Sustatu logoa Teknologia albisteak

Nolatan bereizi zituzten sumario nagusia eta ekonomikoa? (4)

imanol murua uria
2009-12-04 09:12

Beste pauso bat eman zuten, orduan. 2003ko urriaren 16an berriro Martin Ugalde Kultur Parkean ziren guardia zibilak: bederatzi lagun atxilotu zituzten operazio hartan, eta Egunkaria-rekin zerikusia zuten hainbat enpresaren egoitzak miatu eta zigilatu zituzten. Berriro ordenagailu eta agiri ugari eraman zituzten, enpresa horien arteko harreman ekonomikoei buruzkoak, asko. Baina bigarren operazioko atxilotuen galdeketatan ere ez zuten espero zuten erantzunik aurkitu, ezta berriro arakatutako milaka agiri ekonomiko berrietan ere. ETAren arrastorik ez.

Beste zerbait topatu bide zuten: ustezko irregulartasun ekonomiko batzuk, kontabilitatearekin, zergekin, Ogasunarekin edota diru-laguntzekin zerikusia zutenak; besterik gabe, euskaraz jarduteagatik irauteko ere zailtasunak dituzten enpresa defizitario batzuek zailtasun ekonomiko horiek gainditzeko egindakoak diruditen mugimenduak, izatekotan ere auzitegi arruntean epaitzekoak.

Guardia Zibilaren tesi nagusiari oinarria emateko baliagarri ez zirenez, ETArekiko loturarik ez baitzuten inondik inora erakusten, beste sumario bereizi bat irekitzea erabaki zuen Del Olmo epaileak. Baina ustezko irregulartasun arrunt horiek ETAren menpeko enpresa batzuek eginak omen zirenez, Auzitegi Nazionalean jarraitu zuen —eta jarraitzen du— auzi ekonomikoak ere.

Zentzu horretan, esan daiteke ikerketa nagusiaren porrotaren ondorioa dela auzi ekonomikoa.

Biharko galdera: Zer norabide hartu zuen ikerketak itxieraren ondoren?

Egunkaria kasuko FAQ edo galdetegia.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu