Sustatu logoa Teknologia albisteak

Danobat-eko eskuliburua berrituta

Duela egun batzuk, Danobat kooperatibak eta Mondragon Unibertsitateak “Tailerreko Eskuliburu Teknikoa” liburuaren bigarren edizioa aurkeztu zuten. Euskaraz soilik dagoen eskuliburu tekniko hau Makina-Erremintako sektoreko langileei zuzenduta dago.

Duela bost urte, Danobat kooperatibaren sorreraren 50. urteurrena zela eta, liburu honen lehenengo edizioa argitaratu zen. Hainbat bazkideren esperientzia eta lankidetzarekin kontatu zen orduan. Ekimen horrek arrakasta handia izan zuenez, bigarren edizio hau hobetuta eta eguneratuta dago Mondragon Unibertsitatearen lankidetzarekin.

Liburua tailerretan, eta zehatzago Makina-Erremintaren sektorean, aritzen direnei zuzenduta dago (adibidez, muntatzaileak, diseinatzaileak eta mekanikoak) baita alor horretan lan egin nahi duten egungo unibertsitateko edota lanbide heziketako ikasle direnei ere.

Eskuliburuak, alde batetik, diseinatzaileentzat oso erabilgarria den informazioa jasotzen du (oinarrizko kalkulua, trigonometria, materialen ezaugarriak, transmisioen kalkulua, ergonomia, etab) eta bestetik, muntatzaile eta mekanizatzaileentzat baliagarriak diren hainbat taula (hari ezberdinen neurriak, errakore-mota ezberdinak, unitate-aldaketak eta makinen osagai ezberdinak eta plakatxo, harri edota zerrei buruzko datuak ere). Horrez gain, eskuliburuak elektrizitatea eta elektronikako oinarrizko formulario bat eta hiztegi txiki bat jasotzen ditu.

Argitaratutako 1500 aleak Danobateko langile, bezero, hornitzaile eta Mondragon Unibertsitateko ikasle eta irakasleek eskuragarri izango dute. Era berean, Mondragon Unibertsitateak eskuliburua bere prestakuntza zentroei eskainiko die. Liburua abenduaren 4tik 8ra ospatuko den Durangoko Liburu Azokan salgai egongo da Mondragon Unibertsitateko standean.

Liburuaren kontsulta errazteko asmotan, formatu digitalean aurki daiteke Danobat eta Mondragon Unibertsitateek dituzten web guneetan:

  1. DANOBAT (PDF formatuan 16 Mb)
  2. MU (ZIP formatuan 6 Mb)
  3. MU (PDF formatuan 16 Mb)


Argazkiak.org | Danobat: tailerreko eskuliburu teknikoa © cc-by-sa: sustatu

Argazkian, Jesús María Astigarraga Danobat-eko presidentea eta Iosu Zabala Mondragon Unibertsitateko errektorea liburuaren aurkezpenean, azaroan.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu