Ez dute agian Tuentik duen hedapen handia, eta akaso adin-demografia desberdina dute, baina ume euskaldunak Interneten dabiltzan webguneen artean unibertso birtual sozial bitxi batzuk daude: Habbo edo Boombang adibidez. Tresna ludikoak, batetik, baina ezaugarri kezkagarriren batzuk ere badituztenak.
Habbo edo Habbo Hotel nazioarteko produktu arrakastatsu eta ondo ezarritako bat da. Boombang lokalagoa da, Espainiakoa, eta bi hizkuntza bertsio ditu, gaztelaniaz eta ingelesez. Habbo ere espainolez badago (eta hizkuntza mordo batean), eta Hego Euskal Herriko umeek interfaze horrekin ikusten dute. Interakzioan ere, hizkuntza konfigurazio bera daukaten erabiltzaileekin egiten dute topo: ez dago gurutzatzerik ingelesez edo alemanez dabiltzanekin. Ameriketako gaztelaniaren zantzuak igartzen dira testuetan, berriz.
Boombang-eko pertsonaia baten panela.
Nerabeentzako sare sozial gisa definitu daitezke bi sareak, baina Tuenti edo Facebookena baino gehiago, Habbok antz gehiago du unibertso birtual batekin, hala nola Second Life edo Sims Online joko partekatua (hau jada desagertua, beharbada zituen inplikazioengatik).
Habbo hotel bat da, eta sartzen den erabiltzaile bakoitzak, itxura jakin bateko pertsonaia eta gela bat lortzen ditu. Itxura nahi duzunean alda dezakezu, aukera batzuen artean. Eta behin itxura hori duzula, egin zaitezke beste batzuen lagun (agregatzen duzu, edo agregatzen zaituzte), eta haien geletara joan, edo gela publikoetara joan, non beste erabiltzaile batzuk ere topatzen diren, ez bakarrik agregatu dituzunak, baizik eta bertara gehitzen diren ezezagun guztiak.
Gela horietan, pertsonaien arteko txat saioak egiten dira, publikoak edo pribatuak. Berriketaldiek komikietako hitz-puxiken forma hartzen dute. Hor goian duzue adibide tipiko bat.
Boombang-en, hotel-gelak beharrean, uharteak dira interakzioaren kokagune birtuala. Estetikoki, marrazki bizidunen tankera du Boombangek; Habboko irudiak, berriz, pixelazio isometrikoan oinarritzen dira.
Joko inozente bat dirudi, eta neurri batean hala izango da, baina detaile ilunak ere baditu Habbok. Objektuen erosketa eta merkataritzara zuzendua dago webgunea, eta horrek zeharkako ondorioak dakartza.
Txat egin gelaz gela, edo objektuak erosi, horixe da egin daitekeena. Eta objektuen kontu horretan, merkataritza pribatua dago, jendearen arteko salerosketa eta trukeak, edo denda ofizialera joateko aukera, gauzak lortzeko. Gauza horiek izan daitezke, zure avatar edo itxurarentzako apaingarri ez-estandarrak, gelak apaintzeko gailuak, edo mugitzeko tresna konplikatuagoa deslizadoreak, edo telegarraiorako estazio moduko batzuk. Eta objektuen merkataritzarako, dirua dago tartean: kredituak. Erabiltzaileak kreditu gutxi batzuk ditu hastean, eta bisita bakoitzarekin, handituz doakio kopurua. Baina objektu interesgarrienek kreditu mordoa balio dute, eta horretarako, badago laburbidea: ordaindutako SMS bat bidali zenbaki jakin batera, eta euro gutxi batzuen truke, kode bat itzultzen dizu sistemak, Habbon sartu eta horrekin kredituak bankuratzeko.
Umeen eskura SMS pagokoak bidaltzeko gaitasuna duen telefono bat badago, adi, gastua etorri daiteke hortik, konturatu orduko. Negozio bide hauek, ez pentsa finantziabide ezkutu bat direnik webgune hauentzat. Boombang webguneko pantaila honetan ikus daitekeen bezala, Correos, El Corte Ingles edo Telefonica bezalako enpresa serioek bat egiten dute umeei kredituak saltzeko bono-sistemen salmenta interesatuan.
Agian negoziobide hau ez da kromoak erosteko merkataritza baino zikinagoa, baina kontuak baditu beste bihurgune batzuk ere. Kromoak ere trukatu daitezke, negozio edo gai pribatua bilakatu eskolan edo herriko parkeetan, baina hemen, merkataritza pribatua gertatzen da erabat ezezaguna den jendearekin, inolako pistarik gabe tartean.
Benetako elkarrizketa bat Habbon.
Adi hemen goiko irudi honi. Hiru lagun daude, bi euskaldunak, eta Fuenla espainiarra. Jonek zerbait saltzeko amarrua saiatzen ari da Fuenlarekin, eta iruzurra dela xuxurlatu dio beste lagun euskaldunari. Fuenlak ez du xuxurla hori ikusi, baina susmatzen du, dena den, iruzurra datorrela, eta mehatxu egiten dio Jon saltzaileari, balorazio negatiboa emango diola eta horrekin Habbotik kanporatu dezaketela (kanporatu, eta zure "inbertsioak" galdu, noski). Engainua eta mehatxua... Balorazio negatiboen kontuak arriskuak ere baditu, Sims Online jokoan sartu zuten puntu negatiboak emateko aukera, eta horrek mafien sorrera eta estortsioaren hedapena ekarri zuen: irakurri artikulu hau sinestezina egiten bazaizue.
Izatez, merkataritzan negoziatzen zaudela, edo gela jendetsuetan zabiltzala, inguruko ezezagunekin egoten diren elkarrizketek ez dute beti itxura gozorik: "Kendu hemendik", "Bota hori gelatik", "tontoa zara"... Halako txorakeriak batzuetan. Beste batzuetan, "te pasas al eskaip y te enseño la minga". Hori ere txorakeria bat, beharbada. Gela publikoetan... Gela pribatuetan, ba auskalo. Habboren gela kopurua oso handia da, eta edozein unetan makina batean jende ugari dabil. Euskal estiloko gelak ere badaude, euskaldunentzat edo... Auskalo zer dagoen horietan, asko ikertzerik ere ez dugu izan.
Gela euskaldunen bila Habbon.
Zer egin honekin guztiarekin? Zentzuzkoa izan umeekin. Debekuen efektibitatean ez pentsatu.
Seme-alabei ez diegu debekatzen kalera irtetzea kotxeak eta arriskuak daudelako, erakusten diegu zebra bidetik pasatu behar dutela bidea. Ba, hemen berdin. Gurasoek jakin behar dute euren seme-alabak non ibiltzen diren. Horretaz gain, erakutsi beharko diete Interneteko bideetatik zebra-bideetatik pasatzen.
Tresna hauek ez dira Internetetik desagertuko, alderantziz, hauek edo antzeko batzuk, edo are tresna arraroagoak (batek daki nolakoak), oraindik gehiago integratuko dira haur eta gaztetxoen aisialdiko jardueretan. Horrekin bizi beharko da. Internetek 10 urte daramatza gure artean, eta hasi besterik ez da egin.
Beharbada, ikasleak ez dira alfabetizazio digitalaren beharra duten bakarrak, gurasoek ere garbi dago behar dutela horren inguruko informazioa...
Kaixo, Nire 10 urteko semeak Habbora sartzeko formularioa betetzeko laguntza eskatu zidan orain astebete. Formularioan adina eskatzen dute eta ez dakit zein den muga, baina bere adina ez zelako egokia sarrera ukatu zioten. Semeak orduan aitortu zidan bere lagun askok esana ziotela gezurrezko adina jarrita zutela eta gehienek 16 edo 19 urte jarriaz lortu zutela sartzea. Hau da, haurrak hasieratik badakite gezurretan eta tranpetan ibili behar direla leku horretan. Tokiak berak sarrera ezeztatzen bazion ez nuela egokia ikusten esan nion eta horrela geratu zen gauza.
Badira beste toki birtual antzekoak ere haur txikiagoetara zuzenduak, adibidez Panfu, hasieran dohanekoak direnak baina etengabe presionatzen zaituztenak maila goragoko "statusa" lortzeko diru truke. Haurrak engantxatu egiten ditu, baina ez bazara tentazioan erotzen aspertu egiten dira ezin baitituzte gauza asko egin haserako lehen mailak lortu ondoren.
Kaixo, ez nekien non jarri, eta post honek gutxi gorabehera horretan datza, beraz, 14 gonbidapen ditut oparitzeko,
norbaitek probatu nahi badu, badaki, pentsatuko dugu nola egin emaila-a ikusten ahal ez izateko.