Teknologia albisteak
5

Zarautzen 23.000 biztanle, 15 ileapaindegi eta liburu denda bakar bat

Erabiltzailearen aurpegia
Garoa liburu denda
2009-10-26 : 13:10

Joxe Aranzabalek dioen bezala hasi da dantza. Hainbeste denbora zain egon garen doinuak entzuten hasi gara, baina zoritxarrez musika honek ez digu dantza egiteko gogorik pizten. Dantzalekuan arrotz sentitzen gara nahiz eta mugimendu eta pausuak ezagutu. Badirudi liburu dendek datozen dantzaldietarako ez dutela gonbiterik jasoko eta honek izutu egiten gaitu. Erabakiak hartzeko unea iritsi da.

Badirudi liburu elektronikoen merkatua mugitzen hasia dela. Nahiz eta irten berri diren Barnes&Noble liburu dendaren Nook eta Kindle irakurle elektronikoa katalizadore batzuk besterik ez izan, merkatua aldatzen doa. 2009. urtean liburu digitalen salmenta hirukoiztu egin da eta oraindik negozio maila ahula izan arren, etorkizuna bideratzen doa.

Garoa liburu dendan errealitate honetan sartu nahi dugu baina oso zaila egiten ari zaigu gure lekua aurkitzea. Hasieran genuen baikortasun hori desagertzen doa. Hamalau ikastaro ezberdinetan jzan gara aurtengoan, bidean bi postgradu burutu ditugu (Euskal Kulturgintzaren transmisioa Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean eta Comunicación Corporativa Digital Alcala de Henareseko Unibertsitatean) eta liburu denden etorkizunaz galdetu dugunean aholku ezberdinak jaso ditugu: irakurketa moduak aldatzen ari direla eta espabilatzeko, belunaldi digitalak bidean direla kontuan hartzeko, sarean murgildu behar dugula edo negozio modeloak aldaketak jasango dituenez begiak ireki eta ahal dugun neurrian prestatzeko.

Hala eta guztiz ere, gero eta ezkorragoak gara liburu denden etorkizunaren aurrean. Gure ustez, liburu dendek etorkizun digital batean ez dute lekurik izango. Orain arte balio izan dugun moldeari eusten jarraitu beharko diogu. Baina noiz arte heldu ahalko diogu sinesten ez dugun gauza bati? Badakigu zenbat gazte sartzen diren gure liburu dendan eta gure herriko liburutegiaren gazte literaturaren mailegu datuak oso ondo ezagutzen ditugu. Beste tendentzia batzuk nabarmentzen dira eta irakurketa digitalak gorputza hartzen duen heinean, liburugintzak ezarrita dituen maila aldatzen hasten direnean, liburu denden bitartekotzik ez da behar izango.

Hala ere, gure zorionerako edo, digitalizazio prozesua ez da bapatean emango. Bi modeloen konbergentzi bat emango da. Euskal Herrian dugun liburu denda sarean eta bertan irakurleok ditugun ohiturak kontuan hartuz digitalizazio prozesu hau astiroago emango da. Askotan, Estatu Batuetan gertatzen den egoera ispilu gisa hartu ohi dugu, baina nahastuz, sarritan ez baitugu aintzat hartzen Euskal Herrian dugun liburu denda sarea eta liburu dendariaren lana.

Euskal liburu denda sarea amerikarra baino askoz ere indartsuagoa da. Amerikar askok ez dute beraien herrietan liburu denda edo liburutegirik eta teknologiek horregatik dute horrenbesteko indarra eta beharra. Hala ere, kontuz, agian amerikar ispilua ez baita hain ezberdina. Izan ere, 2009. urte honetan azken 5 urtetan adina liburu denda itxi dira. Herri ugari dira liburu dendarik ez dutenak (agian zure herria), beraz norantz ari gara bideratzen?

Dirudienez, 2012. urtean liburu digitalen salmentak %25 irabaziak emango dizkio liburugintza sektoreari (kantitatean ehuneko haundiago bat izango da). Olatu polita da baina guk ez dugu txanperorik olatu honetara igotzeko. Joerak gero eta indar haundiagoa du baina euskal merkatuan ez dago ohol, tabla edo txanperorik oraingoz olatura igotzeko.

Imanol Epeldek esan zigun bezala, zergaitik ditugu gure herrian 15 ileapaindegi eta liburu denda bakarra? Ezagutzen al duzue liburu denda bat irekitzearekin amets egiten duen erromantikorik? Esku bakar bateko hatzak nahikoak dira Euskal Herrian ireki diren lehen belaunaldiko liburu denda berriak zenbatzeko. Aldiz itxi direnak zenbatzeko, eskuetako hatzat eta hanketako behatzak beharko genituzke.

Akaso pittin bat nostalgiko gabiltza, baina garbi esanda, gure premiarik izango al duzue etorkizunean? Liburu denden beharrik izango ote al da?

Erantzuna betiko moduan irakurleak emango digu, ez beste inork.

Oharra: Gure sentimentuak lau haizetara zabaldu nahi izan ditugu, besterik ez. Barne-barneko kezkak dira guzti hauek. Gizabanako orori bezala, etorkizun gertuak zalantza asko sortzen dizkigu eta agian liburuekiko dugun lotura emozionala harlosa bat besterik ez da.

Erantzunak

Sustatu
2009-10-26 : 14:03

Garoakoek aipatzen duten Joxe Aranzabalen hori, hasi da dantza, joan den astean bere blogean argitaratutako artikulu baten ondotik dator. Cc-by-sa lizentziarekin argitaratzen du Joxek Faroan, eta horri esker dakarkigu testu hura hona orain:

Nook irakurgailu digitala iritsi da


Hasi da dantza.
Barnesandnoble (B&N) liburu dendak atzo aurkeztu zuen New Yorken
Nook irakurgailu digitala, eta honek kolokan jar dezake Amazonen
negozio modelo itxia, Kindle irakurgailuaren inguruan eraiki duena.

Hasteko,
Nook irakurgailuak antz handia du Amazonen Kindlerekin, baina
plastikozko teklatuaren ordez, hark ukipen pantaila bat du, zeina
erabil baitaiteke teklatu moduan edo nabigatzaile gisa, liburuak
aztertzeko, berauen azalak ikusiaz batera. Makinak Android sistema
eragilea du barruan, Googlena, e-Pub formatu digital irekia darabil,
baita PDF ere, eta haririk gabe konekta daiteke edozein wi-fi saretara.
2GB memoria dakar, beraz, 1.500 liburu eta aldizkari gorde ditzake
bertan.

AEBetan 259 dolar balio du, Kindlek bezala. Dirudienez,
Google Books Project-eko liburuak ere —mordoa, horietako asko doakoak—
bertan irakurriko dira. Eta azkenik, baina ez azkena, Nook
irakurgailuak aukera emango du liburuak uzteko lagunei, 14 egunez,
baldin eta eurek ere Nook bat baldin badaukate.

B&Nk
merkeago saltzen baditu liburu digitalak, eta aukera ematen badu
liburuak trukatzeko, horrek zalantzan jar dezake Amazonen negozio
modeloa. Dantza hasi baino ez da egin. Etorriko dira ezusteko gehiago,
eta, seguruenik, atseginak.

Eneko
2009-10-26 : 18:12

"Hala eta guztiz ere, gero eta ezkorragoak gara liburu denden etorkizunaren aurrean. Gure ustez, liburu dendek etorkizun digital batean ez dute lekurik izango."


Bat nator zuen hausnarketarekin, bitartekaritza horretan ez dirudi leku askorik izango dutenik.


Izan ere badago nork irakurketa eta lengoia idatzia berak etorkizun gutxi dutela esaten duena: Lengoaia idatzia funtzionalki zaharkitua geratuko dela 2050 urterako edo ahozko kulturara bueltatuko garela .


Liburua inbento moderno samarra da, eta ia XX. mendearen bukaera arte ez da gauza arrunta izan "mundu aurreratua" deitzen dugun etxeetan.


Lehenago ezaguera eta edukiak gordetzeko/trasmititzeko beste euskarri batzuk erabili izan dira, ahozkotasuna adibidez.


Orokorrean liburuak izan ez diren beste moduak erabili izan ditugu nagusiki (ipuinak, kondairak, grafitoak, margoak, eskultura, ...), eta orain beste batzuk CD-ak, DVD-ak, bideoak, mp3ak, ordenagailuak, aipatutako liburu digitalak, iphoneak, ... eta auskalo zer etorkizunean. Baina itxura guztien arabera, nekez paperezko liburu idatziak.


Lengoia idatzia berak ere ez omen ditu 5.000 edo 6.000 urte baino gehiago. Eta gizakion 200.000 urteetan, idazkera eta liburuak modu hedatu eta arrunt batean, esan bezala, 100 urte inguru baino ez. Gauza berria da liburua eta, ia seguru, ez du nagusitasuna mantenduko.


Liburu denden negozioa aldatu egin da, seguruenez ale arraroak izan ezik, paperezko libururik ez delako salduko.


Baina, ez dakit, beharbada aholkulariak (pertsonak) eta topaguneak (toki fisikoak?) beharko ditugu anabasa berri horretan murgildu eta mugitzen ikasteko? Negozio bide berriak sortu daitezke bide hortatik?


bordaberria
2009-10-26 : 19:06

Agian, begi bistan dugu erantzuna. Pantailak irakurtzeko moduak, Googleek informazio azkarra ematea, arin irakurtzeko ohitura (hitzez saltoka, lapran daramagu begirada pantailetan, ez dugu lasaitasunik,...).

Ez dakit NOOK, e-book, kindle,...baina horretara egokitu beharko gara eta liburu-dendak "deskarga-dendak" izatera pasatuko diren aspaldi Sustatun agertu zen bideo baten bezala.

Dena den, lagun artean liburuetaz hitz egingo balitz janariaz bezala...

xuriken
2009-10-26 : 19:28

Gai honen harira, Andoni Sagarnari irakurri diot Facebook-en Vook delakoaren berri: liburu digitalen, bideoen eta sare sozialen arteko nolabaiteko konbinaketa. Irakurtzeko beste modu bat.

xuriken
2009-10-26 : 19:31

Gaizki jarri dut Andoniren blogaren esteka: Iparrorratza


Erantzun

Sartu