Teknologia albisteak
1

Euskal Torrenberg (Joan Mari Torrealdairen omenez)

Erabiltzailearen aurpegia
Joan Mari Irigoien
2009-11-26 : 10:11

Orain dela lau bat urte, Euskal Pen Klubekoek deitu zidaten, zera esateko: Joan Mari Torrealdai saritu zutela, Euskal Pen Klubaren lumarekin saritu ere, eta ea prestatuko ote nuen hitzaldi modukoren bat haren ohorez. Orain, berriz, Euskal Idazle Elkartekoak etorri zaizkit, eta nola esan hauei ezetz haiei baietz esan banien…! Nola esan ezetz, tartean Joan Mari Torrealdai egonda…! (Euskal Liburuaren Gaua izeneko ekitaldia izan zen bart gauez Donostian, eta han eman zioten Dabilen Elea saria Joan Mari Torrealdairi, berraren eta bere lagunen kontrako epaiketa noiz hasiko den jakin den egun berean. Saria jaso aurretik, Joan Mari Irigoienek hitz hauek irakurri zituen).

Zer gutxi aldatu diren gauzak lau urteotan, zoritxarrez, Foruko seme kuttun hori! Euskara gero eta zapalduagoa, euskal herritarrak ere halatsu, hi zer esanik ez…

Baina, beste alde batetik, zer gutxi aldatu diren gauzak denbora honetan, zorionez, euskaldun asko eta askoren estimua eta maitasuna hirekin dauzkak-eta, hirekin bat eta hire minarekin bat!

Hain gutxi aldatu dira gauzak, non, orain dela lau urte bezalaxe hasiko bainaiz. Izan ere, maite dut Joan Mari Torrealdai. Ez dakit Joan Mari delako edo Torrealdai delako, berdin da. Izena ez ezik abizena ere konpartitzeko prest bainago. Bera, Torrealdai. Ni, Irigoien. Izkiribu hau irakurrita gero, Torregoien edo Irialdai izan gaitezke, biok anaituta. Hik aukeratu, Torre, ezizenak asmatzen trebea haiz eta.

Azken puntu honi buruz inork dudaren bat balu, datu bat, Auñamendiko hiztegi entziklopedikoan aurkitu nuena, Torrealdairi buruzko erreferentzian: “Ha utilizado, entre otros, los seudónimos de Alday, Altzibar, Altxarteondo, Torre y Larrinaga”. Orain bi gehiago dauzkak aukeran, badakik: Torregoien eta Irialdai…

Hala ere, nik “Torre” deitzen diot, lagun artean ditugun elkarrizketetan. Baina hara: eskuak ezin garbiago dituen eskuin muturreko gizon bat imajinatzen dut hitzalditxo honetan, han atzealdean eta gorde-gordean… baita haren irudimena ere saltoka, logika ezin surrealistago baten mende, musika monokromatiko eta monotematiko bat airean, in crescendo eta in crescendo betiere, letania berean harrapatuta: “Torre, torrerista, terrorista; Torre, torrerista, terrorista… ¿Qué prueba más necesito?”. Ondoren, kartzelan sartzen dute Torre, dorre handiagoak ere erori dira-eta…

Edo ez al haiz gogoratzen orain dela lau urte Madrilgo eskuin muturreko egunkari batek argitaratu zuèn berria, nik hire omenezko testua irakurri eta biharamunean, Euskal Pen Klubekoek antolatu zutèn ekitaldian? “Escritorzuelos vascos del Putapén Club Vasco homenajean a un filoterrorista encausado en el sumario Egunkaria”. Edo nik asmatua ote da berri hau, espainiar estatuak gure Herriaren aurka darabilen zapalkuntzaren aurkako autodefentsa gisa? Berdin da. Izan ere, Garzon inklitoak muturreraino bultzatu duen “inguruaren inguruko teoriaren arabera”, agirretar abertzale guztiok gara filoetarrak, filoterroristak, filokomunistak… Garai batean Iñaxioz eta Iñaxiz josita zegoen herri hau; gero, Iker eta Ikerne nagusitu zitzaizkigun; gaur, berriz, Filomeno eta Filomena jarri dituzte modan juje ultraespainiarrek, filoputa ez dena filoputa t’erdi… Kontuz gabiltzan gero filologo, filosofo eta euskal fauna gaizto honetako filo-gainerako guztiok ere!

Ene harridura, Torrealdairen curriculuma eta haren merituak ikusi nituenean! Zenbat kargu eta zenbat titulu! Eta, batez ere, zenbat lan eta zenbat gogoeta! Torrealdai jaunak bete du, bai, Descartesen harako maxima hura: Cogito ergo sum. Ondorioa: ehun tona curriculum! Orain dela lau urte kamioi handi bat erregalatuko niala agindu nian, loteria tokatuz gero: erremolke handiago batekin, noski. Oraindik ez zaidak loteriarik tokatu, badakik, baina jakin ezak, orduan emandako hitzari eusten diodala, zer gutxiago…! Baina geroztik ere curriculuma ederki gizendu zaik, eta bi erremolke beharko dituk, beharbada…

Nik ez dizuet hemen curriculumaren berri emango, jakina, orduak beharko bainituzke, gaupasa eta guzti… Horren berri jakin nahi duenak, jo dezala google-ra… bere kanpa-dendarekin joaten bada, hobeto. Curriculumari buruz, beraz, hauxe bakarrik esango dut: Joan Mari Torrealdaik atzokoa duela jaso duen azken titulua, tituluen titulu bat ere badena, euskaltzain osoa izatea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula.

Joan Mari Torrealdairen nortasunari buruz hitz egiteko, Joxe Azurmendik “Jakin”-en 102. alean argitaratutako artikuluaren pasarte hau oroitaraziko dizuet, aski adierazgarria delakoan: “Torrealdaik dohain intelektual praktikoak erakutsi dizkigu, nonahi eta noiznahi, bere ibilbidean zehar; pertsonekiko tratu berezia, baita talde lanerako gaitasuna ere, zuzendaritza naturaltasun osoz asumitzeko prest, beharren arabera: karisma kontrolatu bat, energia isila, irekitasuna munduari, diferentziaren eta armoniaren kultura eta elegantzia. Hitz batean, kultur animatzaile militantearen dohainak ditu: idealismo errealista, efikaziaren zentzua, (…) edozeinen ideiak bereganatzen eta bideratzen jakitea, (…) hiruzpalau iradokizunetatik proiektu bat ateratzeko abilezia, baita jende hautatuz ekipoa osatzeko eta hura irmo gidatzeko trebetasuna ere. Gero, handitasun eta zabaltasun izpiritu bat, txikikerietan ez galtzeko eta problemak beren dimentsio globalean planteatzeko (…). Esan nahi baita osoaren zatiak osotasunaren funtzioan ulertzen dituela Torrealdaik. Euskal Herriaren kontzeptuari begira, zer esanik ez. ‘Bizkaitarra baino lehen euskalduna naiz’, dio euskara batuaren auzian, probintziakeria eta txokokeria guztiak bazter utzirik”.

Torrealdaik euskara baitu, beste jende askok bezala, kezka bizi. Baina hori ez diote —ez digute— barkatzen: ikusi besterik ez dago zer-nolako neurri hartu dituen Patxi Lópezen gobernuak euskararen inguruan… Izan ere, orain berdintasunaren izenean ari dira: erraza da, ordea, berdintasunaz mintzatzea, gaztelania obligaziozkoa denean eta euskara eskubidezkoa. Erraza ez ezik, zinikoa ere bai. Euskara ez baita bazterrean uzteko moduko huskeria. Izan ere, orain askotan aipatzen da Guggenheima, Euskal Herriko monumentu nazional gisa. Baina hemen eta herri honetan, benetako guggenheima ez da Guggenheim: euskara da —Euskara, alegia—, euskaldunok bihotzean daramagun haragizko monumentu bizia, oraindik are biziago nahiko genukeena. Horretan habil hi, Torre… eta horretan gabiltza euskaldun asko eta asko.

