Teknologia albisteak
1

Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren hiztegi entziklopedikoa aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia
Elhuyar Fundazioa
2009-10-31 : 08:10

Elhuyar Fundazioak eta UPV/EHUk argitaratu dute obra hau Euskadiko Kutxaren babesarekin. Zientzia eta teknologiaren alor guztiak jasotzen ditu 200 aditu baino gehiagoren artean egindako hiztegi entziklopediko honek.

Elhuyar zientzia eta teknologiaren hiztegi entziklopedikoa aurkeztu zuten atzo arratsaldean Chillida-Lekun egindako ekitaldi batean. Euskarazko zientzia eta teknologiaren lehen hiztegi entziklopedikoa da, hain zuzen ere. Elhuyar Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, Euskadiko Kutxaren babesarekin, argitaratu duten hiztegi entziklopediko honek zientzia eta teknologiaren 50 alorretako informazioa jasotzen du eta 200 aditu baino gehiagoren artean egin da. Aurkezpen-ekitaldian honako pertsona hauek hartu dute parte: Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak, Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Antton Gurrutxaga hiztegiaren zuzendariak eta Elias Atutxa Euskadiko Kutxako zuzendari nagusiak.

Ekitaldiari amaiera emateko, gerturatu ziren ia berrehun lagunek aukera izan zuten Joan Mari Irigoienek bereziki prestatu eta irakurri zuen ipuin bat entzuteko.

Informazio oroko eta eguneratua

Zientzia eta teknologiari buruzko informazio orokor eta eguneratua behar duen ororentzat da obra interesgarri hau: DBHko, Batxilergoko, Lanbide Heziketako, unibertsitateko ikasle eta irakasle, kazetari, guraso eta, oro har, zientzia eta teknologiaren inguruan interesa duen edonorentzat. Obra honek zientzia eta teknologiako 50 alorretako informazioa eskaintzen du, honako alor nagusi hauetan multzokatuta: zientzia zehatzak, materiaren eta energiaren zientziak, lurraren zientziak, biziaren eta osasunaren zientziak, teknologia eta gai orokorrak. 23.000 kontzeptu biltzen ditu, definizioekin eta dagozkien erdal terminoekin (ingelesezkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak); erdara-euskara termino-zerrendak eskaintzen ditu: ingelesa-euskara, gaztelania-euskara eta frantsesa-euskara; 607 artikulu entziklopediko ditu, eta 1.500 irudi. CD-ROM euskarria banatzen da liburuarekin batera.

Elhuyar zientzia eta teknologiaren hiztegi entziklopedikoaren lagina honako webgunean dago ikusgai.

Erantzunak

Josu
2009-10-31 : 10:42

Hiztegiaren lagina hemen ikus daiteke


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago