Luis Mari Bandres Unanue Elhuyarren sortzaileetako bat eta lehen lehendakaria zendu da. Eritasun luze baten ondorioz joan zaigu euskararen normalizazioaren esparruko ekimen askotan pertsona giltzarria izan dena.
Luis politika-ardurekin lotuta izan da ezaguna atzen urteotan, baina 1970eko eta 1980ko hamarkadako euskararen normalizazio-ekimen askok Luis izan dute atzean bultzatzaile, sustatzaile eta protagonista.
Ingeniaritza-ikasketak egiten ziharduelarik, Donostiako Ingeniaritza Eskolako Euskal Kultur Taldeko (EKT) jardueretan buru-belarri murgildu zen, baita orduko kultur berpizkundeko mugimenduetan ere.
1972an, EKTko lankide izan zituen beste lau lagunekin batera, Elhuyar taldea sortu zuen euskara eta zientzia eta teknologia uztartzeko helburuarekin. Gure lehen lehendakaria izan zen, eta nekez entendi daiteke Elhuyarren egungo egoera Luisek bere ekimenarekin eta lidergoarekin jartzen lagundu zuen oinarriak gabe. Erreferentea izan zen, bai barruan bai kanpoan.
Udako Euskal Unibertsitateak ere asko zor dio. Hasierako urte haietan, Elhuyarreko bere lankideekin eta Leioako Zientzia Fakultateko hainbat irakaslerekin batera, UEU indartzen makina bat ahalegin egin zituen: zientzia-alorreko sailen sorrera bultzatuz, finantzazioa bilduz, liburuak idatziz eta talde eragileko kide izanez.
Donostiako Kimika Fakultateak ere badu zorra. 1975ean fakultatea sortu zenean, idazkaria izendatu zuten. Lan handia egin zuen bai fakultatea bera antolatzen bai euskararen normalizazioa bultzatzen. Luisek bultzatu eta xaxatu gintuen garai hartan ikasle ginenetako batzuk eskola euskaraz hartzen hasteko. 1977ko urtarrilean izan zen. Lehen aldiz eman zen unibertsitate ofizialean eskola euskaraz, ministerioaren baimen ofizialik gabe bazen ere. Mekanikako problemak izan zen ikasgaia, eta Antton Santamaria irakaslea. Luisek alderdi teorikoa ematen zigun, baina berak ezin izan zigun eskolarik euskaraz eman urte hartan ordutegi-arazoak zirela medio. Hurrengo urtean eman zizkigun Elektrizitatekoak. Ez zen Luisen lana horretara mugatu, eta fakultatera etortzen ziren irakasleak euskaldunak izan zitezen ahalegin franko egin zuen. Fakultateko irakasleen artean euskaldunen proportzio oso esanguratsua lorturik, ondorengo urteetan euskaraz ematen ziren eskolak ugarituz joan ziren.
Euskararen militantziaz aparte, Luisen nortasunaren ezaugarri izan den beste alderdi bat ezin utzi aipatzeke; plazagizona zen. Lagunarterako aparta: txistularia, txiste-kontalaria, berriketarako gaitasuna
Agur eta erdi.
Luis Mari Bandresen heriotzaren berri baita Berrian ere (argazkiarekin)