Sustatu logoa Teknologia albisteak

Itzaltze analogikoa Nafarroan: ETBrentzat "luzapena" apirila bitartean

Sustatu
2009-12-10 14:12

Gaur goizean zen gauzatzekoa itzalaldi analogikoa Nafarroan. Baina ETB1 eta ETB2ren seinale analogikoa uhinetan da oraindik, herri ekimenak jarritako antena errepikatzaileei esker. Etxeetan, normalean, modua egongo da digitaletik analogikora pasatzeko, ETB ikusi nahi baduzue. Hala ere, luzapen horrek epemuga du: Gipuzkoan itzalaldi analogikoa gertatu bitartean, apirilean.

Iritsi da itzalaldi analogikoa Nafarroara: hemendik aurrera LTD bidez ikusiko dute telebista Nafarroako erkidegoan, bi seinaleak (digitala eta analogikoa) bi urtez batera funtzionatu ondoren. 230 udalerriri eta 540.00 laguni eragin die gaurko itzalaldiak.

Nafarrek ETB seinale analogikoz ikusi ahal izango dute, oraindik ere.

  • LTD kanpo hargailu bat erabiltzen dutenek (alegia, telebistan integratutako LTD hargailua ez duten horiek) zapping egiteko LTD hargailua erabiliko dute, eta ETB ikusteko, telebistak zuzenean jasotako seinale analogiko hori.
  • LTD integratua duten telebistetan, mandoan aukera bat dago seinale digitala ala analogikoa aukeratzeko. Analogikoan egongo dira ETB 1 eta ETB 2, eta digitalean gainontzeko telebista kateak.

Baina noizarte iraungo du behin-behineko neurri honek? Aukera hori eskeintzeko errepikagailu batzuk daude instalatuta, herri ekimenez. Hortik banatzen da ETBren seinalea. Baina berez, seinale hori EAEtik datorrenaren anplifikazio bat besterik ez da. Horretara, EAEn itzaltze analogikoa gauzatzen denean, Nafarroan ez dute ETBren seinalerik izango. Itzaltze prozesu hori martxan da EAEn:

  • Urriaren 30ean izan zen (edo zen izatekoa) itzaltzea Araban
  • Abenduaren 31rako dago iragarrita Durangaldean eta Ermuan
  • Apirilaren 3an bukatuko da itzaltzea Bizkaiko beste eskualdeetan eta Gipuzkoan.

2010eko apirilaren 4an, beraz, Nafarroako errepikagailuek ez dute seinalerik jasoko lurralde honetan seinalea zabaltzeko. Ordurako Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza ados jarri ez badira, aurrerantzean ezingo da ETB ikusi. Eta ez bata, ez bestea, ez daude dirurik jartzeko prest. Milioi bat euro inguru beharko omen dira.

Beharrezko milioi hori multiplex bat jartzearen kostua da. Multiplex bat dago gaur egun Nafarroan, Nafarroako kateentzat soilik dena. ETB emititzeko bigarren multiplex bat beharko luke. Multiplex hori ematearen eskumena Espainiako Industria Ministerioari dagokio.

Ministerioaren esanetan, Nafarroako espektro irrati-elektrikoa oso betea dago, eta itzaltze analogikoaren ondoren aztertu behar dute bigarren multiplex batentzako tokia badagoen.

Bigarren multiplexa, milioi bat euro

Nafarroako Gobernuak bigarren multiplexa izateko eskaera egingo balu, eta Industria Ministerioak onartuko balu, milioi bat euroko kostua izango luke horrek. Ez Nafarroako Gobernua, ezta Eusko Jaurlaritza ere, ez daude prest milioi euro hori jartzeko. Ministerioak esango balu teknikoki posible dela, finantzaketa-akordio batera iritsi beharko lirateke bi gobernuak, eta ez dirudi horretarako prest daudenik.

Izan ere, batetik, Patxi Lopezek adierazi baitzuen inbertsio horiek egiteko "zailtasunak" zituela Jaurlaritzak. Eta bestetik, Nafarroako Gobernuak hizkuntza-politikan gastuak murrizteko joera nabarmena du: Hezkuntza Departamentuak 240.000 euro zeuzkan aurreikusita euskarazko hedabideen dirulaguntzentzat, baina diru hori beste ekimen batzuetara bideratu du.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu