Korta eta ukulu, ganbara eta sabai... Maite Goñiren iruzkinak hitz askoren soka luzea ekarri du. Hitzetako bat ganbara da. Idazten ari naizen saio llabur eta glosen liburuan Lasterbideak deituko diot seguru asko bada ganbararen eta memoriaren arteko loturatik abaiatzen den pasarte bat, memoriari buruzko hainbat esapiderekin osatua.
Hona, segidan, primiziatxoaren adibide laburbildu bat.
Itzala utzi duela esan ohi dugu jendearen memorian arrastoa utzi duen norbaitengatik. Urrutia bertsolariak: Hirurogeita bi urte dira Xenpelar jauna il zala, haren anima mundutik joan zan hemen utzita itzala. Memoriak egin eta memoriara ekarri esaten zaio gogoratzeari. Aresti poetak Maldan beheran: Zure memoriak egin dituzte gaur elizan.
Memoria galtzea ez da soilik ez gogoratzea: bada ondoeza egitea ere. Balentin Barandiaranek: Elizara zihoala memoria galdu zitzaion, ziplo erori zan. Memoratzea, aldiz, kordea berreskuratzea da, nor bere onera itzultzea. Orotarikoak ez baitakar adibiderik, ausart nadin ni neu adibide bat osatzen: Memoratu zenean, zer gertatu zait?, ez nago hilda, ezta? galdetu zuen.
Memoria askatzea esan ohi zaio erdi ahaztuak genituenak gogoratzeari. Frantzisko Iturzaetak: Jaunak zertako egin giñuzen, memoria ondo askatu!
Ganbara deitzen diogu buruari, memoriaren gordailuari. Ustu ezin zan ganbara titulua eman zion Antonio Zabalak Txirritaren bertso eta pasadizoekin osatu zuen liburuari.
Hustu ezin den ganbara da memoria bai indibiduala bai kolektiboa, hustu ezin den ganbara da iraganeko oroitzapenen multzoa, gure herriak bere memoriaren ganbaran gorde ditu han-hemen batu ditudan esapide guztiok.
Ganbara da ukitu sentimental handiko gauzak, txikitako jostailuak, baztertu nahi ez ditugun familiako oroitzapenak, sekula gehiago erabiliko ez ditugun badaezpadako trepetak gordetzen ditugun tokia.
Nolanahi ere, ganbara ez da biltegia bakarrik. Bada gordelekua eta ezkutalekua ere. Baita oroitzapenen mozorro-lekua ere: denboraren patinak itxura aldatzen die oroitzapenoi.
Eta bada gauzak galtzeko lekua ere: behin ganbaran gorde genituen pitxi batzuk ez ditugu, auskalo zergatik, sekula aurkitzen. Halatsu behin ganbaran gorde genituen oroitzapen batzuekin ere.
Memoriaren gordailuari pendraifa esaten diogu gaur egunean. Euskaltzale konprometituek, txiskeroa.