Sustatu logoa Teknologia albisteak

Sagardo Astea Igartubeiti Baserri Museoan

Kizkitza Ugarteburu
2009-10-10 10:10

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kultura eta Euskera departamentuaren eskutik, Igartubeiti dolare-baserri hau zaharberritu du, baserriaren urrezko aroko, hau da, gure historiako garai jorienetako, adierazle bikaina berreskuratzeko eta gure arbasoen bizimodura hurbiltzeko asmoz. Museo bizia izateko sortua denez, eta aurreko esperientzien arrakasta kontuan harturik, XVI. mendeko baserritarren ohiko prozedura jarraituz, dolareko lana berreskuratu eta jendeari jarduera haren berri zuzenean eta zehatz-mehatz eskaintzea erabaki dugu.

XVI. mendeko zurezko egitura hau indarrez bihurritzea, sagarraren usaina eta lehen muztioaren lurruna, aspaldiko lan baten lekuko izatea... jardun honetan dena da zirraragarri.

Ekintzak:

Zanpaketak

Sagar zanpaketak egunero izango dira, goizez. Asteburu eta Pilarika egunean goizez bi zanpaketa egingo dira, eta arratsaldez beste bat izango da.

Zanpaketa bakoitza baino lehenago 50kg sagar gehituko dira kirikoketa erakustaldi bat egiteko. Asteburuan ordea, Jo ala jo elkartekoek kirikoketa egokiak egin ditzaten, 150kg sagar gehituko dira zanpaketa bakoitzaren aurretik.

Antzezpenak

Ezkio-Itsasoko eta Yartu elkarteko kide diren bost bizilagunek, XVII. mende hasieran baserrian bizi izandako Kortabarria familia antzeztuko dute.

XVI. mende bukaerako eta XVII. mende hasierako janzkerekin jantziak, baserria erakutsiko diete bisitariei eta beraien zereginei buruz hitz egingo diete. Bisitariak elikadura, sagardogintza, ohe- jantzi eta ehun, altzari konponketa, lanabes eta egur egitura, ereitea, baratzeko produktuei eta abarrei buruzko arloetaz jabetuko dira.

Sagardoa kirikoketa erritmora

Arizkungo Jo ala Jo taldeak sagarrak kirikoketa erritmoan zanpatuko ditu, larunbat, igande eta astelehenean, urriaren 10, 11 eta 12an. Kirikoketa, pisoiekin, sagarra txikitzeko mazoekin egiten den txalapartaren aldaera da.

Antzina dolare baserrietan ohikoa zen ohitura hau, Igartubeiti Baserri Museoan gogora ekarriko da, usadio zaharrak berreskuratu eta ikertzen dituen kultur elkarte honen eskutik.

Hazitik lihora erakustaldia

Segurako Plaza Zaharreko Lagunen Elkarteak Hazitik lihora erakustaldia eskainiko du urriaren 12an, Pilarika egunean, 16:30etatik aurrera. Agor-lihoa landuko dute, lihoa egiteko beharrezko haria lortzeraino. Prozesu osoa irudikatu dute, garaiko arropak jantzi eta, pausoz-pauso, xehetasun guztiekin azalduko dute lihogintza.

Gipuzkoako sagardotarako sagarrak hitzaldia

Ignacio Javier Larrañaga, Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuko Fruitu Garapenerako teknikariak Gipuzkoako sagardotarako sagarrak hitzaldia eskainiko du urriaren 14ean, arratsaldeko 19:00etan, Igartubeitiko Interpretazio Gunean, aurtengo sagardo asteari amaiera emanez.

II. Sagardo Astea Argazki Digital Lehiaketa

Urriak 10, 11 eta 12an II. Sagardo Astea Argazki Digital Lehiaketa antolatu dugu. Ikus informazioa eta oinarriak.

Sagar erakusketa

Ezkio-Itsason bildutako sagar bariedadeak ikusgai izango dira sagar astearen baitan: argentina sagarra, pinoi, errege gaxie, txori sagarra, mendeun sagarra, golden, madari sagarra eta limoi sagarra, besteak beste.

Yartu elkarteak, Ezkio-Itsasoko udaletxearen laguntzaz antolatutako erakusketa, baserriko ezkaratzean dago kokatua.

Egitaraua

Larunbata 10, igandea 11, astelehena, 12: 10:00-14:00 / 16:00-19:00

  • Zanpaketa, antzezpena eta kirikoketa: 11:00etan, 12:30etan eta 17:00etan.
  • Bertsolariak eta albokaria
  • Trikitilariak
  • Talogileak

Astelehena, 12: 16:30 Liho prozesuaren erakustaldia, Segurako Plaza Zaharreko Lagunen Elkartearen eskutik.

Asteartea 13: 10:00-14:00 / 16:00-19:00

  • Zanpaketa: 11:30etan Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroako ikastetxe, jubilatu eta euskaltegiei zuzenduta.
  • Zanpaketa: 17:00etan Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroako ikastetxe, jubilatu eta euskaltegiei zuzenduta.

Asteazkena 14:

  • Zanpaketa: 11:30etan Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroako ikastetxe, jubilatu eta euskaltegiei zuzenduta.
  • 19:00. Gipuzkoako sagardotarako sagarrak hitzaldia Ignacio Javier Larrañaga Fruitu Garapenerako teknikaria. Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentua. Gipuzkoako Foru Aldundia

Jende kopuru murriztua

Segurtasun arrazoiak direla eta, prentsaldia egiten den gunean, lehen solairuan, sarrera murriztua izango da eta ez da erreserbarik onartzen. Dena dela, bitartean bisitariek interpretazio zentroa ezagutzeko aukera izango dute.

Igartubeitira nola iritsi

Igartubeiti baserri museoa Ezkion kokatuta dago, (Ezkio bidea, 1KM) hau da, Ormaiztegi eta Zumarraga artean.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu