Porrotx: bihotzez ikasten dena ez da inoiz ahazten
Euskararen astea izan zela-eta, Porrotx etorri zen HUHEZIra, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatera. Aurrez aurre, Hezkuntzako ikasleak izan zituen. Hona hemen hark esandakoaren kronika.
Porrotx pailazoa izan genuen joan den ostegunean HUHEZI fakultateko Areto Nagusian. Lasarte-Oriatik etorri zen, denboraz, gauzak patxadaz prestatzeko moduan. Amonak esan zion atzo Euskararen eguna zela eta unibertsitatera etorri behar zuela. Baina berak ez zekien zer egin hemen, eta zer egin ez dakienean, jolastu egiten du. Eta jolasaren bidez erakutsi zigun irakasle izateko eta pailazo izateko, ematen ikasi behar dela, eta emateko, jaso ere denetik jaso behar dela: itsasoaren eta zeruaren urdina, eguzkiaren berotasun eta goxotasunaren horia, inguratzen gaituen naturaren berdea, fruitu emankorren laranja, emakumearen sentsibilitatearen morea eta, jakina, sudurraren, pozaren, marrubiaren, musuen, bihotzaren eta irudimenaren gorria. Inguruko gauza on horien koloreekin osatutako bandera gainean hartu eta pailazo eta irakasle jarduna kolorez jantzi behar direla esan zigun.
Bere herriko giro ekintzaileaz ere hitz egin zuen. Izan ere, hainbat egitasmotan hartzen dute parte herriko euskara komunitatea trinkotzeko eta euskara-erabileran eragiteko helburuarekin: Ttakun elkartea, euskararen maratoia, pailazoak, antzerki eskola, bertso eskola, ludoteka, abesbatza, gazte txokoak Egitasmo horiekin guztiekin, kalearekin harremanak indartu nahi dituzte, elkarlana bultzatu nahi dute. Eta irakaskuntzak ere harreman handia du horrekin guztiarekin, elkarlanarekin batik bat: eskola, familia eta herria elkarrekin aritu behar baitira aurrera egingo badugu.
Eta bukatzeko, irakasleon egitekoa zein inportantea den gogorarazi digu. Nola lan egin, baina? Adibide paregabea eskaini digu, alegia, Juan Gorriti eskultorearen lan-sistema: bihotzean sentimendu bat dauka, hori burura doakio, eta, hausnartu ondoren, bi eskuekin elkarlanean gauzatu egiten ditu ekintzak. Horra hor esaldi famatuaren jatorria: bihotza, burua, eskua sentitu, pentsatu eta egin. Beraz, gauza bat egiten dugunean, egin behar dugu bihotzez, bihotzez ikasten dena ez baita inoiz ahazten. Inportanteena hizkuntzarekin eta heziketarekin ditugun sentimenduak, emozioa eta enpatia baitira.
Hori guztia jolas bidez, algara artean, giro atsegin eta erlaxatuan, pailazoaren eta irakaslearen ahotsa tartekatuta entzuteko eta sentitzeko aukera izan genuen atzo.
Erantzunak kargatzen...