Sustatu logoa Teknologia albisteak

Txotxolo eta txilibituez

Maite Goñi
2009-11-12 09:11

Egun batez, konpainia on batean, euskaldunik baizen ez zen lekuan nengoela, ekarri zuen solasak, izan zen perpausa, Xabier Mendiguren Elizegik egin zidan erronka, Gaurko Hitzan irainak ipintzekoa. Nik baietz esan, eta hark paperezko mahai-zapi batean hamar irain idatzi zizkidan: zokor-mazo, basakristau, txatxu, txepel, txilibitu, matxarda, marimaistra, pepelerdo, zikinbrillo eta lerde-jario. Pixkanaka-pixkanaka argitaratzen joango nintzela esan ez nion, ba!


© baimenarekin: Pernan Goñi

Ziur asko ahaztuta nagoela edo emandako hitzak haizeak eraman zituela pentsatuko du. Kontua da etxera etorri eta saiatu nintzela horietako bakarren batetik tira egiten, baina ez nien nondik heldurik ikusi: definiziorik topatu ez, edo hitzek beste esanahi bat zuten eta irain gisa ez zeuden hiztegietan jasota. Mahai-zapia gorde egin nuen badaezpada ere.

Egunotan berreskuratu egin dut egiteke nuen ataza, eta, hala, euskarazko irainak bilatzeari ekin diot. Ez pentsa gauza gehiegi topatu dudanik: belarrimotz, txotxolo, umemoko, finolari, malmutz, txolin...

Txotxolo: izond. Bizk. Buruarina, inozoa (bereziki, gizonezkoez mintzatuz erabiltzen da). (Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa)

Txepel: izond. 1. Egoera zail samarretan erraz atzera egiten edo kikiltzen dena; adorerik edo ausardiarik ez duena. 2. Gatz eta piperrik gabea; motela. (Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa)

Nolanahi ere, guztiak irain leunak iruditu zaizkit, ez oso laidogarriak. Akaso izango da guztiz haserre gaudenean, gaztelaniara pasatzen garela. Batek daki! Zuen onetik aterata zaudetenean eta barrenak hustu nahi dituzuenean, botatzen al duzue biraorik euskaraz?

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu