Teknologia albisteak
1

Herria al da Itziar?

Erabiltzailearen aurpegia
Joseba Zulaika, Itziar Herria Sortzen
2009-11-01 : 12:11

Herria al da Itziar? Kronika historikoek Erdi Arotik aipatzen dute Itziar izeneko herria. Iruinako Apezpikutzako dokumentuek hamargarren mendearen hasieran kokatzen dute jada Itziar. Santxo IV.ak, Gaztelako erregeak, 1294ko ekainaren 24an eman zizkion Itziarri Villa edo hiriburu izateko eskubide eta pribilegioak.

Zutik daukagun Itziarko eleza hamaseigarren mendekoa da; erromanikoa da bere eraikuntzan. Esnaolak dioenez, oraingoaren aurrez beste bi eliza izan ziren Itziarren:

  • bat hamalaugarren mendearen hasieran eraikia;
  • honen aurretik beste eleza aurre-erromanikoa ere ba omen zegoen.

Santiagoko bidean egoteak eman zion protagonismo berezia Itziarko elizari. Humbold-tek idatzi zuenez, "Itziar" izenak "itsas-zear" esan nahi zuen. Elizako abestietan "Itziar" eta "izar" lotu izan dira beti.

Zazpi mendeetan zehar Itziar izena bertako Ama Birjinaren santutegiari lotua izan da. Ama Birjinaren irudia hamairugarren mende aurrekotzat jotzen da; Lizarralde frantziskotarrak euskal Birjina guztiak aztertu ondoren Itziarkoa dela ederrena dio. Mende hauetan zehar irudi honek etengabe bildu ditu Itziarra bisitari eta erromesak. Kantak dioen bezala:

Zugana dijoaz itsuak, heriak, atsekabedunak, min duten guztiak.

Kantauri itsasoaren begibistan izanik lekua, itsasgizonek, Pio Barojaren nobeletan agertzen den bezala, Itziarko elizaren parean pasatzean Salbea kanta ohi zioten Amabirjinari. "Itsasoko izarra" bezala izan da abestua irudi hau mendeetan zehar:

  • Elkano bezelako itsagizonek Itziarko Amabirjinari utzi zizkioten ondareak beren testamentuetan.
  • Orio bezelako arraun taldeak Itziarko Amabirjinari eskaini izan dizkio irabazitako banderak.

Igande ugarietan inguruetako herrietatik oraindik ere erromesaldia egiten zaio Itziarko Ama Birjinari. Hauetatik ezagunena Donostiatik egiten den gau-martxa da. Zer dela eta joaten dira urtero milaka gipuzkoar oinez gau osoa igaro ondoren Itziarko gaina igotzera Amabirjinari "Agur Jesusen Ama" zortziko bizian kantatzera? Barne erori-errezak altxa egin nahi duelako nola edo hala.

Herria al da Itziar?

Arrazoi historiko, geografiko, eta sinbolikoak kontuan hartuta, Gipuzkoaren baitan leku seinalatua da Itziar. Bertara joaten dira bikote ugari ezkontzera; bertara joaten dira bidaiariak eguna pasatzera; Itziar talaia da eta atseden tokia askorentzat; konbersio eta graziaren bila dabilen erromesarentzat babesleku isil paregabea da. Horregatik leku berezia da Itziar euskal geografian; errepideek, komunidabideek, teknologia berriek leku guztien berezitasunak borratzera bultzatzen gaituen garai hauetan, zenbait lekuren identitatea aberastasuna da eta bertakoek gorde egin behar dute leku horren tradizioa ondorengoentzat.


Itziar map

Itziar da memoria handiko leku horietako bat, bertako herritarrek zaintzea merezi duena. Hainbeste emakumek beren izena “Itziar” dute. Izen hori imajina konkretu bati eta herri ezagun bati lotua dago. Kantak dioen bezala: “Zeru ertz batetik ta besteraino ez da izar ederragorik zu baino. Zeruetatik etorri zinan Itziarra. Hor zaude geroztik zu itsasoko izarra.” Itziarko historia, izena, sinbolismoari eusteko, une honetan herritartasun hori baieztea komeni da.

Erantzunak

Herria Sortzen plataforma, Itziar
2009-11-02 : 09:50

Itziar Herria Sortzen Taldeak legeak eskaturiko herritarren sinadurak eskuratu eta gainerako tramite guztiak burutu ondoren Itziarko Auzo-Udalerako proposamenari sarrera eman zion joan den azaroaren 20an Debako Udaletxean. Proposamenaren inguruko azalpenak eta jasotako hainbat atxikimendu ezagutzera eman nahi ditu publikoki.


Itziartarrok aukera eman zaigun bakoitzean adierazi dugu gure autogobernu nahia. Banaketa espedienteak %82aren babesa jaso zuen, Auzo-udalerako proposamenak %64rena. Tartean I.H.S. alderdi bozkatuena izan da Udal-hauteskunde bakoitzean, Batzar Orokorretara protestaren bat egitera joatea tokatu den bakoitzean jende mordoa hurbildu da, edo I.H.S. finantzatzeko egiten den Ganadu Feriaren antolaketan herri osoak hartzen du parte urtero...


Autogobernu nahi horren baitan, nortasunarena osagai garrantzitsu bat da, baina ez funtsezkoena. Arrazoi praktikoak ere hor daude: Itziarko kaskotik Debara 6 kilometroko distantzia dago, eta gainerako auzoak (Itsaspe izan ezik) are urrunago daude. Beraz, Deban eskaintzen diren zerbitzuak tokitan gelditzen zaizkigu.


Bestalde, Debako Udalarentzat ere ‘hor goian’ dagoen terreno bat baino ez da izan Itziar urte askoan. 80ko eta 90eko hamarkadetan bertan egin zen gastu publikoa zero izan zen, eta bitarte horretan herriko plazatik 200 metrora Gipuzkoako poligono industrial handienetariko bat eraiki zuten. Azken urteetan zenbait aurrerapauso eman izan dira, baina oraindik ere bertako biztanleriaren pisu erlatiboaren arabera egin beharko litzatekeen gastua ez da burutzen, eta oinarrizko hainbat eskari betetzeke daude.


Auzo-udalaren ideia ez zen itziartarrongandik jaio. Guk udalerri independiente bat nahi izan dugu beti. I.H.S. Udal-hauteskundeetara aurkezten hasi zenetik (1995, 1999...) alderdi politikoak izan ziren euren hauteskunde programetan Itziarrentzako autonomia zabal bat proposatzen hasi zirenak. Gero, herri izateko bidea itxi zigun Foru Arauak, 2/2003ak, eskaini zuen Gipuzkoan lehenengoz Auzo-udalak eratzeko aukera. Eta 2005an banaketa espediente berri bat sartu ahal izateko arauaren aldaketa proposatu genuenean, autonomiaren bidea jorratu behar genuela esan ziguten Batzar Orokorretako ordezkariek.


Ez da gugandik jaiotako ideia, baina bere alde benetako apustua egiteko prest gaude. Itziarrerako funtsezko hobekuntzak ekar ditzakeela iruditzen zaigu, deszentralizazioarekin Debarekiko daukagun distantziak sorturiko gabezia asko konpondu ahal izango direla. Bestalde Itziar eta Debaren arteko elkarbizitza bideratzeko osagai egokiak dituen formula bat iruditzen zaigu: Itziarrentzako aurrerapauso hauek Deba kaltetu gabe burutu daitezke, Auzo-udala elkarlanean, koordinazioan eta adostasunean oinarritzen den figura bat delako.


Oteic enpresa espezializatua eta Cuatrecasas abokatu etxearen laguntzarekin osatu dugu gure proposamena. Hauek dira ideia garrantzitsuenak:


Lurraldetasuna: Auzo-udal bat Debaren barruan.


Banaketa espedientean definitu zen lurraldea: Itxaspe, Elorrixa, Arriola, Egia, Mardari, Arbizkoa, Endoia, Lastur eta kaskoa. Argudioak: nortasun bakarra, elizbarruti bera, hauteskunde-barruti bera, Osakidetzaren antolakuntzan lurralde unitatea independientea, posta kode propioa... I.H.S. auzo bakoitzeko hiruna ordezkarirekin sortu zen eta banaketa espedienteak auzo horietako guztietako biztanleen gehiengoaren babesa jaso zuen. Beste hainbeste gertatu da Auzo-udalaren proposamenarekin, auzo guztietako gehiengoaren sinadurak jaso ditugu.


Segregazioaren aurka Deba lurrik eta baliabiderik gabe gelditzen zela esan zen. Auzo-udalaren kontra aitzakia honek ez du oinarririk:


  1. Erakundea Debako lurraldearen barruan gelditzen da.

  2. Debako Udalak lurralde osoan eraiki dezake.

  3. Debako Udalak bere ondasun guztiak mantentzen ditu, funtsezko hainbat konpetentzia eta lurralde osoaren koordinazio eta kontrola.

Benetako autogobernu bat eskatzen dugu.


Abiapuntu bezala Itziar Herria Sortzenek legeak eskaintzen dituen konpetentzia guztiak, propioak nahiz delegatuak, eskatzen ditu.


Autogobernu osoa eskatzen dugu :


  • Itziarrek merezi duelako. Kasik 20 urte daramatzagu gure autogobernuaren alde borrokan. Herri izatea galerazi digute.

  • Bideragarria delako.

  • Debarentzat ez delako kaltegarria izango.

  • Badakigu negoziazio mahai batean erabaki behar dela eta adostasunak gailendu behar duela. Gure abiapuntuaz ari gara.

  • Gutxieneko bakarra eskatzen dugu: Itziarri ematen zaion autogobernua benetakoa izatea. Orain daukagun egoerari beste izen bat jartzearekin ez dugu ezer konpontzen; konponbide eraginkorra behar dugu.

  • Autogobernu maila altu bat adosteak ez du esan nahi Itziarrek horri dagozkion konpetentziak kolpetik bereganatuko dituenik. Esku aldatzea progresiboki emango litzateke, egin beharreko aldaketa pixkanaka eginez, eta desoreka posibleak ekidinez.

Dagokigun Aurrekontua eskatzen dugu. Edozein debarri dagokion bera, ez gehiago, ez gutxiago.


  1. Itziar Debako biztanleriaren %20a eta lurraldearen %90 izanda, bertan egiten den zuzeneko gastua ez da inoiz %5etik pasa. Ez dugu inolako pribilejiorik eskatzen. Edozein debarrentzako eskaintzen den gastua baino ez dugu eskatzen itziartarrontzat.

  2. Banaketa espedientearen kontra poligonoaren mamua erabili zen: itzartarrak poligonotik zetozen diru guztiak bereganatuko dituzte, Deba dirurik gabe geldituko da. Auzo-udalaren kasuan ez dago horrelako mamuen beldurrik izaterik: Debako Udala eta Diputazioa izango dira diru guztiak jaso eta banatuko dituztenak. Poligonotik itziartarrengana iritsiko den dirua edozein debarrengana iritsiko denaren berdina izango da.

  3. Deszentralizaturiko zerbitzuetan erabiliko litzateke itziartarroi edozein debarri bezala dagokigun gastu hori. Zerbitzu horiek deszentralizatuta Itziartarrok Deban egiten dugun gastua Auzo-Udalean egingo litzateke. Beraz, Debako gainerako biztanleentzat gelditzen den dirua berdina izango litzateke.

  4. Autogobernu maila altu bat adosteak ez du esan nahi Itziarrek horri dagozkion konpetentziak kolpetik bereganatuko dituenik. Esku aldatzea progresiboki emango litzateke, egin beharreko ajusteak pixkanaka eginez, eta desoreka posible guztiak ebitatuaz.

Gipuzkoan Auzo-udalaren figura berria da. Igeldon eta Ereñozun ere egin dira saiakera batzuk, baina oraindik ez dira gauzatu. Bizkaian, Araban edo Nafarroan ordea oso antzeko figurak baliatu dituzten ehundaka kasu daude: Abinzano, Aintzioa, Aizoain, Aizpun, Albiasu, Alli, Allotz, Alzorriz, Alzuza, Amillano, Ancin, Anocibar, Anoz, Antxoritz, Aos, Aramendia, Arandigoien, Aranguren, Arazuri, Arbeiza, Arbonies, Ardanaz, Aritzu, Ariz, Aritzala, Aritzaleta, Arraitz-Orkin, Arrarats, Artieda... Toki horietan guztietan funtzionatu egiten badu, gurean ere funtzionatu dezake. Hauek gai badira, Deba eta Itziarren ez da ezinezkoa izango.


Duela ia hogei urte ezezkoa eman zioten erakundeek banaketa espedienteari. Ezezkoa eman eta irtenbide alternatiborik eskaini ez. 19 urte pasa ditugu arazo honekin bueltaka.


Auzo-udalarekin bigarren aukera bat sortzen da guztiontzat. Duela 19 urte ez zen jakin negoziazio bat aurrera eraman eta guztiontzako onargarria izango litzatekeen irtenbide bat adosten. Orduko hartatik asko ikusi eta ikasi ahal izan dugu guztiok. Besteak beste jarrera on bat eta elkarlanerako gogoa ezinbestekoak izango zaizkigula konponbide batetara iristeko.


Iruditzen zaigu erakundeak herritarren arazoak konpontzeko daudela, eta badutela garaia euren lana egiten hastekoa. Bigarren hau aprobetxatzen ez badugu, agian, beste 20 urte beharko ditugu hirugarrenaren zain.


Erantzun

Sartu