Teknologia albisteak
3

Azkue Fundazioaren aurkezpenean

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez
2009-11-05 : 16:11

Azkue Fundazioa atzo aurkeztu zen Bilbon Euskalduna Jauregian izandako ekitaldi batean. "Sarean lan egin," ideia hori nabarmendu zuten, horixe izango dela erakunde berriaren egitekoa. Sarean, Internetera begirakoak izango direlako giltzarri nagusia, eta sarea baita ere, pertsona, talde eta ekimenen elkarlana bultzatu nahi dutelakoan.

Erakundearen izena ere azaldu zuten, Resurreccion Maria Azkue hizkuntzalari eta euskaltzalearen deitura hartu dute, "Azkuek 2.0 filosofiarekin egin zuelako lan". Hiztegigintzan eta testigantzen bilduman Azkuek osatutako kolaboratzaile sareari erreferentzia egingo zioten horri, suposatzen dut.

Rodrigo Gartzia da Fundazioaren zuzendari kudeatzailea. Eta lantaldea ez da oso handia: hiru lagun. Neurri batean, Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez Bilbon Euskararen Etxeak kudeatu izan dituen ekimenak, eta San Inazio auzoko Etxearen beraren kudeaketa, orain Azkue Fundazioaren esku geratzen da.

Fundazioaren euskarria Bizkaiko Foru Aldundia da. Atzoko aurkezpenean hitz egin zuen ordezkari instituzional bakarra Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia izan zen: euskararen aldeko konpromisoa nabarmendu zuen, sarearen garrantzia ez etorkizunera begira baizik eta oraintxe, une honetan; eta bide batez kritika ere egin zion Eusko Jaurlaritzari euskararen gaian agertzen ari diren jarrera batzuk aitzakia hartuta.


Ordezkari instituzionalak. #169; cc-by-sa: Badihardugu elkartea

Patronatuko beste kideen ekarpena (Deustuko eta Euskal Herriko unibertsitateak, Euskaltzaindia, Bilboko Udala), ez da oso agerikoa orain, aurrerago ekimenak gauzatuko direla pentsa daiteke. Bestalde, Azkue Fundazioan edukien izaera librearekin konpromiso argi bat erakutsi dute hasieratik bertatik, cc-by-sa lizentzia. Beste patrono batzuek ez dute oraingoz halako joerarik erakutsi, ezta oro har, Foru Aldundiak. Denak bat-batean eduki libreetara etorriko direnik ez dut uste, baina, tira, batzuk hortik badoaz, agian besteak kontajiatuko dira, eta ez badira ideia honetara etortzen ere, tira, euren errua, eta ez Fundazioarena.

Aurkezpenean, Azkuek bultzatuko dituen ekimen batzuen berri eman zuten. Batzuk Fundazioaren ekimen propioak dira (Frankie jokoa) edo Euskararen Etxearenak (Mediategia), eta beste batzuk sarekoak, bultzada jasoko dutenak Fundaziotik: Wikipedia bultzatzeko Wikiplaza ekimena, edo Ahotsak.com biltegia.


Ahotsak.com, ekimen estrategiko gisa aurkeztua. © cc-by-sa: Badihardugu elkartea

Kanpoko ekimen hauekiko bultzada hori nola gauzatuko den ez dago zehaztuegi, eta hortaz, batzuetan ematen du beretzat hartzen dituela Fundazioak beste nonbait sortu diren iniziatiba horiek. Wikipedista batzuen begietan, horrek frikzioak sor ditzakeela ematen du.

Bultza egiteko modu bat izan daiteke diruz laguntzea ekimen batzuk, baina horretarako jakin beharko da Fundazioak zein fondo, aurrekontu edo laguntza-deialdi ateratzen duen plazara. Baina ekimen zehatz batzuk, Wikipedia adibidez, ez dira dirulaguntzekin sustatzekoak. Zehaztapenak beharko dira, zentzu batean edo bestean. Argitasun horiek etorriko diren itxaropenean, neuk pertsonalki egitasmo zintzo eta positibo baten jaiotzari ongi etorri esaten diot.

Artikulu honetarako argazkiak, Badihardugu taldetik pasatu dizkidate. Eta bideoa, eman zituztenen artean interesgarriena nire ustez (testuengatik), Azkue Fundaziotik bidali didate. Uste dut Publis komunikazio-etxeko Iñigo Fernandez Ostolazak sortua dela.


Ekitaldi jendetsua izan zen. Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: Badihardugu elkartea

Erantzunak

Iban Arantzabal
2009-11-05 : 18:22

Ondo etorri euskal saregintzara. Jende mordoxka ikusten da ebentoan eta poztekoa da. Ia kapaz garen elkarlanean jarduteko. Animo!

Iñigo Fernandez Ostolaza
2009-11-05 : 19:09

Nik bakarrik ez dut sekula bideorik sortu, baina bai, Publisen egin dugu, besteak beste, bideo hori.

Iñigo Fernandez Ostolaza
2009-11-05 : 23:16

Barkatu, ni berriz.

Esan nahi nuen nik ere elkarlanean sinisten dudala.

Erantzun

Sartu