Sustatu logoa Teknologia albisteak

Malalai Joyaren ustez bakeari irain egin diote Nobel Saria Obamari emanez

Mikel Iturria
2009-10-16 11:10

Malalai Joya asko mugitzen da nazioarte mailan eta egun hauetan gure artean daukagu (Donostian, atzo; Iruñean gaur). Goizean elkarrizketa mordoa eskaini ondoren (adibidez, Irutxuloko Hitzari eskainitakoa hemen), berrehun bat lagunen aurrean hitz egin zuen atzo iluntzean Donostiako Pleno Aretoan. Egoera penagarria dela ezagutzera emateko, datu mordoa eman zituen jario handiko andre adoretsu honek.

Publiko artetik, pertsona batek galdetu zion ea zer pentsatzen zuen Obamaren Bake Nobel Sariari buruz:

"Bakeari irain egitea da Obamari Bake Nobel Saria ematea. Gerraren presidenteari eman diote. Zer egin du bederatzi hilabete hauetan Obamak Bakearen alde Afganistanen, Pakistanen, Palestinan...?"

Bi etsai mota dituztela ere gaineratu zuen: barrukoak eta kanpokoak. Azken hauei dagokienez, okupazio indarrek Afganistandik alde egin behar zutela aldarrikatu zuen eta, horretarako, gure laguntza eskatu. Nahi izanez gero, Malai Joyaren aldeko taldearen webgunearen bidez badago berarekin harremanetan jartzeko aukera.

Martin Luther King-en esaldi batekin amaitu zuen ekitaldia, heriotzaren beldur ez dela dioen Malalaik. Izan ere, inoiz itxaropena galtzen ez duen horietakoa baita hezur-haragizko gure heroi berria.

Zuzendari daniar batek eginiko ordubeteko erreportaje batera daraman lotura uzten dizuet honen azpian. Dokumentala saritua izan zen Sundance Festibalean eta TVE2 kateko Documentos TV saioak emititu zuen duela zenbait urte.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu