauza, eskerrik asko Sustatu, nire artikuluari oihartzuna emateagatik.
Artikuluak hemen sortu dituen iruzkinen artean, -errazkeriak alde batera utzita, gutxi dira artikuluaren mamiari zuzenean heldu diotenak.
Kontua ez da iragarki horiek gaztelaniaz pentsatu eta gero itzuli egin ote diren, kontua ez da ezta ere erdal erreferenteak erabiltzen ote diren, kontua ez da lehiakideek baino gehiago edo hobeto egiten duen, kontua ez da euskarazko arreta eskaintzen duen, kontua ez da iragarki horiek kalitatezkoak ote diren, eta are gutxiago idazleak (nik neuk) haserre idazten ote duen
Eskatuko nizueke mesedez artikulua berriz irakurtzeko. Eta hura irakurtzerakoan, mamiari erreparatzeko, zeuen bateko edo besteko beroarenak kenduta.
Hain da argia bertan egiten den diagnostikoa, hain nabarmena zein den arazoa, eta batez ere, hain erraza konponbidea
Har dezagun marka multinazional bat, edozein. Marka hauek esperientzia handia baitute hizkuntza bat baino gehiagotan funtzionatu behar duten kanpainak egiten. Demagun L´Oréal. Bere produktu bat iragartzeko, hizkuntza bat baino gehiagotan funtzionatuko duen kanpaina bat enkargatzen du L´Oréalek, behar/nahi duelako bere iragarkiak saldu dezala frantsesez, ingelesez, gazteleraz, alemanieraz
Lan hori egingo duen publizitate agentziak badaki bezeroaren behar horiek, bezeroaren gainontzeko premiak bezala (produktuaz zehazki komunikatu beharrekoa, produkziorako aurrekontua
), oso kontuan hartu behar dituela iragarkirako ideia sortzerakoan. Gordinago esanda, agentziak badaki kanpainak hizkuntza batean baino gehiagotan funtzionatu behar horrek zenbait bide kreatibo itxi egiten dizkiola. Edo jakin behar luke behintzat.
Iragarkian hitz-jokoak egitea ez da gomendagarria izango, ez delako erraza izango hitz-joko horiek kanpaina aterako den hizkuntza guztietan ondo funtzionatzea. Eta erabiliko den musikako letran ere ezin fede gehiegi izan mezua zabaltzeko, garestia ez ezik zabarra ere suertatuko baita ia ehunetik ehunean haren itzulpena.
Horiek dira hizkuntza batean baino gehiagotan funtzionatu behar duten publizitate kanpainek jarraitzen dituzten irizpideetako bi. Eta esan dezagun argi eta garbi badaezpada ere: aspaldi asmatuak dauden irizpideak dira, aspalditik aplikatzen direnak egunero (marka oso sonatuen iragarkitan), eta ez diotenak inongo markari arrakastarako aterik ixten (ez bada justu alderantziz).
Hori kontuan izan gabe,eta hortaz konturatu gabe, publizitatea egiten hamar urte baino gehiago daramatzate hemengo marka batzuk. Horregatik artikuluan, salaketa hutsera mugatu beharrean, eskaini ditut irizpide argi eta lagungarriak. Nahi dituenak bere egin ditzan, doan.
Baikorra naiz gaiaren inguruan. Iruzkin zerrenda honetan gertatu dena, azken batean, maiz gertatu baita euskararen inguruko gaietan: zentzuzko eta ganorazko kritikaren aurrean odol beroa, aitzakiak, erresistentziak, eztabaida lausotzen duten iruzkinak
Konbentzituta nago, ordea, kritika benetan eraikitzaileek, eta arrazoiak, eragina izaten dutela azkenean.
Argi dago, Asier, ez duzula tutik ere ulertu. L'Órealek agian ez du euskarazko iragarkirik egin orain arte, baina bere iragarkiak (edo Coca-colarenak, edo Adidas-enak, edo Phillips-enak...) oso modu errazean itzuli daitezke edozein hizkuntzara, baita euskarara ere. Esportagarriak dira. Euskaltelekoak, aldiz, ez. Eta nik uste, askoz gehiago eskatu beharko geniokeela Euskalteli, euskararen normalizazioaren arloan, L'Óreali baino. Diot.
Euskalteleko iragarki bat ikusten dudan bakoitzean burutik pasatzen zaidana. Benetan elebidunak diren kanpainetan ere asko igartzen zaie kontzeptua gaztelaniaz otu zaiela, gaztelaniaz grabatu dutela eta euskarara itzuli besterik ez dutela egin.