Teknologia albisteak
4

Baltasarren dilema: beltza ala belztua?

Erabiltzailearen aurpegia
Oier Araolaza
2009-12-29 : 12:12

Errege eguna hurbil da eta plaza publikora haserre itxuran agertu dira etorkinen zenbait elkarte. Baltasar erregearen paperean jaiotzez beltzak ez direnak aurpegia baldarki belztuta agertzea burla, gutxiespen keinu eta irain arrazistatzat jotzen dute. Herri guztietan larruazal beltz jatorrizkoak auzokide ditugun garaiotan hobe genukeela “bertsio originalak” egokitzea Baltasarren larruan, eta ez pintura merkez belztutako zurien pantomima sineskaitzak.


Baltasar 2009ko Xabiako (Valentzia) desfilean: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: ChodHound / Adrian Scottow

Beltz autentikoaren aldeko aldarrikapenak lehendik zetozen. Azken urteotan, Baltasarren aurpegi kolorearen faltsutasuna salatu da zenbait herritan: “Margotuta dagoela antzematen da! Hobe litzateke benetako beltza jartzea”.

Badirudi Baltasarren beltztasun jatorrizkoa aldarrikatzen dutenek itsu-itsuan sinesten dutela Santa Klausen bizar zuriaren sortze naturalean, horren inguruko kezkarik ez baita entzun.

Folkloreak ez ditu natur zientziek balioesteko moduko egitateak bilatzen, iruditeria propioa du eta mitoekin jolastuz gure kultur tradizioarekin bat egiteko aukera ematen digu. Baltasar beltza da, baina ez Afrikatik etorri zaizkigun lagunen tankerakoa, gure irudimen kolektiboak eraikitako “beltza” baizik. Baltasarren belztasuna kulturala da, ez fisikoa.

Baltasarren larru beltza, Meltxorren bizarra, Gasparren koroa edo pajeen arropak bezain faltsua zein egiazkoa da. Olentzero lanetan aritzeko inori ez zaio eskatzen curriculumean ikazkina dela frogatzea, eta sumatzen dugu aurpegia zikin itxurakoa izan arren ez duela sekula txondorrik ikusi ere egin. Inauterietako hartzak ez dira National Geografic-en dokumentaletan ikusten ditugunen modukoak, maiz ardi-larruz eginak daude, eta gainera, batzuk adarrak dituzte! Arizkunen edo Antzuolan hartza agertzean herritarrek badakite inauterietako hartza dela hori, zooan dagoenarekin zerikusirik ez duena. Iruditeria mitikoak ihes egiten dio egiantzekotasunari, baina horrek ez dio benetakotasunik kentzen.

Etorkinak integratzeko errege kabalkadan parte hartzea urrats garrantzitsua dela iruditzen bazaigu bikain, ni ere horren alde. Baina aurpegi zurbildun batek Baltasarrena egiteko aurpegia belzteak ez du zerikusirik gutxiespen, trufa eta irain arrazistekin, ez ditzagun gauzak nahasi. Afrikatik etorritako bizikide berriak prest badaude errege lanetan aritzeko fenomeno, baina, izan dezatela, hala nahi badute, Meltxor, Gaspar edo Olentzero izateko aukera eta eskubidea ere, beraien larruaren koloreari zein generoari begiratu gabe.

Jatorrizkoa: Argia aldizkaria eta cc-by-sa © Oier Araolaza, Dantzing

Erantzunak

Karloto
2009-12-29 : 14:16

Benetako beltzak, Bakearen Nobel saridunak, Yemen inbaditu behar du aurki. Biba Baraktasar!

Cadizeko Olentzero
2009-12-29 : 15:23

Aupa Oier. Bai ni naiz Cádizen jaio den Olentzero. Bertakoa izaki, orain dela 13 urte etorri nintzen Euskal Herrira eta bistan denez euskaldundu naiz. Euskara jakiteak, bizar iletsua eta luzea izateak eta tripadun izateak lagundu naute Olentzerorena 8. urtez Iruñeko ikastola batean egiteko.

Zergatik kontatzen dizut hau dena? Zuk ikusteko Olentzero itxura izateaz gain euskalduna ere banaizela eta euskaldun izate honek ematen dit aukera ikazkinarena egiteko. Edo onartuko al zenuke zuk Olentzero erdaldun bat edo Olentzero beltz bat?

Nik ez dakit noraino den arrazakeria, bainan gutxieneko batzuk behar dira sinesgarritasunaren izenean. Egia da "purista" jarrita Errege Magoak egiteko arabiarrak kontratatu beharko genituzkeela eta horren alde nago, bainan "jatortasunaren izenean" ez dezagun esan onartuko genukeenik Olentzero beltz bat, ez beltza delakoz, baizik Olentzero ez delakoz inoiz beltza izan.

Santa Klausena, beno Coca-Colaren kolorea duela hasita eta mitologia germaniarra jatorria duela pasata, tradizio baino salerosketarako produktua dugu mundu globalizatu honetan. Nik Santa Klaus txuri berdez jantzita nahi dut eta opariak beharrean laranjak ekartzea nahi dut, Eskandinabiako mitologiak dioen moduan.

Gabonetako gezur erraldoi honetan goazen sikiera sinesgarritasuna mantentzera eta ez dezagun gure txikitxoen aurpegia belztu ere benetako beltz bat kontratatu nahi ez dugulakoz. Arrazakeria dela? Iruñean ziur aski bai, beste herrietan ezin dut esan.

bufffffffff
2009-12-30 : 00:54

Eta euskaldunok ondo baino hobeto ezagutzen dugun beste Balta-txar horri Solamiako beltz pare bat eskatuz gero? Ikusiko duzue zein arin ekarriko dizkigun gure Olentzaro batzuen truke. Hauxe duk hauxe gure baltasar petrala hauxe!

Gari Araolaza
2010-01-05 : 08:40

Oraintxe bertan Radio Euskadin entzundakoa. Hiru hereje magoek hitz egin dute.


  • Baltasarrek swahilieraz agurtu du. Jakina da beltzak Afrika barnealdetik datozela. ;-) Auskalo zer esan duen, baina ez zen garrantzitsua izango, ez dute itzuli eta.

  • Meltxor eta Gasparrek Valladolideko gaztelania garbian, aholku onak eman dituzte. Jolasak aukeratzerakoan erabilgarri eta edukatiboak aukeratzeko eta horrelako pellokeriak.

Argi dago Meltxor eta Gasparren egoera "normalizatua" dagoela. Baltasar oraindik paperak ateratzen ibiliko da. ;-)


Erantzun

Sartu