Ez dira, hala ere, hauek mementorik onenak, euskaldunok ongitxo dakigu. Alde horretatik, nire Lur bat haratago-ko pasarte batekin gogoratu naiz… gogoratu nauk: barka, adiskide, nire buruaren aldeko propaganda, baina aukerak aprobetxatu egin behar dituk, euskaltzain oso baten kontura gizentzea ez baita egunero gertatzen den gauza: ulertu, Torre…

Bada, liburuaren eszena batean, osaba-ilobak daude, dorretxeko sukaldeko leihotik begira, inkisidorea eta bere lekaioak hurbilduz doazen bitartean:

“(…) Eta osabak, beraz, bazekien zer etor zekiokeen eta nik ere banekien, eta biok genekien, halatan, ezen gure begiek urrunerat ikusten zutena egia-egiazkoa zela, zaldiz zetozen itzal haiek Ofizio Sainduko guardiak zirenez gero… Eta bazetozen, bazetozen…! Eta, baldin zalantzaren bat geratzen bazitzaigun, berehala etorri zitzaigun morroi bat behetik:

—Ofizio Sainduko guardiak dira, jauna…!

Eta, ikusirik ezen osabak ez zuela deus ere egiten, erran nion:

—Zeure burua salbatzeko puntuan zaude oraino, osaba! Lagunduko dizut nik! Zergatik ez dugu zaltegiko atetik ihes egiten, Lapurdirat edo Behe Nafarroarat? Baina arin ibili beharko genuke. Goazen!

—Ez. Lehengoan mintzatu gintuan horretaz eta arrazoin batzuk eman nizkian —erran zidan bere bihotz hautsitik, aulkitik altxatzen zela—. Baina baduk bertze arrazoin bat, inportantagoa, beharbada…

Ordea, nik ez nuen arrazoin hura aditu nahi, zeren eta gainean baikenituen Ofizio Saindukoak, eta moztu egin nuen:

—Baina behin eramaiten bazaituzte, bizirik ehortziko zaituzte…

Begietarat so egin zidan osaba Joanikotek, bere behako ezin tristeago harekin, baina behako hark bazuen puntu argi bat, eta argi hartarik mintzatu zitzaidan:

—Duintasunak, batzuetan, ez dik erdibiderik.”

Ondorioak ondorio, hauxe esan nahi baitut argi eta garbi guztion aurrean: Joan Mari Torrealdai terrorista bada, ni… terroristekin bat!

Baina ez nuke bukatu nahi hitzalditxoa hain era gordinean, mailukada itxurako honekin, eta Torreri orain dela lau urte eskaini niòn sonetoa irakurriko dizuet. Euskaltzain osoa haiz, bai, eta berorika mereziko huke poema, baina orduan zuka egin nian eta horrekin konformatu beharko duk, hi bizi haiz, hi…!

FORUKO SEME KUTTUNARI

Agur zuri, Joan Mari Torrealdai,
gizon buru-argi txit agurgarria,
injustiziaren suzko aldarria,
euskal bihotzaren beharrezko osagai.

Agur, zuri: agur eta ohore, bai,
zugan baita bizi herrizko harria,
badakigun esku beltzak jazarria:
zutik zegoenak, baina, zutik darrai…

Belar zapaldua zu, goitik behera,
baina zu, halaber, goi-mendiko haitza;
zu, gure gidari eta bidegile;

zu, kulturgintzaren suzko eragile;
zu, maratoilari guztiz nekagaitza;
zu, guapoa: hori ere bai, gainera!

Eskerrik asko.

Erantzunak

Luistxo Fernandez
2009-11-26 : 14:11

Ekitaldi nahiko emozionala izan zen Euskal Liburuaren Gau hau. Bigarren urtea da hau egiten dutena. Iazkoan Antton Olariagak jaso zuen Dabilen Elea saria, eta aurten Olariagak eman zion Torrealdairi eskulturatxo oroigarria.


Kontu honen antolatzaileak dira Galtzagorri elkartea, eta euskal itzultzaile, editore eta idazleen elkarteak. Datorren urterako, euskal ilustratzaileen edo irudigileen elkarte bat batuko omen zaie, eratzear baitago hori.


Antolakuntzako gonbidapenean Eusko Jaurlaritza ere ageri zen, baina haien ordezkaritzirik ez zen izan atzo Donostian Torrealdai omentzeko. Egon izan balira, hitza hartu zutenen kritika ere entzungo zuketen.


Ondorengo piskolabisean baten batek komentatu zidan, ekitaldiak sekulako kontrastea egiten zuela bezperan Bilbon izandako Euskadi Sarien ekitaldiarekin. Horretaz kontatu zidatena, Zuzeuk deskribatu du gaur. Ni ez nintzen izan, baina esan didatena, horixe; lotsa ematekoa modukoa izan zela.


Erantzun

Sartu