Egunkariaren aldeko manifestazioak, eta Interneteko beste ekimen bat
Larunbat arratsaldean, arratsaldeko 17.00etatik Bilboko Aita Donostia plazatik abiatuko da Egunkariaren aldeko manifestazioa, auzipetuek beraiek konbokatua. Ordu berean beste bat zegoen deituta Madrilen, baina Madrilgoa debekatu egin dute behin betiko, lehenbizi Gobernuak, eta orain epaitegiek baieztatu dute debekua. Interneten, Grebaorokorra.info egin zuten zenbait ekintzaile euskaldun berriz elkartu dira eta jarraipena egingo dute, zuzenean, Egunkarialibre.info webgune berriaren bidez. Jarraipen edo ekimen honetan parte hartu nahi baduzu, manifestazioa baino lehenago dago deituta elkarketa, larunbateko 12.00etan Bilboko Kafe Antzokian.
Grebaorokorra.info webgunearen inguruan antolatu zirenak GO erreportariak dira, hortik datorkie izen hori. Mugikorren bidez hartutako argazki eta bideo irudiak, Internet bidezko telebista emanaldiak, Twitterreko #egunkaria edo #libre gakoen eta beste mekanismo batzuen agregazioa... Teknika horiekin egin nahi dute jarraipena larunbatean.
Gorka Juliok honela azaldu du Berrian:
Erantzutea baino, etorkizuna esperimentatzeko aukera. Horregatik, http://egunkarialibre.info webgunea ere sortu da. Beste webguneekin batera jarraipena egitea helburu izateaz gain, komunikazio esperimentu moduan ere. Hurrengo larunbatean, Bilbon egingo den manifestazioaren berri ematea du lehen helburua. Egun horretan jendeak bidalitako irudiak, bideoak, mezuak, lanak, ideiak bildu eta Interneten zehar zabaltzen saiatzeko, ekimen parte-hartzaile hau bideratu dute.
Horiekin kolaboratu nahi baduzu, 12.00etan da zita (gomendagarria, halaber, Internet bidezko hedabide aktibista bat nola antolatu daitekeen ikasteko). Bestela, manifestazioa, 17.00etan.
Erantzunak kargatzen...